Euskal Herriko hogei eragile politiko, sindikal eta sozialek Hassanna Aalia gazte sahararraren aldeko manifestazioa deitu dugu datorren urtarrilaren 31n, larunbata, Bilbon. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Arriaga plazatik abiatuta. Bilbon eginiko agerraldian gure elkartasuna adierazi genion espainiak asilo politikoa ukatu eta estatutik ateratzeko 15 eguneko epea jarri dion gazte sahararrari.

Hassanna Aalia bizi osorako espetxe zigorrera kondenatu zuen Marokoko epaitegi militar batek Gdem Izik-eko duintasunaren kanpamenduan parte hartzeagatik. Une horretan Euskal Herrian aurkitzen zen gaztea eta bertan geratzeko hautua egin zuen Espainiari asilo politikoa eskatuz. Orain dela astebete, ordea, asilo politikoa ukatu dio espainiak. Gaur bildutako eragileek argi adierazi dute Aalia borroka sahararraren aldeko ekintzailea dela eta gazteak 17 urte zituenetik atxiloketak, tratu txarrak eta torturak pairatu izan dituela polizia marokoarraren eskutik. Beraz, errefuxiatu izaera eskuratzeko ezinbesteko eskakizunak betetzen dituela.

Eskubide zibil eta politikoen urraketa honi aurre egiteko, herritarrak larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu nahi dizuegi, guztion artean indarra egin eta Hassanna Aaliari asilo politikoa eman diezaioten.

Eragile politiko, sindikal eta sozialen oharra

«Lehenik eta behin, bertaratu garen eragile sozial, politiko eta sindikalek, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Hassanna Aaliari, gure adiskide eta sahararren aldeko borrokako aktibista.

Hassanna Mendebaldeko Saharan, Aaiun-en, jaio zen 1988. urtean. 17 urte zituela, bere militantzia politikoari ekin zion, giza eskubideen defentsan eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidearen alde. Harez geroztik, eta herrialdetik azken aldiz atera arte, tratu txarrak, tortura eta atxiloketak pairatu ditu polizia-etxe marokoarretan.

2011ko martxoan, hilabete lehenago Dakarren (Senegal) izandako Munduko Foro Sozialean parte hartu ondoren, autonomia erkidego honetara etorri zen giza eskubide eta nazioarteko zuzenbide ikasketetan sakontzeko, okupatutako eremuko gazte sahararrei zuzendutako beka bati esker. Urte bereko maiatzean, hiru hilabetez ikasten egon ostean, Hassanna okupatutako Mendebaldeko Saharara itzuli zen, giza eskubideen aldeko konpromiso politiko eta borroka baketsuari eutsiz.

2011ko urrian, bigarrenez etorri zen autonomia erkidego hontara, bere formazioaren bigarren zatiarekin jarraitzeko. Handik hilabetera, telefono dei baten bitartez jakin zuen, Rabaten dagoen Epaitegi Militar Marokoarrak, beste 24 lagunekin batera sumario militar batean sartu zuela, Gdeim Izik-en Duintasun kanpamendu batean parte hartzeagatik.

Horregatik guztiagatik, 2012ko urtarrilean, Hassannak asilo politikoa eskatu zion Espainiako estatuari. Bien bitartean, giza eskubideen inguruko formazioarekin eta hainbat hitzaldi eta topaketetan parte hartzen jarraitu zuen herrialde osoan zehar.

2013ko otsailean, hemen zegoela, internet bidezko irrati baten bidez, guztiz erabaki bidegabe baten berri izan zuen: biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten, Gdeim Izik-eko kanpamenduko gertakizunengatik. Epaia Rabateko Auzitegi Militarrak ezarri du, 25 zibil kondenatuz.

Nazioarteko hainbat erakundek publikoki eta aho batez salatu dute Auzitegi Militar honek abian jarritako prozedura ez dela bidezkoa, ez baitu gutxieneko bermerik betetzen: Dirudienez, akusatuen deklarazioak torturapean egin dituzte; gainera, ezin izan dituzte aurkeztu euren errugabetasuna baieztatzeko eskatutako frogak; eta azkenik, polizia akta faltsuak aurkitu dira.

