2026-09-27
HomeHerriak du hitza eta erabakiaCatalunya eta Euskal Herria. Burujabetzaren bidean, GOAZEN!

Catalunya eta Euskal Herria. Burujabetzaren bidean, GOAZEN!

Irailaren 11a. Diada. Egun handia Catalunyan. Prozesu independentistari bultzada herritarra emateko eguna. Euskal Herritik, bat egiten dugu asmo independistekin. Goazen burujabetzaren bidean, alde egin dezagun miseria eta zapalketa besterik ekartzen ez digun estatu espaniarretik, goazen, jar gaitezen martxan.
Gaiaren inguruan eta begirada Euskal Herrira ekarrita, hemen duzue LABeko Idazkari Nagusiaren iritzi-artikulua, “Estatura, herri ariketa bidez”.

Estatura, herri ariketa bidez

Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia

Irailaren 25ari begira guztiok, egina dirudi erabakitzeko eskubidea nagusituko dela, poztekoa da. Kontua da desegin den parlamentuan horrela zela, eta azken urteak iruzur hutsa izan direla erabakitzeko eskubideari dagokionez Jaurlaritzaren aldetik. EAJk 2015erako kontsulta agindu zion herri honi. Zain jarraitzen dugu. Gehiengoa ez da nahikoa izango nagusitasun hori ez bada ekimen bihurtzen. Eta ekimenak, herriaren bultzadaz, benetako urrats.  

Hor kokatzen dut nik EH Bilduk hartutako iniziatiba. Ez dut EAJ horrelako bide bat egiten ikusten, baina ez diot eskaintzari baliorik kenduko horregatik. Proposamena Herri honen premietan oinarritzen da. Horrela ulertuz, begiak interpelatuak garen beste eragileetan jarri behar ditugu ere. Gure esku dago halako bide bat egiten hastea eta hor dago, ziurrenik, EAJren jarduna aldatzeko edota EAJ dagoen lekutik kentzeko aukera.

Oraingoz berririk ez dago. EAJren eskaintza egonkortasuna da. Edozein Herrik behar omen duena aurrera egin ahal izateko. Bada, ordea, beti alderdi berak agintzea baina formula egokiagorik: oinarrizkoak diren gauzetan Estatu ikuspegiz eta adostasunekin jokatzea. Gure kasuan, Euskal Herriaren biziraupenerako derrigorrez behar ditugun egiturak, ezinbesteko jotzen ditugun baliabideak (naturalak, ekonomikoak zein kulturalak) eta oinarrizko eskubideak (emakume guztienak barne) babesteko garaian, adibidez. 

Estatu Itunek ez dute interesen talka ordezkatzen, ezta proiektuen lehia ekiditen. Funtsa Estatua eta Itunek finkatzen duten Estatu eredua babestea da. Formula zuzena da, Itunak egokiak eta bidezkoak diren neurrian. Gaur arte ezagutu ditugunak botere ekonomikoarekin eraiki dira. Eta guri dagokigunez, ez dira izan Herriaren interesak gailentzeko, Estatu bietako Herriak zapaltzeko baizik. 

Gurean halako itunek Estatua sortzea lukete helburu eta bide berriak erabiliz egin beharko genituzke baliagarriak izateko. Eta lehen erabakia beharko luke izan Estatua eratzeko garaian Herria osatzen dugun subjektu politiko ezberdinak aitortu eta mintzakide bihurtzea. Sindikalismoa, mugimendu feminista, koperatibismoa, gazte mugimendua edota euskalgintza erabakigarriak izan daitezela itunak egiteko garaian, botere ekonomikoari esklusiboki eman gabe eskubide hori (gaur egun pribilegio dena). Bigarren urratsa litzateke Estatua eratzeko bidea instituzioetik ateratzea. Euskal Herria aberatsa izan da Herri ekimenez akordioak egiten. Akordioak Estatu Itun bihurtuko dituen Estatugintza prozesu bat abiatzea ez litzateke instituzioen esku utzi behar, instituzioen papera funtsezkoa izan arren bai prozesu eratzailea burutzeko, baita trantsizio horretan politika egokiak egiteko.

Gaur arte ez dugu Estatu Itunik egin, Estaturik ez dugulako, edo Estatu ikuspegiaz eta Euskal Estatu bat sortzeko anbizioz jokatzen ez dugulako. Herrian Ikuspegia eta gogoa existitzen dela bistakoa da ordea. Ipar Hegoa Fundazioak bultzatutako ikerketan jasotzen den moduan edota Ondarrun Bilgune Feministaren ekimenez estatugintza feminista eztabaidagai jarri zenean ikusi genuen bezala. Abertzaletasunaren inguruan irekitako eztabaida bizia ere izan daiteke neurgailu egokia.  

Eztabaida interesgarria eta aberatsa izaten ari da abertzaletasuna biluztea erronka berrietarako jantzi egokiaren bila. Eta noski, adostasunak eta desadostasunak sortzen dituen eztabaida da.

Ni guztiz bat nator abertzaleez eta ez abertzaleez osatutako mugimendu independentista behar dugula esatearekin, ez, ordea, horretarako gure abertzaletasun maila apaldu behar dugula onartzearekin. Proiektua hobetzea, sendotzea eta zabaltzea da kontua. Prozesu independentista maila ekonomiko eta sozialean zer izango den marraztuz, besteak beste.

Konpartitzen dut ere euskararen erabileraren eztabaida egitea, gehiengo zabala barnebildu nahi duen mugimendu independentista izan nahi badugu. Okertuko gara, ordea, oraindik etorkizuna arriskuan duen gure hizkuntzari eta bere erabilerari garrantzia kentzen badiogu. 

Agendan ditugu Sorturen birfundazioa, ELA eta LABen kongresuak, EraginGune egonkor bat sortzeko mugimendu feministaren gogoeta… aukera paregabeak eztabaida honi segida emateko eta bertatik edateko bakoitzak berean.

Norbera bere bidetik iritsiko da hitzordu hauetara, baina guztiak izan gara eztabaida baten parte: Euskal Herrian mugimendu independentista berri bat behar dugu eta garaia da horretan asmatzeko. Nondik berreraiki, nola osatu, zer bide egin. Bakoitzak berean egingo duen gogoeta kurtso bukaeran apustu amankomun eta bateratzailea bihurtzea lortuz gero, oraingoz barne prozesuak direnak Herri ariketa bihurtuko dira.

Besarkada gorri handi bat ekarpen xume hau ziega ilunetan irakurtzen ari zareten guztiei!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.