2026-01-28
HomeEkintza SindikalaHernaniko Udaleko langileekin ekiparazioaren aldeko urratsak eman ditu LABek etxez etxeko laguntza...

Hernaniko Udaleko langileekin ekiparazioaren aldeko urratsak eman ditu LABek etxez etxeko laguntza zerbitzuan

Hernaniko etxez etxeko laguntzako langileei eragiten dien hitzarmena sinatu berri du LAB sindikatuak. Akordioak, aurrerapauso garrantzitsuak dakarzkie Hernaniko etxez etxeko laguntza pribatizatutako langileei. Izan ere, pribatizatutako langileak administrazio publikoko langileen lan baldintzetara hurbiltzeko urratsak jasotzen ditu. Bide honetan, udalak izandako borondatea azpimarratu nahi luke LABek. Izan ere, administrazio publikoa da zerbitzua bera finantzatzen duena, eta, horregatik, nabarmentzekoa da Hernaniko Udalak egindako apustua; ez soilik ekonomikoa, baita estrategikoa ere. 

Hauek dira LABek sinatutako akordioaren lorpen batzuk:

  • 5 urtetako iraunaldia izango duen hitzarmena. 
  • Lansarietan %45ko igoera, udan langileenekin ekiparatuz.
  • 92 lan ordu gutxiagoko urteko lan jarduna, 1500 ordutakoa finkatuz. Asteko zenbaketan astean 33 ordukoa izango da lan jarduna. 
  • Beste hobekuntza garrantzitsu batzuk: erabiltzailearekin gorabeherarik balego, ez da langilearen kaltetan izango; arrazoi zehatzengatik erabiltzailea ez dagoenean eta zerbitzua ezin denean eman, langileak ez du galerarik izango eta zerbitzu hori ordaindua izango da; jai berezien bezperetan zerbitzua 14:00etan amaituko da; eta etxez etxeko laguntzan akonpainamendu zerbitzua aitortuko da. Finean, etxez etxeko langileei behar duten aitortza eman zaie. 

LABentzat, zaintza zerbitzu pribatizatuen estrategiak erabateko aldaketa izan behar du Euskal Herrian, zaintza eredua eta sistema bera errotik aldatu behar baitira. Zerbitzu publiko izan behar diren zerbitzu horiek guztiak publifikatu behar dira, eta pribatizatutako langileei langile publiko izaera aitortu behar zaie. Horren bidean, apustu politiko integrala eta gardena behar da, pribatizatutako zaintza langileen lan baldintzak langile publikoenekin ekiparatzearen alde.

Horretarako, ausardia eta konpromisoa exijitzen dizkie LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoei, Hernanin bezala, lekukoa har dezaten, udalerriz udalerri pribatizatutako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, legezkoa den subrogazioaren bitartez eta irabazi asmoa zaintza zerbitzuetatik ezabatuz. Euskal Herriko zaintza sistema publikoa pribatizatutako langile guzti hauekin eraiki behar da, eta horren alde borrokatuko du sindikatuak.

Izan ere, pribatizatutako zaintza langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean, LABek jomugan ditu 2027ko udal, aldundi eta Nafarroako Gobernuko hauteskundeak. Administrazio publikoek zaintza lanen pribatizazioarekin eta negozioarekin bukatzeko eta zaintza sistema publiko komunitarioaren alde urratsak eman ditzaten borroka egingo du. 

Administrazio publikoak pribatizatzen dituen zaintza zerbitzuen kudeaketa eredua agenda sozial eta politikoaren erdigunean kokatu nahi du sindikatuak datozen urteetan. Horregatik, Hernanin, Astigarragan eta Amurrion ekindako bideari segida emango dio bestelako udalerrietan, eta etxez etxeko laguntzako langileen ekiparazioak eta publifikazioak aldarrikatuko ditu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Lasarteko Correosen bulego eta banaketasailean dagoen osasun-egoera larria salatu dute

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek publikoki salatzen dute Lasarteko Correosen bulego eta banaketa-saileko langileek jasaten duten egoera jasanezina. Izan ere, bi hilabete baino...

Patronalak, arduragabekeriaz, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmaneran negoziazio mahaia bertan behera utzi du

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta patronalari euren ardura hartzeko eskatu die LABek, eta, behingoz, hitzarmenaren negoziazioari ekin, ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesuari ekiteko. Gaurko...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatzera deitu du LABek, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatuko du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...