2024-04-23
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakJangeletako zorra, familia eta langileen kontura

Jangeletako zorra, familia eta langileen kontura

Beste behin jangeleetako langileak Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu gara Hezkuntza Sailak ezarritako murrizketak salatzeko. Duela 3 hilabete eskas, Lehiaren Euskal Agintaritzak jangeletako zerbitzua ematen duten enpresak 18 miloi euroko isuna ordaintzera zigortu zituen esleipen prozesuan iruzurra egiteagatik.

Bere momentuan, LABek egoera hau salatzeaz gain azpimarratu zuen enpresa horien etekinak handiegiak zirela, batez ere, gure kontratazioei esker. Aldi berean, kezka adierazi genuen ongi bait genekien nolako eragina izango zuen isunak gugan, kolektiboan, zerbitzuan baita familiengan ere.

Ez dugu esango “abisatu genuela”, baina zoritxarrez bete-betean asmatu genuen. Ikasturtea ez da amaitu eta jadanik lehen murrizketak jasan ditugu. Jangela zerbitzuko enpresek, Hezkuntza Sailaren babesarekin, dozenaka langileri lanaldia murriztea eta jangela zerbitzua gehiago prekarizatzea erabaki dute.

Hainbeste urtetan cattering enpresei dirua oparitu eta gero, Eusko Jaurlaritzak erabaki du errekurtsoak errentagarri egitea langileen eta zerbitzuaren kontura. Aldi berean, enpresek hainbeste diru eraman ostean, aldatu egin dituzte begiraleen lanaldiak. Kasu batzuetan lanaldia %40 murriztu dute. Gainera, hau komunikatzeko denborak errespetatu gabe eta ahoz jakinarazi dute.

Murrizketa hauek gogorki salatzen ditugu, jangela zerbitzuan ez ezik ume bakoitzaren lekuan ere eragiten dute. Hain zuzen ere jakinarazi digute mahaien neurriak hartu dituztela ordutegia murriztu eta txanda bakarra egin ahal izateko. Beste behin salatu behar dugu eskola jantokiak aska bihurtzen ari direla.
Guzti honek, langile gisa kalte ekonomikoa eragiten digu eta profesional gisa arduraz ikusten dugu Hezkuntza Sailarentzat gauza normala izatea zerbitzuaren kalitatearen kaltean aurreztea. Gainera aipatu nahi dugu familien kuotak berdinak direla kurtso osoan zear.

Administrazio Publikoarentzat murrizketak aplikatzea izatea bide bakarra kezkagarria dela deritzogu, batez ere urte askotan hain bigun eta eskuzabala izan denean enpresa gastronomikoekin kostuz gainekoak ordaintzeko orduan. Murrizketa hauek familiak kaltetuko ditu lanaldi trinkoen garaian, jangelei uko egitera “gonbidatzen” gaituzte eta langileen lan baldintzak okertuko dituzte.

Guzti honegatik LAB sindikatutik jantoki eredu hau gogorki salatu nahi dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.