2026-06-19
HomeEkintza SindikalaKontratazio berrietan diskriminaziorik ez!

Kontratazio berrietan diskriminaziorik ez!

Segurtasun eta eskubide gabeko lan eredu prekarioa ezarri nahi digute; mobilizatzeko gaitasuna eta erantzun sindikala oztopatuko dituen eredua. Patronalari bere dibidendoak eta abantailak betirako bermatuko dizkion eredu bat nahi dute.

Norabide honetan kokatzen dira azken hilabeteetan kontratazio berriekiko ugaldu diren erasoak. Besteak beste, hauek dira esanguratsuenak:

– Asmatutako lan kategoria berrien bidez soldata taula bikoitza ezartzea.
– Estatu mailako hitzarmenaren araberako lan baldintzak arautzea eta, hau ez balego, Langile Estatutuaren arabera.
– Lan baldintza onartezinak (malgutasun handia, guardiak, ordezkapenak, aparteko orduak…).
– Praktika kontratuen erabilpena, nahiz eta aurretik lanean ibili
– Antzinatasun plusa ez aitortu, ezta ordaindu ere. 
– Behin-behinekotasuna, ABLEak, azpikontratazioa… 

Neurri horiekin guztiekin, langile berrien eskubideak erasotzeaz harago, langile guztien lan baldintzak merketu eta prekarizatu nahi dituzte. Guztiok argi izan behar dugu hori: ez da soilik printzipioen kontu bat edo elkartasun ariketa hutsa. Enpresak, langile berriei baldintza prekarioak ezarriz, langile guztien lan baldintzak erasotu nahi ditu. Langile berriak —langileen artean egoerarik ahulena dutenak—, berri izate hutsagatik lan baldintza okerragoetan sartzen diren bitartean, zaharrek ez dituzte sekula beren lan baldintzak hobetuko. Asko jota, hurrengo borrokak langileen arteko desberdintasunak gutxitzera mugatuko dira, hortaz, enpresariak benetan bilatzen duen helburua guk geuk bermatuko dugu. Azken helburua, enplegu duina prekarioagatik ordezkatzea da, jubilazio edo kaleratzeen bidez.

LAB ez dago egoera hau onartzeko prest. Neurri bidegabeak dira, eta gainera, ez dira beharrezkoak. Langileen arteko banaketa eta talka baino ez dakarte. Kontratazio berrietan diskriminazioa aplikatzea langile guztien kontrako erasoa da, neurri horiekin langileon pobretzea bilatzen dute. Aski dela esateko garaia da.

Kalitatezko enplegua aldarrikatzeko garaia da, langile GUZTIEN eskubideak defendatzeko garaia da. Lanpostuak bizi maila duina bermatu behar digu, ez pobrezia egonkortu. Horrela ez gara krisialditik aterako, krisi garaiko ondorioak betikotu egingo dira. Soldata duinak behar ditugu, lan baldintza duinak behar ditugu, gure eskubideak ziurtatzeko eta dagozkigun prestazio sozial duinak, doakoak eta unibertsalak bermatuak izan daitezen, orain eta etorkizunean.

Esandako horren guztiaren defentsa enpresa honetatik hasten da.

Beraz, hamaika arrazoi ditugu esateko:

KONTRATAZIO BERRIETAN DISKRIMINAZIORIK EZ!,
ENPLEGU DUINA DENONTZAT! 
  

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.