Ekintza sindikalerako gida berri bat sortu du LABek, makinek segurtasun bermeak bete ditzaten bermatzera begira. Laneko arriskuen atzean prebentzio legea betetzen ez dela gogoratu du sindikatuak, eta horretan patronala eta instituzioek eskutik helduta doazela salatu du.
Langileen bizitza eta osasuna bermatzeko bere etengabeko ahaleginean, protokolo berri bat sortu du LABek, enpresetako makinek segurtasun bermeak eman ditzaten sortua eta langileek ekintza sindikalaren bidez hori betearazi dezaten pentsatua. Prebentzio legea ez betetzeagatik sortzen diren lan-istripu askoren artean harrapatzeak dira ohikoenak, eta halakoak ekiditeko sortu dute gida, Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak azaldu duenez.
“Ez du txosten teknikoa izan nahi, nahiz eta oinarri tekniko sendoa duen; ez du txosten juridikoa izan nahi, nahiz eta berme juridikoak ere eskeintzen dituen. Protokolo hau ekintza sindikala erabiliz lan osasun eskubideak bermatzeko gidaliburua da”, azaldu du Iriartek.
Prebentzio delegatuei zuzendutako gida da, eta, oso modu errazean, hainbat urrats proposatzen ditu helburu batekin: enpresak makina egokitu dezala segurtasun bermeak eskaintzeko, arauak agindutako epeak betez.
1215/1997 Errege Dekretua du oinarri gidak. Izan ere, dekretu horrek makina zaharrak eta berriak barnebiltzen ditu, eta gutxieneko segurtasun bermeak zein diren zehazten. Horrez gain, IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren antzeko ekintza sindikala proposatu du LABek. Segurtasunari lotutako atalak betetzen ez badituzte, neurriak hartzen joango dira langileak, eta falta larriak baldin badude, alde bakarrez makinak geratuko dituzte.
Honako hauek izango dira urratsak:
- Ordezkariak makinari kontrol-zerrenda egingo dio, eta, arriskuen arabera, enpresari dokumentuak igorriko dizkio.
- Enpresari 15 eguneko epean makinaren dokumentazioa eta manualak emateko eskatuko zaio.
- Kontrol-zerredak arriskuren bat azaleraten badu, arriskuen komunikazoa erregistratuko dute langileek, konpontzeko 15 eguneko epea emanda. Epe hori igarota enpresak makina egokitu ez badu, langileek salaketa jarriko dute Lan Ikuskaritzan.
- Arriskuaren larritasuna nabarmenagoa bada, edo aurreko epeak agortuz gero, Lan Ikuskaritzari legearen 44. artikulua ezartzeko eskatuko zaio, eta, hala, ikuskaritzak urgentziazko prozeduraz makinaren gelditzea gauzatuko du.
- Kasurik larrienetan, alde bakarrez, ordezkari sindikalak edo langile batzordeak 21.artikuluaren prozedura ezarriko dute, eta makina geldiarazi eta zerbitzuz kanpo utziko dute.
Urratsak progresiboak izango dira, eta Lan Ikuskaritzaren aurrean dokumentatuak, langileek segurtasun berme guztiak bete dituztela frogatzeko. Prozedura Lan Ikuskaritzarekin landuta eta kontrastatuta dago.
Oinarrian, prebentziorik eza
Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduradunak lan osasuna “lehen lerroko auzia” sela nabarmendu du. “Egunero gaixotzen da langileria lanean, baina gehien-gehienei ez diete onartzen gaixotasun horien jatorria lana dela. Egunero dozenaka lan istripu gertatzen dira, eta, zoritxarrez, askok ondorio larriak dituzte: lesio oso larriak edo langileen heriotza eragiterainokoak. Horien artean nabarmentzen dira erorketak eta harrapatzeak, gehienbat eraikuntzan; azken urteetako datuek hori erakusten dute”, azaldu du.
Istripuok, nagusiki, prebentzio legea betetzen ez delako gertatzen dira, Muniozgurenek gogoratu duenez: “Prebentzio ezaren arazoa ez dugu sindikatuok bakarrik seinalatu. Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako txostenak argi adierazten du enpresen %80ak ez duela betetzen prebentzio legea”.
Hori horrela izanik, prebentzio legea zergatik ez den betetzen azaldu du Muniozgurenek. Batetik, patronalak erantzukizunek ez duela hartzen eta helburua “langileon osasunaren kontura mozkinak handitzea” duela salatu du. Eta, bestetik, instituzioek prebentzio neurriak bete daitezen behar besteko indarrik ez dutela egiten deitoratu du. “Hori agerian geratu da mutuei eskumenak handitzeko hartu diren neurrietan: Espainiako Gobernuak jada onartu du kontingentzia arrunten kontrola eta artapena mutuen esku uztea, eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua lege hori garatzeko akordioak lortzen ari dira. Horrekin urrats bat gehiago egin da langileon lan osasuna esku pribatuetan uzteko, etekin ekonomikoak lehenetsiz osasun irizpideen gainetik”, azaldu du.
Lan Ikuskaritzaren egitekoa ere aipatu beharrekoa dela gogorarazi du: “Beharrezkoa da ikuskari kopurua handitzea eta lana eraginkortzea, baina erabaki politiko ausartak behar dira; Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, patronalari ez diote aurre egin nahi. Ondorioz, patronala eta instituzioak elkarren besotik doaz berriro”.
Finean, absentismoaren inguruko oldarraldiek eta mutuei eskumen gehiago emateak helburu garbia dute, Muniozgurenen arabera: “Langileak, gaixorik edo ondoezik badaude ere, lanera joan daitezen”.

