2026-03-14
HomeEkintza PolitikoaLAB, udal alarde publiko eta feministaren alde

LAB, udal alarde publiko eta feministaren alde

Hogeita bederatzi urte pasa dira gudariz jantzitako emakume* talde bat Irungo alardeko zenbait konpainiaren lerroetan sartzen saiatu zenetik. Helburua: emakume* irundar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izatea.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Izan ere, argi esan behar da: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira, eta, horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen du LABek.

Hogeita bederatzi urtez ukazio, gatazka, indarkeria, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu dugu, eta, oraindik ere, ez da konponbidera bidean jarriko gaituen ekinbiderik egin udal gobernutik. Alarde baztertzailea eta berau babesten duten alderdi politiko eta enparauak emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza, urterik urte. Esku hartzerik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da, eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea. Urte hauetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker aldaketarako aukerak sortu dira, ordea.

Orain bi urtekoa izan zitekeen aldaketarako aukera paregabea. Izan ere, lehen aldiz alkateak alarde publikoa hartu zuen San Juan plazan sartu zenean. Iazkoa ere izan zitekeen, Laborda alkateak ere hartu baitzuen alarde publikoa udaletxera iritsi zenean. Hala ere, adierazi zuen jarrera ezaxolatiak eta prentsan egindako adierazpen lotsagabeek nabarmen utzi zuten mugimendu feminista dela, oraindik
ere, eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra.

Gatazkari konponbidea emateko udal gobernuaren konpromiso eta borondate falta agerikoa da, beraz. LABek eskaera zehatza egin nahi du: alardea udaletxeak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.

Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dago egoera aldatzeko inolako konpromiso politikorik.

Lortutako aurrerapenak eta askatasunak arriskuan diruditen garai nahasiotan udal alarde publiko eta feminista baten alde antolatzen eta borrokatzen dabiltzanei bere eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie LABek. Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan, ezta alardean ere, bazterketarik onartzeko prest.

Gora udal alarde feminista eta bakarra! Gora borroka feminista!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan ELA, LAB,...