2026-02-03
HomeIndustriaMetalgintzaKonponbide globalak aldarrikatu ditugu, Bergarako Arcelor Mittaleko enplegu suntsiketaren aurrean

Konponbide globalak aldarrikatu ditugu, Bergarako Arcelor Mittaleko enplegu suntsiketaren aurrean

Bergarako Arcelor Mittaleko lantokian 350 langile zeuden 2007an, eta 153 langile daude 2017an. Multinazionalak beste 41 lanpostu suntsitzea planteatzen du orain. Enpresaren asmoa aurrera ateraz gero, 10 urtetan Bergarako lanpostuen %68 desagertuko liratezke., hau da, 2007an zeuden 10 lanpostuko egun 3 bakarrik geldituko lirateke.

Egoera hau ez da soilik ematen Bergarako lantokian, Euskal Herriko Arcelor Mittalen lantoki guztietan baizik. LABek jakinarazi zuenez, 2007an Arcelorrek zituen 3.408 lanpostutatik, egun 1.755 lanpostu geratzen dira. Arcelor Mittalek azken 10 urtetan lanpostuen %51 desagerrarazi ditu.

Egoera hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin ematen ari da. Oso larria da. Onartezina da! Noiz arte egongo da Tapia sailburua isilik? Arcelorrek jasotzen duen diru publikoa enplegu suntsiketa finantziatzeko erabiltzen du.

Bergarako kasuan, egoera are larriagoa da, enpresak egun egiten den tona kopuruari eutsi nahi baitio. Horrek esan nahi du, espedientea inondik inora justifikatuta ez egoteaz gain, multinazionalak kaleratutako langileak beste azpikontratatutako langileekin ordezkatu nahi dituela. Beraz, multinazionalak iragarritako plana iruzurra izateaz gain, enpleguaren prekarizazio gehiago ekarriko du.

LABek enplegu suntsiketari argi eta ozen esaten dio ezetz. LAB prest dago aurrejubilazioetaz hitz egiteko, horregatik exijitzen diogu multinazionalari errespeta dezala Bergaran indarrean dagoen enpresa hitzarmena eta errelebo kontratua aplika dezala. Txantai eta mehatxu gehiagorik ez! Multinazionalak langileekin hitzartutako konpromisoak betetzea exijitzen dugu.

Egun Bergarako langileak pairatzen ari diren txantaia, atzo Sestao eta Zumarragako langileek pairatu zuten, bihar Olaberria, Lesaka edota beste lantokietako langileak izango dira.

Arazo globalen aurrean, konponbide globalak. LABek Euskal Herriko lantokiak batzeko garaia dela uste du, honakoa defendatzeko:

1.- Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu.
2.- Enplegu berria sortu. Errelebo kontratu guztiak Euskal Herriko lantokietan egingo dira.
3.- Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...