2024-04-25
HomeGobernu BerriaLAB: «Ez da posible krisitik ateratzea, Urkullu jaunak egin asmo duen moduan,...

LAB: «Ez da posible krisitik ateratzea, Urkullu jaunak egin asmo duen moduan, krisira eraman gaituzten politika berdinak eginez»

Lehen neurri gisara Madrilek murrizketa sozialekin, aurrekontuetan eta pentsioetan, negoziazio kolektiboan eta enpleguan ezarritako neurriak hemen ez daitezela aplikatu exijitu du gaur LAB sindikatuak prentsaurrekoan.

Lehendakari berriaren kargu hartze saioan Urkulluk egindako interbentzioaren gaineko LABen irakurketa eta sindikatuak luzaturiko enplazamendua


INTERBENTZIOAREN GAINEKO IRAKURKETA

A.) TESTUINGURU SOZIOEKONOMIKOA

Urkulluren inbestidura saioko diskurtsoaren irakurketa egin nahi dugu, Gobernu berriak aurre egin beharreko testuinguru ekonomiko, politiko eta soziala zein izango den kontuan hartuta.

Egoeraren ezaugarriak honakoak dira:

-Langabeziaren etengabeko gorakada

-Alditik aldira orokorragoa den bazterketa sozial, kalitate eskaseko lanpostuen ondorioz zein enplegu suntsiketaren ondorioz.

-Helburu neoliberalei erantzuteko xedea duten politika publikoak: finantza espekulazioa, banka salbatzea, zorraren interesak ordaintzeko lehentasuna, sektore publikoaren suntsiketa, produkzioa antolatzeko botere osoa enpresariei ematea…

-Zerbitzu publikoen suntsiketa eta pribatizazioa.

-Espainiako Gobernu desberdinen eskutik herriarentzat eta langile bezala ditugun interesentzat ezin okerragoak diren politiko ekonomiko eta soziolaboral batzuk inposatzea.

Hori guztia kontuak hartuta, esan dezakegu arazoak konpondu beharrean, gero eta larriagoak direla. EZ DAGO MODURIK KRISITIK ATERATZEKO KRISIRA ERAMAN GAITUZTEN POLITIKA BERDINAK APLIKATUZ, URKULLU JAUNAK EGIN ASMO DUEN MODUAN”.

Gobernuaren ekinbideak eta norabideak zutabe sendoak behar dituzte, politika ekonomiko eta sozialak norabide berri batean jarriko dituztenak, modu justuago eta solidarioago batean. Hori gabe, proposatu dituzten neurriak tresna ahulak izango dira, miseria kudeatu eta egungo egoerari partxeak jartzeko besterik balioko ez dutenak.

Egoerak, beraz, sakoneko neurriak eskatzen ditu. Pertsona guztiek baldintza berdinetan beren bizitza duintasunez garatzea ahalbidetuko duten apustuak behar dira. Eta horretan ere ez du Urkulluk asmatu.

B.) INBESTIDURA DISKURTSOARI KRITIKA

Lehendakariaren diskurtsoa irakurrita, honako ondorioetara iristen gara:

Testu osoan ez dago inolako aipamenik orain arte gauzak nola egin direnaren inguruan. Beraz, Estatutik ezarritako erreforma eta murrizketak eta berdin Patxi Lópezen aurreko Gobernuak egindakoak, asumitu egiten dira.

Gure ekonomiaren, enpleguaren, ehun produktiboaren suntsiketaren, aberastasunaren banaketak duen defizitaren edota autogobernuarentzat egungo konpetentzia gaitasuna suntsitzearen inguruko benetako arazoen gaineko diagnostiko seriorik ez da egiten; gauzak dauden moduan daudela onartzen dute, ekidin ezin den fenomeno meteorologiko bat bailitzan.

Egungo egoeraren erantzuleei ere kritikarik ez, ezta zeharka bada ere. Alabaina, egoeraren erantzule ez garen langileei eta jendarteari, orohar, ahaleginak egiteko eskatzen zaigu.

Intentzio adierazpen soil bat egiten da, irizpide batean oinarrituz: sektore publikoa ekimen pribatuarekiko subsidioarioa dela eta gainera, sektore publikoak ez duela enplegua sortzen; patronala lehenetsi behar da, patronalak bakarrik sortzen dituelako lanpostuak, berdin izanik zein baldintzatan eta kalitatezkoak izan ala ez.