Auzitegi honek Hassannaren aurkako akusazio faltsu batean oinarritu da. Ez du kontraesan eta defentsa printzipioa ere errespetatu, bera ez baitzen bertan izan hura gauzatzeko. Gainera, Auzitegi Militar honek emandako epaiari ezin izan zitzaion errekurtso arrunt bat ezarri.

Hauek dira epaiketan behatzaile lanak egindako erakundeetako batzuk: Giza Eskubideen Behatzaileen Nazioarteko Erakundea, Amnistia Internazionala, Human Rights Watch, hainbat eurodiputatu, Mendebaldeko Saharako Fundazioa, Europako Parlamentuko Atzerri Batzordea, Giza Eskubideen aldeko elkarte marokoarra, eta alderdi politiko ezberdinak.

Javier Canivell, Hassannaren abokatuak publikoki adierazi duenez, urtarrilaren 19an Barne Ministeriotik jakinarazi zitzaion, eskatutako nazioarteko babesa ukatua izan dela eta Hassanna estatutik 15 egunetan ateratzera behartzen duen agindua igorri zaiola.

Hassannari helarazi zaion ebazpenak onartu egiten du borroka sahararraren aldeko ekintzailea dela, Giza Eskubideen urraketa larrien Biktimen Elkarte Sahararreko kidea dela, eta bai Hassannak zein aipaturiko elkarteak, euren jarduna era baketsuan garatzen dutela. Era berean, onartu egiten da Hassannak 17 urte zituenetik atxiloketak, tratu txarrak eta torturak pairatu dituela polizia marokoarraren eskutik. Beraz, Hassannak errefuxiatu estatutua eskuratzeko ezarritako eskakizunak betetzen ditu. Aitzitik, Hassannari jakinarazitako erresoluzioak, oinarritzat hartzen du eta ez du zalantzan jartzen Rabateko Auzitegi Militarraren epaia, eta Estatu espainolean asilo eskubidea arautzen duen 12/2009 legean zehaztutako asilo eskubidea ukatu egiten dio.

Hassanna atxilotua izateko arrisku larrian dago; biziarteko kartzela zigorra betetzeko espetxeratua izan daiteke, berez tratu krudel eta iraingarritzat jo daitekeena.

UNHCR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ere, Hassannaren babes eskaeraren alde agertu da, baina Estatu espainolak ez du aintzat hartu.

Honengatik guztiagatik, bertaratu garenok honakoa adierazi nahi dugu:

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari Hassanna Aalia-ri asilo politikoa ematea eskatzen diogu, egindako nazioarteko babes eskakizuna onartuz. Izan ere, bere herrira itzuliz gero, gogortasunez zigortua izango da agintari okupatzaile marokoarren eskutik eta bizitza osoan ez da berriz ere espetxetik aterako. Hassanna ekintzaile politiko bat delako, nazioartean aitortua, eta herri sahararren autodeterminazio eskubidearen alde era baketsuan borrokatzen duelako.

Horregatik guztiagatik, “Hassanna LIBRE, asilo politikoa orain!” lelopean, manifestazio nazionala deitzen dugu Bilbon larunbat honetan, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 17:00etan. Manifestazioa Arriaga plazatik abiatuko da eta Gobernuaren Ordezkariordetzan amaituko da.

Eskubide zibil eta politikoen urraketa honi aurre egiteko, herritarrak larunbateko manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu, guztion artean indarra egin dezagun, Hassannari asilo politikoa eman diezaioten.

Herri Eragileak: EGK, Sahararen diaspora, Ahaztuak 1936-1977, Tolosaldea Sahararekin, Ikasle Abertzaleak, Etawasol, EHE, Komite Internazionalistak, Leioako Sahararen aldeko elkartea FATH, ATFAL Getxo, Elkartzen, Bizikidetza eta elkartasuna elkartea, Bilgune Feminista, Hernaniko saharar herriaren lagunak, Ernai, Amigos y amigas del sahara (Ermua), GITE-IPES, Askapena, Eleak, Asociación Euskadi Sahara, Amigas y amigos de la RASD, Gazte Abertzaleak, Berriotxoak, Martcha Patriotica, Constituyente de axiliad@s colombianos por la paz, Gazte Komunistak

Sindikatuak: LAB, ELA, STEILAS, EHNE Bizkaia, ESK

Alderdi politikoak: Ezker Anitza, EH Bildu, PCE-EPK, EAJ-PNV»