2026-06-17
HomeEkintza PolitikoaLAB: «Herritarron, langileon txanda da, aktiboki, geure parte hartze eta sostenguarekin aurrera...

LAB: «Herritarron, langileon txanda da, aktiboki, geure parte hartze eta sostenguarekin aurrera egiteko unea dugu»

LAB sindikatuak ongi etorria eman nahi dio euskal preso, deportatu eta iheslarien eskubideen alde sortu den herritar sare berriari. LABen irudiko, aniztasuna oinarri eta ezaugarri izango duen ekimen honek, euskal jendartean eskuz esku saretuz, bultzada berria emango du konponbide prozesuan aurrera egiteko.

Arnas berria da, euskal jendartearen gehiengoarentzat berria ez den aldarrikapen batekin aurrera egiteko: euskal preso, deportatu eta iheslarien auziari behingoz irtenbidea eman eta gatazkaren konponbidean pausoak ematea. Iragan larunbatean Baionako mobilizazioan ikusi bezala, euskal jendartearen gehiengoaren eskaria da hau, orain sare zabal baten bueltan indarrak batzera eraman behar gaituena.

Banan banan bakoitza bere eremutik inplikatuz eta eskuz esku indarrak batuz elikatu eta egituratu behar dugun tresna da SARE. Euskal jendartearen aldarria saretzeko garaia dugu, Madril zein Parisen blokeoaren eta eskubide urraketen aurrean, herritarron, langileon txanda da, aktiboki, geure parte hartze eta sostenguarekin aurrera urratsak egiteko unea dugu.

Bidean da SARE, eta bidean gara, euskal preso, deportatu eta iheslarien eskubideen alde, konponbidearen alde, aurrera egiteko. Sakabanaketa politikekin amaitu, bakartze egoerei amaiera eman, eta euskal preso, deportatu eta iheslari guztiak etxeratzeko urratsak egin behar ditugu. Salbuespenezko neurriekin, dispertsioarekin amaitu, bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten legeak indargabetu, preso gaixoen egoera larriari berehalako irtenbidea eman, hiru laurdenak beteak dituzten presoen kaleratzea lortu… Gatazkaren konponbidea erdietsiko badugu, gatazkaren parte diren katebegi guztiak askatu beharra daude, eta giza eskubideen aldeko dinamikak saretu. Inplikatu gaitezen, urratsez urrats, guztien etxeratzea lortzeko, eta eskubide urraketekin amaitzeko.

Posible da eta lortuko dugu, norberak bere eremuan konpromisoak hartu eta ekinez. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik deia luzatu nahi diegu euskal langile guztiei eta herritarrei orohar, lantokiz lantoki, auzoz auzo, herriz herri, SAREa osatzen joateko, konpromisoak hartuz eta elkarlanean mobilizatuz, adostasunak eraikiz, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde, gatazkaren konponbidea eta bakea lortzeko lan eginez.

Euskal Herrian, 2014ko ekainaren 16an

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.