2025-12-16
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaNafar Gobernuko goi kargu ohientzako osagarria igotzearen aurka gaude, eta irmoki salatzen...

Nafar Gobernuko goi kargu ohientzako osagarria igotzearen aurka gaude, eta irmoki salatzen dugu onartu den igoera

LABentzat soldata-osagarri hori igotzea Nafarroako langile guztientzako iruzur bat da, UPNren eta PSNren gobernuen jokabide ilunak gogora ekartzen dizkiguna. Espero dezagun Gobernu honek ere bide horietatik ez jotzea.

LAB goi kargu ohien erantzukizuna dela-eta ordaintzen den soldata-osagarria igotzearen aurka dago, eta erabat salatzen du erabaki hori, zeinaren bidez Nafarroako Administrazioko goi kargu ohi guztiek (kontseilariek, zuzendari nagusiek eta abar) oinarrizko soldataren %25eko osagarria kobratuko baitute. Igoera hori berreskuratzea iruzur hutsa da soldata jaitsiera nabarmena jasan genuen langile guztientzat. LABen iritziz, onartezina da Gobernua langileen kolektiboaz ahaztea eta, hori gutxi balitz bezala, %25 igotzea bere goi kargu ohientzako soldata-osagarria. Horregatik, erabakia lehenbailehen indargabetzea eskatzen dugu.

Goi karguentzako soldata-osagarria 1996an ezarri zen (orduan, oinarrizko soldataren %10ekoa zen). LABek hasiera-hasieratik gaitzetsi zuen, eta bertan behera uzteko eskatu zion UPNren gobernuari.

2007an, soldata-osagarri hori oinarrizko soldataren %25era igo zen. LABek, berriz ere, publikoki salatu zuen, eta argi utzi zuen erabat kontra zegoela. Handik gutxira krisialdia etorri zen, eta, horrekin batera, UPNko eta PSNko goi karguen dietak zirela-eta azaleratu ziren eskandaluak: izugarrizko dietak kobratzen zituzten enpresa publiko edo pribatuetako administrazio kontseiluetan egote hutsagatik. Kasurik lotsaemangarriena CAN zenarena izan zen.

2011-2012 ikasturtean, egoera makillatzeko eta, aldi berean, diru hori guztia ez galtzeko, politikari maltzur horiek erabaki zuten erantzukizunagatiko soldata-osagarria sortzea eta beren soldata igotzea. Hala, Yolanda Barcina (UPN) lehendakariaren soldata %33 igo zen, Roberto Jiménez (PSN) lehendakariordearena %25, eta kontseilariena %17,6.

Ikusirik Nafarroako langileen kontrako azken eraso eta bidegabekeria, LABek espero du Geroa-Baik ez jotzea UPNk eta PSNk jo zuten bide zikin horietatik. Hori dela eta, Gobernuari exijitzen diogu lehenbailehen utzi dezala bertan behera goi kargu ohientzako soldata-igoera hori.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...