2026-02-23
HomeEkintza SindikalaIpar Euskal Herriarentzat egiturazko tresnak ezartzeko prest diren galdetu die LABek herriko...

Ipar Euskal Herriarentzat egiturazko tresnak ezartzeko prest diren galdetu die LABek herriko bozetara aurkeztu dien hautagaiei

LABek agerraldia egin du gaur Baionan, herriko bozetarako kanpaina betean gaude. Hautagaiak interpelatu ditu, LABentzat, sindikatu abertzalea den neurrian, funtsezkoa baita galdetzea ea Ipar Euskal Herriarentzat egiturazko tresnak ezartzeko prest diren.

LABeko kideek adierazi dute hautagaitza askok lurraldeko biztanleen baldintzak hobetzea eta autonomia edo eskumen gehiago aldarrikatzen dituztela, baina galdera bikoitza egin dute: “gauza bera gertatzen al da lurraldeko langileen kudeaketari dagokionez? Prest al dira gure lurraldeari burujabetza handiagoa emango lioketen eta, aldi berean, sektore publikoko langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetuko lituzketen tresna zehatzak martxan jartzeko?”

2020an egin zuen bezala (orduko hauteskundeetan galdetegi bat bidali zien LABek aurkeztutako zerrenda guztiei), orain, sei urte beranduago, berriz ere interpelatu ditu, hiru tresna zehatz martxan jartzeko engaiamendua hartuko duten galdetuz.

Lehenik eta behin, Behatoki sozioekonomikoa. LABetik gogora ekarri dute 2017an Elkargoa sortu zenetik posiblea dela egitura hau sortzea eta honen lehendakaritzari hau sortzea eskatu ziola. Lehendarkariak, ordea, behatokia eremu ekonomikora mugatzea erabaki zuen. “Akatsa” izan zela adierazi du LABek eta gaineratu du nabarmenak direla honekin lotutako “hutsuneak”. “Gure lurraldean datu sozialak falta zaizkigu, eta horrek ez du uzten politikak biztanleen benetako beharretara egokitzea, nahiz eta jada badiren maila horretan lanean ari diren egiturak”, zehaztu dute sindikatuko ordezkariek.

Bigarrenik, Euskal Herriko Kudeaketa Zentroa. LABetik gogora ekarri dute, gaur egun, Centre de Gestion 64 Paueko egoitzatik eta departamendu mailan kudeatzen dela. Erakunde honek lurraldeko funtzionarioen hautaketa eta karrera-kudeaketari lotutako

eginkizunak betetzen ditu. Sindikatuko kideen iritziz, “urrunegi dago Euskal Herritik, eta zaila da bertan indar-harreman bat eraikitzea”. “Ipar Euskal Herriaren mailara hurbildu behar da”, aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Lurraldeko Gizarte Batzorde Interkomunala. Gaur egun, 50 langile baino gutxiago dituzten Herriko etxeetako langileen karrera indibidualak eta negoziazio kolektiboak Paueko CDG64tik kudeatzen dira. LABen ustez, “beharrezkoa da Ipar Euskal Herria mailan egiturak sortzea”.

LABen iritziz, ikuspegi instituzionaletik, urrats bat egin zen Elkargoaren sorrerarekin. Hala ere, “ikuspegi sozialetik ez dugu aurrerapausorik eman: dena Pauean kudeatzen da oraindik, eta halako egituren bidez soilik hornituko dugu gure lurraldea burujabetza sozial handiagoz” gaineratu dute sindikatutik.

Sindikatutik adierazi dute, hautagaiek, LABek defendatzen dituen tresnetako bat edo gehiago martxan jartzeko konpromisoa har dezakete. Horretarako, hautagaiek online erantzun dezakete edo dokumentua deskargatu eta sindikatuko kideei itzuli.

Erantzunak publiko egingo ditu LABek lehen itzulia baino lehen, boto-orientaziorik eman gabe.

Gaineratu dute LABentzat “garrantzitsua” dela “hautagaiak jabetzea lurraldeko agenteen enplegatzaile izateko lehian ere badaudela”. Era berean, gogorarazi nahi izan dute Funtzio Publikoko hauteskunde profesionalak urte bukaean eginen direla, eta LABek berriro ere zerrendak aurkeztuko dituela. “Kalitatezko eta guztiontzat eskuragarri diren zerbitzu publikoen alde borrokatzeaz gain, agenteek lan baldintza egokietan eta bizitza duin baterako moduan jardun dezaten ere borrokatzen gira”, gaineratu dute.

Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruzko gogoetak indarra hartzen ari dira herriko bozen kanpainaren testuinguruan. “Haren garapen eta aitortza sozialak ere eztabaida honen erdigunean egon behar dute”, adierazi dute LABetik.

LABeko ordezkariek gogoratu dute, langile sindikatu gisa, herriko etxeetan eta Euskal Hirigune Elkargoan ere antolatua dagoela. Honela, hautagaiei oroitarazi die, hautatuak badira, Lurraldeko Funtzio Publikoko langileen enplegatzaile ere izanen direla.

Hemen erabaki” dokumentua aurkezteko erronda

2024ko irailean, “Hemen erabaki” dokumentuaren bertsio eguneratua aurkeztu zuen LABek, eta ordutik hona, Ipar Euskal Herriko hainbat eragileri aurkeztu die, sindikatuak, arlo politiko, ekonomiko eta sozialekoak eta erakunde patronalak.

Bilera errondaren balorazio “positiboa” egin du LABek. “Hamar urteren buruan, lurraldetzearen eta negoziazio kolektiboaren ideiak bidea egin du”, nabarmendu dute sindikatutik, gero eta babes zabalagoa duela azpimarratuz, “langileen bizitza hobetzeko bide zehatza delako”. “Frantziako zentralismoaren eta indar-harremana eraikitzea zailtzen duten erreforma antisozialen aitzinean, beharrezkoa da gure lurraldeari ekiteko ahalmena ematea”, gaineratu dute LABeko ordezkariek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Algeposako 16 langileren kaleratzea salatu du, Papresak kontratua eten ostean, eta mobilizazioak iragarri ditu

LAB sindikatutik, Papresan (Errenteria) lan egiten duen Algeposako langileen ordezkari garen aldetik, jakinarazi nahi dugu Papresak Algeposarekin zuen kontratua bertan behera utzi izanak sortu...

LABek EAEko sukaldaritza kolektiboko lehen hitzarmena sinatu du

Akordioak amaiera ematen dio sektorearen estatalizazioari eta nabarmen hobetzen ditu milaka langileren lan baldintzak. Hainbat urteko borroka, mobilizazio eta antolakuntza sindikalaren ondoren, LAB sindikatuak EAEko...

TEKNIKARIOK, ESK, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek, EAEko ikuskizunen eta ekitaldien lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiko kide guztiek, negoziazioak bizi duen blokeoa salatu dute

Bi urte igaro dira 2024ko urtarrilean EAEko ikuskizun eta ekitaldien hitzarmena negoziatzeko lehen mahaia eratu zenetik. Eguneroko oinarrizko eskubideen urraketa eta prekarietateak markatutako sektorea...