2026-01-31
HomeEkintza SindikalaINTIA enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, enpresak subrogatu izan dituen...

INTIA enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, enpresak subrogatu izan dituen langileek jasaten duten diskriminazio egoera salatzeko

INTIAko batzordeak publikoki salatu du enpresa honek subrogatutako langileek gainontzeko langileekin konparatuta jasaten duten soldata eta lan diskriminazio egoera. Iruñean elkarretaratzea egin dute gaur INTIAko langileek, Landa Garapenerako Departamentuaren ondoan.

Urteak dira pertsona horiek ari direla Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan laguntza teknikoko zerbitzua ematen, eta Tracasa Instrumentalek subrogatu zituen 2025eko urtarrilaren 1ean. Hala ere, subrogatu zirenetik, ez dituzte INTIAren soldata-egituran txertatu, eta gainontzeko langileek baino baldintza nabarmen baxuagoetan mantendu dituzte. Horrela, tratu desberdina eta lan-diskriminazioko egoera argia sortu da.

Anitzetan galdetu dugu kolektibo horren egoeraz, baina oraindik ez dugu erantzun argirik jaso. Enpresak ez du azalpen zehatzik eman, luzamendutan eta aitzakiatan ibiltzen da, egoera argitu gabe eta konpontzeko benetako borondaterik erakutsi gabe.

Egoera horren ondorioz, kategoria profesional eta/edo funtzio berdinetan sailkatutako lanpostuak bete arren, subrogatutako pertsonek ordainsari txikiagoak jasotzen dituzte. Ondorioz, soldata-arrakala sortzen da enpresa publiko beraren barruan, eta de facto lehen eta bigarren mailako langileak sortzen dira. Hori ez da soilik eztabaidagarria legearen ikuspuntutik, baita ikuspegi etiko eta sozialetik ere, erabat ezmorala baita. Bereziki larria da hori INTIA bezalako erakunde batean gertatzea, sektore publikoaren aterkipean eta NEKP-ren eta Nafarroako Gobernuaren beraren babesarekin —zuzenean edo omisioz—.

Enpresa Batzordeak irmotasunez salatzen du diskriminazio hori, eta exijitzen du:

– Subrogatutako pertsonak INTIAren soldata-egituran berehala integratzea, antzinatasuna erabat aitortuta, bereizketa arbitrariorik gabe eta langileen kontratu-jatorriagatiko diskriminaziorik gabe.

– Nafarroako Gobernuaren benetako konpromisoa, bere enpresa publikoen barnean desberdintasunik ez baimentzeko.

Egoera hau berehala zuzentzen ez bada, elkarretaratzeak egiten jarraituko dute ortzegunero 11:00etan, kaltetutako pertsonen eskubideak defendatzeko eta berdintasun printzipioa betetzen dela bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...