2026-02-02
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaHuerta de Peraltako lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokan jarraitzen dugu

Huerta de Peraltako lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokan jarraitzen dugu

LAB sindikatuak, IruƱean eginiko prentsaurreko baten bidez, bere babes osoa erakutsi dio Huerta de Peraltako Enpresa Batzordeko lehendakari Houssine Yagoubiri eta, hedaduraz, LABen sail sindikal osoari. LABek baieztatu du bere ekintza sindikalarekin aurrera segituko duela Huerta de Peraltan lan baldintza duinagoak lortze aldera eta, era berean, gogor kritikatu du CCOO sindikatua Yagoubi kalera dezaten erabiltzen ari den ā€œestrategia antisindikalarengatikā€. Huerta de Peraltako langile gehienek Yagoubiren aldeko sinadura eman dute.

ā€œEz dugu CCOOekoekin borrokarik nahiā€, erran du Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako Enpresa Batzordeko lehendakariak, bere hitzartzearen hasieran. ā€œBaina ez diegu utziko, enpresako zuzendaritzarekin batera, giro txarra sortzen Huerta de Peraltako langileen artean. Duela hiru urte baino gehiago ekin genion lanari, prekarietatearen eta ustiapenaren aurka borrokatuz. Gure lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokari ekin genion duela hiru urte baino gehiago, prekaritatearen eta esplotazioaren aurka. Bide horretan, enpresaren eta CCOOren erasoak eta blokeoak jasan ditugu. Baina ez diegu utziko orain gauza bera egiten, oraindik lan asko baitugu egiteko gure lan baldintzak hobetzekoā€.

Yagoubik azaldu duenez, 2019ko urtarrileko greba amaitu ondoren, CCOOko ordezkariak ā€œdesagertutaā€ egon ziren urtebetez-edo. ā€œBaina orain berriz jarri dira lehen egiten zutena egiten. Enpresari bukatuak zitzaizkion gure aurkako kartak, eta orain CCOOn aukera ona aurkitu du langileen artean giro txarra sortzeko. Bide batez, erran dezagun langile horiek babesa eman didatela, ehuneko handi batean. Beraz, ez diegu nahi dutena egiten utziko. Aurrez aurre izanen gaituzte, langile guztiak defendatzeko eta lan baldintzak hobetzeko laneanā€.

Yagoubiren ondoan, Huerta de Peraltako langile batzuez gain, LAB sindikatuko bozeramaile Imanol Karrera egon da. Karrerak adierazi du Yagoubik sindikatuaren ā€œbabes osoaā€ duela, baina baita Huerta de Peraltako langile gehienena ere. Karrerak informatu duenez, LABek Yagoubiren aldeko sinadura bilketa egin du Huerta de Peraltako langileen artean, eta 120 langiletatik 99rena lortu dituzte. ā€œNoski, aldi baterako langileen artean ez dugu sinadurarik eskatu, beraien egoera ez delako oso segurua enpresanā€, azaldu du Karrerak. ā€œBaina lorturiko sindaura kopuruak argi adierazten du langileek babesten dutela Houssinek eta LABek enpresa honetan egiten duten borrokaā€.

Lan Ikuskaritzaren ebazpena

Karrerak gogoratu du nola 2019ko greban borroka dialektikoa izan zen enpresaren kontakizunaren eta sindikatuaren kontakizunaren artean. ā€œOso ezberdina zen guk esaten genuena eta haiek esaten zutena. Baina guk frogekin demostratu genuen nork zuen arrazoia. Bada, orain, froga gehiago ditugu, duela aste gutxi batzuk Lan Ikuskaritzaren beste ebazpen bat jaso baitugu, LAB sindikatuari beste behin ere arrazoia ematen dionaā€.

Lan Ikuskaritzaren ebazpenak dio, batetik, enpresak lanaldiaren jarraipena egin behar duela, eta jarraipen horren emaitza langileen eskura jarri behar dela. ā€œBigarrenik, enpresari esaten dio maskararen erabilera ziurtatu behar duela, hau da, lan osasuna erdigunean jarri behar dela, guk eskatzen dugun moduan. Eta, hirugarrenik, eta hemen CCOOk bere arrazoia galtzen du, esaten digu erabat beharrezkoa dela enpresan prebentzio psikosozialeko neurriak hartzea. Hau da, Lan Ikuskaritzak nolabait aitortzen du enpresak langileen duintasunaren aurkako jarrera duela, ez dituela behar bezalako errespetuz tratatzen. Eta CCOOk horri egin behar lioke aurre. Ez dago langileen arteko arazorik, presidente honek ez du arazok sortzen. Arazoa enpresarena da. Enpresak ez baititu langileak errespetatzenā€.

Huerta de Peraltan 2018ko abendutik 2019ko urtarrilera iragan zen greba ā€œesplotazioaren aurkako borrokaā€ izan zen, Karrerak esplikatu duenez. ā€œLan eskubideak bermatu behar ziren Nafarroako Erriberako enpresa batean, non langile migranteek beren eskubideak urratuak zituzten, lan hitzarmena ez zelako aplikatzen. Enpresa horretan, LABek ordezkaritza izan baino lehen, enpresak bazuen bide zabal bat berak ezarri nahi zituen baldintzak ezartzeko. Eta sartu ginenean eta hauteskunde sindikalak sustatu genituenean, enpresak esan zigun gure hautagaitza ez zela ongi etorria. Horregatik, saiatu zen CCOO eta UGTrekin batera beren hautagaiak adostenā€. 2017ko hauteskunde haietan LABek sei ordezkari erdietsi zituen; CCOOk, bi; eta UGTk, bakarra.

ā€œEta greba hasi zenean, bi sindikatu hauek ez zuten grebarekin bat eginā€, segitu du Karrerak. ā€œAdos. Zilegi da borroka batekin bat ez egitea. Aldiz, erabat onartezina da grebaren aurka jotzea. Hori da hain zuzen ere CCOOko ordezkariek egin zutena. Ez zuten greba egin, noski. Baina kontua da aparteko orduak sartzen ibili zirela. Bere garaian salatu genuen. Eta orain salatu behar dugu ikusten dugula Zaragoza etorbidean [CCOOren IruƱeko egoitza nagusian] diseinaturiko estrategia antisindikal baten aurrean gaudelaā€.

Karrerak onartu du ā€œaskoā€ kostatzen ari dela grebalariek enpresarekin adostu zuten akordioa aplikatzea. ā€œHorixe dugu erronka eta horretan ari gara burubelarri, enpresak erresistentzia handiak jartzen baititu akordioa ez aplikatze aldera. Eta, testuinguru horretan, oso larria da CCOOk hartutako jarrera. Yagoubiren burua eskatu diote enpresari, Yagoubi kaleratzeko. Eta, gure ustez, onartezina da jarrera antisindikal hori. Onartezina da langileek demokratikoki aukeraturiko eta Huerta de Peraltako borroka lideratu zuen presidentearen burua eskatzea. Munduko edozein tokitan ā€œsaldutzatā€ joko lukete CCOO hori eskatzeagatikā€.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...