Ez dago konpromiso bakar bat ere datu konkretuak mahai gainean jartzen dituenik, datak edota finantziazioa zehaztuta dauzkanik; tesi neoliberalekin duten konpromisoa estali edo lausotu nahi dute, elkarrizketarako eta negoziaziorako mezuak emanez, zehaztasunik eta sakontasunik gabeak diren mezuak, hain zuzen ere.

Harrigarria bada ere, zifrekin zehaztutako helburu bakarra, eta inolako elkarrizketa eta akordioriorako proposamenik gabe planteatu dutena, sektore publikoa %20 murriztu eta berrantolatzeko xedea izan da. Premisa horrekin, beraz, Urkulluren Gobernua Raxoi lantzen ari den erreformaren norabide berean jarri da.

Beraz, Gobernu berriak euskal kontu publikoen kudeaketa eremua zabaltzeko hautua egin du, PPrekin akordioa, abian den akordioa, besteak beste, Euskal Kutxak likidatu eta pribatizatzeko bidean.

Gobernu berriaren abiapuntua da, hortaz, orain arteko bideari segida ematea; botika berdina baina dosi handiagoetan, botikak berak sortu duen gaitza sendatzeko.

Aipatutako arazo sozial eta ekonomiko larriek ez dute konponbiderik izango Lehendakari berriaren Gobernu ekintzarekin; eta hobetzen ez denak okerrera egiten du.

Jarraian gure enplazamendua Gobernu berriari, benetan duen ardura bere egin dezan egungo politika publikoak, egunetik egunera behartsuago egiten gaituztenak, aldatu eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko eremu politikoan, ekonomikoa eta soziolaboralean.

Lehendakari berria bide txarretik hasi dela ikusita, EAEko Legebiltzarrari zabaltzen diogun deia da:

LABen Proposamena Gobernu berriari eta EAEko legebiltzarrari

C:) PROPOSAMENA GOBERNU BERRIARI ETA EAEko LEGEBILTZARRARI

EAEKko hauteskundeen emaitzak aukera ematen digu Euskal Herrian gauzak beste modu batera egiteko. Ezin dugu etengabe Madrilera begira jarraitu, hango erabakiak asumitzen jarraitzerik ez dago, ondorio larriak izaten ari baitira euskal langileen interesen kaltetan eta bertako ehun produktiboaren garapenean, gure zerbitzu publikoen hobekuntzan eta gure ekonomiaren internazionalizazioan.

EAEeko ordezkaritza instituzinal berriari eskatzen diogu apustu egin dezala herri bezala Europan kokatzeko, ahots propioarekin, europar eraikuntza prozesuan, gure errentaren antzekoa duten Europako gainerako herrialdeetako enplegu indizeetara, babes sozialera, presio fiskalera eta gastu sozialera hurbilduz geure herria.

Madrilgo erabakiak ontzat emateak pobreziara garamatza langile gisa eta herri bezala, eta estrategia horri amaiera emateko gai izan behar dugu. Horregatik, honakoa diogu:

Madrilen aurrean planto egin behar dugu.

Ezinezkoa da Euskal Herrian alternatiba propioa eraikitzea espainiar Gobernuaren erabakiei aurre egin gabe. Horregatik, LABek lehen neurri gisa Gobernu berriari exijitzen dio Madrilek murrizketa sozialekin, aurrekontuetan eta pentsioetan, negoziazio kolektiboan eta enpleguan ezarritako neurriak ez daitezela hemen aplikatu.

PSEren aurreko Gobernuak eta gainerako instituzioek ezarritako murrizketa neurriak atzera botatzea.

Babes sozialean, osasungintzan, hezkuntzan, zerbitzu sozialetan eta aurrekontuetan ezarritako murrizketak atzera botatzea. Atzera egitea nola soldatetan ezarritako murrizketetan, hala administrazioko nahiz zerbitzu publikoetako langileen lan baldintzen okertzea ekarri duten neurrietan.

