2026-02-03
HomeEkintza SindikalaLABek 600.000€ko kalte-ordaina lortu du eraikuntzako “autonomo” batentzat, lan-istripu larri baten ondoren

LABek 600.000€ko kalte-ordaina lortu du eraikuntzako “autonomo” batentzat, lan-istripu larri baten ondoren

LABek aurrekaririk gabeko akordio bat lortu du eraikuntzako langile batentzat hiru metroko altueratik erori zena. Obran detektatu ziren segurtasun-gabezi larriak eta erorketen aurkako babes-neurri ezak. Obraren enpresa titularraren aseguru-etxeak 600.000€-ko kalte-ordainarekin konpentsatuko du langilea.

2023an, langile batek lan-istripu oso larria izan zuen, hiru metroko altueratik lurrera erori zen, eta horrek ondorio ugari, larriak eta etengabeak eragin zizkion. Langile horrek eraikuntzan betetzen zituen bere eginkizun profesionalak obraren titularrak azpikontratatutako enpresa batentzat, praktikan kooperatiba faltsu bat bezala funtzionatzen zuena. Epaitegiak ez zuen onartu kooperatibista faltsua zenik, eta autonomo izaera onartu zioten.

Hala eta guztiz ere, bigarren auzi-eske baten ondoren, LABek berriki lortutako inoiz ez bezalako akordio batean, onartu da erortzeko arriskuaren aurrean babesteko neurri kolektiborik ez zegoela; arnesa ainguratzeko gunerik ez zegoen eta enpresa kontratistak ez zuen bete obraren Segurtasun eta Osasun Plana. “Azken finean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea nabarmen ez betetzea, nahitaezko segurtasun-neurririk ez izatea eta obra behar bezala ez antolatzea”, adierazi dute LABetik. Hori dela eta, enpresa titularraren aseguru-etxeak 600.000€-ko kalte-ordaina emango dio langileari, jasandako ondorio medikoengatik.

Adostutako kalte-ordaina bereziki garrantzitsua da, judizialki lan-harremana aintzatestea lortu ez zen arren, erreklamatutakoaren pareko ordain ekonomikoa lortu baita. Aseguru-etxeak hain konpentsazio handia onartzeak agerian uzten du eragindako kaltearen larritasuna eta Lan Ikuskaritzak atzemandako segurtasun-hutsuneen garrantzia. Langile “autonomoa” izanik, ezohikotzat jo liteke lortutako akordioa, baina lortu izanak agerian jartzen du eskubideak eta segurtasuna ezin direla kalifikazio formal baten menpe egon.

LAB sindikatuaren jarrera irmoa ezinbestekoa izan da akordio hau lortzeko, bide guztiak sindikatuak hasi baitzituen: Lan Ikuskaritzaren ikerketa, kalteen balorazio zehatza eta langilearen benetako egoera egiaztatzean irautea. Hori guztia erabakigarria izan da lortutako emaitzara heltzeko eta langilearentzat eta bere ingurunearentzat duintasuna eta babesa bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta CGTk salatzen dute legea saihesteko eta langileria mehatxatzeko VW Nafarroaren, UGTren eta CCOOren jarrera

ELA, LAB eta CGT sindikatuetatik salatu nahi dugu, onartezina delako, VW Navarra, UGT eta CCOOen jokabidea; izan ere, VW-Nafarroako kontratazioan Legea ez betetzeagatik Lan...

EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du LABek

Akordio honekin maizterren eskubideen aurka egiten dute jeltzaleek, egoera ziurgabean dauden herritarrentzako inolako alternatibarik eskaini gabe.  EAJk Espainiako Gobernuarekin adostu du etxejabe txikiek egoera zaurgarrian...

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak artikulatzen jarraitzeko borrokarako tresna berritua aurkeztu du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak

LABek konpromisoa hartzen du honen zabalpenean. Autodefentsa feministako aldarrikapena izan da erdigunean eta indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa indartu eta ekarpen zein aldarrikapen politiko gisa. Protokoloa...