2026-10-01
HomeHerriak du hitza eta erabakiaLAB: “Erabakitzeko eskubideak konpromiso politikoak eta mobilizazio soziala eskatzen du”

LAB: “Erabakitzeko eskubideak konpromiso politikoak eta mobilizazio soziala eskatzen du”

Ikasturteko lehen Nazio Biltzarrean hartutako hainbat erabakiren berri eman du LABek gaur eman duen prentsaurrekoan. Epealdi trinkoan murgildurik, Hauteskunde Sindikalek berebiziko garrantzia izango dutela adierazi du, baina honekin batera, politikoki garai berri bati ateak irekitzeko aukerak inoiz baino argiagoak diren honetan, LABek langileok protagonistak izan gaitezen lanean izango dela esan du.

Estatu erreformaren atarian eta eztabaida eta agenda erabakitzeko eskubideak markatzen duen honetan, LAB sindikatuarentzat gure herriak behar dituen aldaketa politikoak lortzeko bideari bultzada erabakigarria emateko garaia da, eta hori Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialen esku dagoela deritzo.

Erabakitzeko Eskubidea agendaren erdi erdian kokatzen du LABek eta gero eta atxikimendu sozial handiagorekin, Kataluniako prozesuak markatzen duela eztabaida adierazi du. Eskozia ere ez du ahaztu nahi izan, erabakitzeko eskubidearen hauspoak harrotu dituena eta ez dena biharko emaitzekin bukatuko. Sindikatuarentzat Erabakitzeko eskubidea gatazka politikoak konpontzeko tresnarik demokratikoena eta eraginkorrena da.

LABentzat hutsegite historikoa litzateke Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko aukera eta ahalmena Madrilen boterea eta estatu osoan duen kontrola handitzea bilatzen duen erreforma kontituzionalaren esku uztea.

LABek giltza konpromiso politikoetan eta mobilizazio sozialean kokatzen du. Parlamentuan dagoen gehiengo zabalarekin, UPN-PSN behingoz gobernutik botatzeko alternatiba sendo bat artikulatzeko gai bagara eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun gehiengo sindikal eta sozialen lanarekin lor daitekeenaren ustean dago.

LABentzat egoerak aukera handiak eskaintzen ditu: adierazpen bateratua hemen Eskoziako bidearen aurrean, erantzun zabal eta bateratua Konstituzionalak ezetz badio Katalunian, akordio politikoak erabakitzeko eskubidea borrokatzeko erreformaren testuinguruan…

LABek salaketa lan mundura eramango duela adierazi du eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka sindikatuon eskutik indartzeko proposamenak egingo dituela iragarri du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.

Busturialdea eta Lea-Artibai inguruan etxeko langileek bizi duten egoeraz ohartarazi dugu

Eskualde horietan gero eta gehiago dira etxeko langileen lan eta bizi baldintza kaxkarrengatiko salaketak. Azken lau hilabeteetan 32 kasu baino gehiago artatu ditugu LABen. Azkena Gernikako uniformez jantzitako udaltzaingo batek etxeko langile batekin izandako jarrera salagarria izan da.