2025-12-05
HomeEkintza SindikalaKonpromiso errealak eta borondate politikoa eskatu dizkie LABek administrazioei, zaintzak negozio izateari...

Konpromiso errealak eta borondate politikoa eskatu dizkie LABek administrazioei, zaintzak negozio izateari utz diezaion

Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” eskatu du LABek, eta zaintza eztabaida politikoaren erdigunera eramateko lan egingo duela ziurtatu du.

Pribatizatutako zaintzako langileek mobilizazio nazionala egin dute Donostian, euren izaera publikoa aldarrikatzeko. Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatu du LABek, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatu.

Mobilizazioan izan dira, beste hainbat sektoretako langileekin batera, Gipuzkoako helduen egoitzetakoak. Lau lanuzte deituak ditu LABek sektorean, eta gaur izan da lehenengoa. Hain justu, haiei zuzendu dizkie lehen hitzak mobilizazio amaieran Ane Escondrillas LABen Soziokomunitario sektoreko arduradunak: “Borroka eta duintasun eredu izan zarete beti, eta gaurkoan ere patronalaren utzikeria salatzeko kalera atera zarete. Zuen ondoan izango gaituzue”.

Patronalaz ez ezik, administrazio publikoen arduraz ere hitz egin du Escondrillasek, ordea. Zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak erabakitzen dituztenak direla salatu du. “Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, eta, euren politika pribatizatzaileen bidez, patronalekin negoziatzera behartzen gaituzte, eta eskuak garbitzen dituzte diru publikoa xahutzen duten bitartean”. Horregatik, administrazioei eta agintariei mezu zuzena bidali die: “Ez dizuegu mediazioa eta enpresei oparitzen diozuen dirua kontrolatzea soilik eskatzen; konpromiso errealak eta borondate politikoa exijitzen dizkizuegu zaintzak negozio izateari utz diezaion”.

Horretarako, zaintza langileen lan eta bizi baldintzak “eztabaida sozialaren eta politikoaren erdigunera” eraman beharraz mintzatu da Escondrillas, eta datozen bi urteetan horren aldeko lanean konprometituko dela LAB. Sindikatuaren aldarrikapen nagusia argia da: pribatizatutako zaintza langileek, zerbitzu publiko bat ematen duteneez, administrazio publikoaren kudeaketa zuzeneko langileak izan behar dute. Bide horretan, baina, “erronka estrategiko” bat du sindikatuak, Escondrillasek gogora ekarri duenez: lan baldintzen ekiparazioa: “Lan berdina egiteagatik lan baldintza berdinak exijitzen ditugu”.

Horren alde borrokatuko du LABek, lantokietan, kalean eta instituzioetan. Azken horiei erreferentzia eginez, Escondrillasek nabarmendu du instituzioak “giltza” direla, zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko bidean, “aldaketa sakon batzuk egituratu ahal izateko”. Horrekin batera, ordea, dei egin die langileei, bide hori “hauspotzen” jarraitzera eta estrategia hori elikatzera. Etorkizuneko Euskal Herria “zaintzen duten langileekin” eraiki beharra nabarmenduz amaitu du hitzartzea: “Bizitzak sostengatzeak aitortza merezi duelako, zaintza sistema publiko komunitarioa erdigunean egongo den Euskal Herria aldarrikatzen dugu eta zerbitzu publiko duin, bidezko eta indartsuak dituen Euskal Herri batekin amesten dugu”.

Borondate politikorik ezean, “hitzontzikeria”

Ildo beretik, zaintza krisiari heldu eta zaintzarekin negozioa egiteari utzi beharraz aritu da, irmo, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra: “Ez dirudi instituzioen kezka nagusien artean dagoenik. Zaintzarekin negozioa egiten da, zaintza eredu duina ez da bultzatzen eta zaintza langileen prekaritate egoeren aurrean beste aldera begiratzen dute instituzioek. Inoiz ez da zaintza sistema publiko komunitariorik bere osotasunean garatu”. Instituzioen “hitzontzikeria” salatu du, “ezin baita berdintasunaz hitz egin aitortzarik egin gabe, desfamiliarizaziorik gabe, zaintzak banatu eta demorkatizatu gabe”. Orain arteko politikak irauli egin behar direla esan du, eta, horretarako, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” egin beharra dagoela.

Borondate politikorik ezak, era berean, patronala eramaten du horretaz aprobetxatzera, Aranbururen arabera: “Diru publikoaz baliatzen da eta hitzarmenen negoziazioak blokeatzen ditu”. Gipuzkoan Adegik helduen egoitzetako negoziazioan duen jarrera jarri du adibidetzat, eta argi adierazi: “Ez gaitezen despistatu; eskubideak patronalarekin konfrontatuz lortzen dira”.

Zaintzaren sektorean prekarizazioaren arrazoi nagusietako bat langileen soldata baxua ere badela gogoratu du Aranburuk, eta, horregatik, balioan jarri du gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka, eta horretan LABek egin duen ekarpena: “Borroka hau bizirik mantendu dugu, emakume, gazte eta langile migratuen soldatak duintzeko eta aberastasunaren banaketa orekatuagoa lortzeko. Eta lortu dugu gehiengo sindikala estrategikoa den gai honetan elkarlanean aritzea”. Confebaskek gutxieneko soldata propioa ezartzeko mahaiari ezetz esan dio, etxeko langileen hitzarmenari nola, “esplotatzaileak” direla erakutsiz, Aranburuk deitoratu duenez. Hala ere, LABek hurrengo ikasturtean, zaintzarekin batera, gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria borroka sindikalen erdigunera eramango duela ziurtatu du.

Hain justu, sindikatuak feminismoa sindikalismora gerturatzeko egindako ahalegina gogoratu du Aranburuk, bere hitzartzean: “Sistemak bazterrean mantendu nahi dituen emakumeen* artean borrokak piztu, eta borroka horiek erdigunera ekartzearen aldeko apustua egin genuen. Sindikalismo feminista praktikara eramaten aitzindariak izan gara, eta, erabaki horiei esker, sektore feminizatuetako langileak, zaintzako langileak, borroka honetan subjektu aktibo zarete”. Sindikalismo feministaren garrantziaz ez ezik, sindikalismo antiarrazistaren garrantziaz ere aritu da eta zaintza eremuan ematen den arrazismo laborala salatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dela adierazi du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...