LABek konpromisoa hartzen du honen zabalpenean.
Autodefentsa feministako aldarrikapena izan da erdigunean eta indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa indartu eta ekarpen zein aldarrikapen politiko gisa.
Protokoloa berritu eta aldaketa ezberdinak txertatu ditu mundu martxak: Sistematizazioa eta material kutxa berria, memoria ariketak egitea… Dokumentua laster egongo da eskura Euskal Herriko Mundu Martxaren webgunean: https://www.emakumeenmundumartxa.eus/
Dokumentua borroka tresna bizi bat da, dinamikoa eta hausnarketa kolektibo baten emaitza. Ez da errezeta itxi bat, gure borrokaren bilakaerarekin osatuz joango den mapa bat baizik. Askoren arteko eztabaidaren fruitua da, eta horregatik, denona da.
Ez gara hutsetik hasten. Hamarkada bat baino gehiago igaro da erailketa matxisten aurrean erantzun bateratua emateko protokoloa adostu zenetik. 2013an hasi, 2017an, berriro osatu, eta asteburu honetakoa beste inflexio-puntu bat izan da, iaz Atarrabian egin genituen jardunaldiei eta herrietako eztabaida prozesuaren ondorio.
Jardunaldietan izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministan atzera begirada bat egin eta gure genealogia feministetan indarkeria matxistaren kontrako borrokan egindako ibilbidea eta gaur egungo erronka nagusiak kokatu zituzten Miren Aranguren (Emagin) eta Elene Lopategik (Euskal Herriko Bilgune Feminista). Ondoren, “Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Herrien hitza” mahai-inguruan herri ezberdinetako kideek parte-hartu zuten hausnarketa prozesuaren gako ezberdinak mahaigaineratzeko. Eta amaitzeko, erailketa matxisten aurkako protokolo berrituaren aurkezpena egin zen.
Ardurak kolektibizatu, indarkeria transistemikoei aurre egiteko estrategiak begiratu eta jauzi kualitatiboak emateko prest. Instituzioei erantzukizunak eskatu eta mugimendu feministatik haratago beste erantzun anitzago bat emateko deialdia egitea izango da orain ere helburua: “Jendartea interpelatzeko eta erakundeei erantzukizunak exijitzeko bildu gara gaur hemen eta argi diogu: indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da soilik mugimendu feministaren ardura”.
LAB-etik konpromisoa hartzen dugu gure komunitatean protokolo honen zabalpenean urrats berriak emateko.
Urrats bat gehiago indarkeria matxistaren aurkako borrokan!




