2026-02-01
HomeEkintza SindikalaJarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen...

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.

2024 urtea hastearekin batera, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioko hitzarmen berri baten negoziazio bideari ekin genion. 2009ko abenduaren 31az geroztik hitzarmenik gabe dagoen sektorea da eta lan-baldintza zeharo desarautuan ari dira 6.000 langiletik gora Gipuzkoa osoan zehar.

Sektoreko Patronalarekin, GUITRANSekin, jarri ginen harremanetan negoziazio mahaiaren eraketa egingo genuela esateko eta deialdia helarazteko, baina enpresen elkarteak ez zuenez negoziatzeko inolako asmorik, ekaina bukaera arte, Patronalaren aurkako salaketa juridiko bat tarteko, ezin izan genion negoziazioari ekin.

Ordutik eta gaur arte lau negoziazio bilera egin ditugu, baina GUITRANSek ez du negoziazio errealerako inolako imintziorik egin. Izan ere, orain arte aurkeztutako proposamenak 2009an adostu zituen baldintzak baino askozaz ere txarragoak dira. Gainera, Gipuzkoako langileen lan-baldintzak estatuan arautzen diren edukietan oinarritu nahi ditu. Euskal lan-esparrua ezerezean utzi nahi du eta horrek berak argi adierazten du negoziatzeko asmorik eza.

Egoera horren aurrean, GUITRANSen jarrera salatu nahi dugu, Gipuzkoako negoziazioan erantzukizuna duen patronal bakarra baita. Ordea, beste Patronal batzuek, beste esparru batean, negoziatzen dutenari heldu dio aldiro.

Beharrezkoa da Gipuzkoako langileei eta, bereziki, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioaren sektoreari segurtasun juridikoa eta arau argiak emango dizkien hitzarmen bat berritzea. Gipuzkoan negoziatu eta Gipuzkoako esparrua oinarri izango duen Hitzarmena berritzea, alegia. Argi dugu hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugula.

Sektorean lanean ari diren langileek 14 urte daramate egunez egun lan-baldintza prekarioagoetan lanean eta, GUITRANSek adierazi duen axolagabekeria salatzeko ekintza sindikalari ekin diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...