Aurrerapausorik ezean, apirilean lanuzteak egingo ditu udaletxe guztietan eta mobilizazio dinamika indartuko du
Martxoaren 13an egindako zazpigarren negoziazio mahaian berretsi zen Udalhitzeko negoziazioa blokeatuta dagoela, EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela gehiengo sindikalak babesten dituen edukiak mahai gainean jartzeko borondaterik, eta ondorioz, azarotik ez dela aurrerapauso nahikorik egon.
Hori dela eta, LABek gaur mobilizazioak egin ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde guztietan, 29 udaletxeren aurrean. Halaber, mobilizazioetan berretsi du apirilean lanuzteekin eta mobilizazio dinamikarekin aurrera egingo duela, edukietan aurrerapausorik ez badago.
Izan ere, LAB sindikatuak otsailaren 26an mobilizazio dinamikari hasiera eman zionean adierazi zuen EUDELek mahaian aurkeztuko dituen proposamenen eta alderdi politikoen negoziatzeko borondatearen arabera baloratuko zuela mobilizazioak areagotzea. Gaur-gaurkoz, ordea, LABen ustez negoziatzeko borondate gutxi dago eta bileraz bilera luzamenduetan ari dira.
Udalhitzeko negoziazioaren seigarren bileran, otsailaren 27an, EUDELek hainbat gairen inguruko proposamena aurkeztu zuen. LABen aburuz, proposamen horiek oso orokorrak dira, zehaztasunik eta epe konkreturik gabeak, eta zenbait kasutan onartezinak. Esaterako, udalek absentzien plan bat izatea, patronalek absentismoaren inguruan duten mezua bere eginez, eta plana ordezkari sindikalekin negoziatu gabea izatea. Negoziazioek aurrera egin ahala, ez da ia zehaztapenik egon, eta sindikatuok gaitzetsi dugun absentzien plana ez dute proposamenetik kendu.
Euskararen gaian, gainera, gehiengo sindikalak babestu duen EH Bilduren proposamena baztertu du EAJk, eta PSErekin adostutako proposamena inposatu nahi du. LABetik adierazi genuen euskararen auzia lehentasunen artean kokatzen dugula eta ezinbestekotzat jotzen dugula. Negoziazioan aurrera egiteko, LABek honako proposamenak egin zituen, baina EAJk ezezko borobila eman zien, parlamentuko eztabaida aitzakia gisa erabiliz:
• Enplegu publikoan lehen aldiz sartzeko, euskara eta gaztelania parekatzea, eta lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data ezartzea.
• Gaur egun lanean ari diren langileen kasuan, tokian tokiko hizkuntza plangintzak egitea, lanpostu guztiek %100ean hizkuntza eskakizuna izan dezaten eta hori egiaztatzeko aukera bermatzeko. Plangintza horrek zehaztuko luke zein lanpostuk izango luketen salbuespena, derrigortasuna atzeratuz.
Negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi igaro da, eta negoziazio mahaia 2025eko apirilean eratu zenetik ia urte bat igaro den arren, EAJren aldetik edukietan sakontzeko borondate gutxi dago. Gogoratu behar da 16 urte beteko direla Udalhitzeko lan-hitzarmena sinatu zenetik, eta ordutik ez dela berritu.
Euskararen normalizaziorako neurriekin batera, hauek dira LABek Udalhitz berrirako zehaztutako lehentasunezko edukiak:
1- Negoziazio-marko propioa.
2- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak sustatzea.
3- Enpleguari lotutako neurriak.
4- Gazteberritze planak.
5- Jardunaldiaren murrizketa.
6- Lanpostuen balorazioak egitea.
7- Soldata igoerak.
8- Klausula feministak.
9- Euskararen normalizaziorako neurriak.
10- Lan osasunerako neurriak.
11- Trantsizio ekosozialerako neurriak.
12- Kolektibo espezifikoetarako neurri zehatzak adostea.
Beraz, LABek gaur mobilizazioak egin ditu mahaia edukiz betetzea exijitzeko, eta iragarri du edukietan aurrerapausorik egon ezean apirileko lanuzteei eutsiko diela.