Data, aurrekontu eta konpromiso zehatzak jasotzen dituen Gobernu programa bat aldarrikatzen dugu, honako materia hauei erantzungo diena:

-Aurrekontuak garatzeko irizpideak aldatu beharra dago. Aurrekontuak landu aurretik lehentasunak erabaki behar dira eta lehentasun horiek eskubide sozialak bermatu, kalitatezko enplegua sortu eta euskal ehun produktiboa garatzera bideratuak egon behar dute.

-Ekitatea fiskalitatean. Zergen ordainketa egiterakoan, errentak eta ondareak, jatorrian bereizketarik egin gabe, zergen eskala progresibo batean tributatu behar dute; halaber, iruzur fiskalarekin eta zergak ekiditeko teknolokia finantzieroekin amaitu behar da.

-Inbertsio publiko eta pribatua egiterakoan gure ehun produktiboaren garapena lehenetsi.

-Zerbitzu publikoen garapena lehenetsi, zerbitzu horien unibertsaltasuna bermattzeko eta kalitatezko enplegu publikoa sortzeko.

-Zerbitzu sozialen sare publikoa eraiki, aurrekontu publikoekin finantzatua, pobreziaren mugaren gainetiko Oinarrizko Errentaren bermearekin.

-Kalitatezko enplegu publiko eta pribatua sortzea, ekonomia suspertzeko soldatak nabarmen hobetzea ekarriko duten estrategien bidez, Europako Gutun Sozialaren araberako lanbide arteko gutxieneko soldata ezarri, lanorduak murriztu eta berrantolatu, horrela enplegua sortu eta norberaren bizitza eta bizitza laborala kontziliatu ahal izateko.

-Euskal finantza sistema publikoa sortzea, inbertsio publiko eta pribatuak finantzatukoi dituena, I+D+I hobekuntzak sustatuko dituena. Era berean, ehun produktiboa indartzea ekarriko duten azpiegitura publikoak garatzea. Hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa da Euskal Kutxak-Kutxabank pribatizatzeko prozesu burugabea atzera bota eta euskal esparrua blindatzea.

-Murrizketen aurrean eta espainiar Gobernuen aldetik datozen inposaketei planto egitea. Azken urteetan administrazio ezberdinen zerbitzu publikoetan ezarritako murrizketei amaiera eman beharra dago.

-Burujabetza. Ez dago aitzakiarik, jar ditzatela martxan behar diren ekimen politiko eta demokratiko guztiak erabakitzeko gaitasun osoa eskuratzeko, gai ekonomikoetan eta soziolaboraletan, eta has daitezela berehala Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eraikitzen.

Hauek dira LABek defendatzen dituen neurriak, EAEko Gobernu berriak nahiz Legebiltzarrak kontuan izan ditzan.

Berriro diogu, alternatibak badaude; gauzak beste modu batera egin daitezke; borondate politikoa falta da benetako arazoei heldu eta erantzun bat emateko. Euskal langileen egoera egunetik egunera larriagoa da eta ezin dugu gehiago itxaron.

Interesgarritzat jotzen ditugu eremu instituzionaletik hartzen ari diren hainbat erabaki, Bilduren ekimenez, fiskalitatearen arloan ondarearen gaineko zergarekin hartutako bidea, edota espainiar Gobernuaren zenbait inposiziori aurre egiteko erabakia. Eta bereziki positibotzat jotzen dugu, bestelako gizarte eredu bat osatu eta behingoz gure erabaki propioak hartzeko eremu politiko, sindial eta sozial soberanista eta ezkertiarra osatzeko eginiko eskaintza. LABek ere norabide horretan egiten du apustu.

Edonola ere, soilik mobilizazio sozialaren bidez lor dezakegu egungo egoera edo testuinguru soziala aldatzea, eta horretan jarriko dugu geure indar guztia.

 

ZERBITZU PUBLIKOEN KONTRAKO ERASOALDIAREN KONTRAKO MOBILIZAZIOEN AGENDA

ABENDUAK 19
– Herrialdeka gobernu delegaritzen aurrean elkarretaratzeak inposatzen zaizkigun neurrietan estatuaren eta PPko gobernuaren erantzunkizuna eta markoaren agorpena salatzeko.

– LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean Hego Euskal Herriko ikastetxeetan mobilizazioak

ABENDUAK 20
– Bizkaiko Foru Aldundiak bere aurrekontuetan zerbitzu sozialen aurka hartutako neurriak salatzeko mobilizazioa Bilbon 10:30etan Udaletxetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.