2024-10-08
HomeIndustriaMetalgintzaACBko langileok ez dugu zer ospatu

ACBko langileok ez dugu zer ospatu

Gaur, hilak 9, hasiko da produkzioa ACBn, etapa berri bati ekingo zaiolarik egungo zuzendaritza eta Tapia anderearen bedeinkapen guztiekin. Atzera begiratzen badugu, duela 7 hilabete gure egoera txarra bazen, oraingoa dramatikoa da.

Lehen ondorioa, eta mingarriena, Arcelor Mittal Sestao eta enpresa osagarrietako lanpostu erdien murrizketa eta suntsipena. ACBk zituen 350 langileetatik, 140 langiletako kopuru erridikulura pasatuko gara. Murrizketa hau Harsco, Excyser, Jauregi, Monporsa, etab. bezalako enpresa laguntzaileetan ere emango da. Egoera prekarioan geratuko da lantegia, bihar etziko gertakariei aurre egiteko gaitasunik gabe.

Geratzen garen “zortedunok”, ia esklabutza egoeran lan egitera behartuta ikusiko dugu gure burua, duela 100 urte bizi behar izan zutenaren antzekoa. 12 orduz lan egitea ez da segurua eta garrantzitsuena dena, ez da duina. Batez ere lankideak kalean edo enpresak eufemistikoki “poltsa” deitzen duen linbo horretan geratu direnean. Gaur da eguna “zortedunok” ez daukagula ezta laneko egutegirik ere (zuzendaritzak beronen 29. bertsioa egina du honezkero), ezta konpententzien deskribapenik ere. Hortaz, eta zuzendaritzaren nahieran, lantegiko edozein txokotan koka gaitzakete, gure lanpostuen prekarizazioan are gehiago sakonduz.

Zuzendaritzaren arabera, zortedunok ez dugu aurreikusita ezta jatea, ez baitago horretarako atsedenik, ezta janariaren arazo logistikoaren aurreko konponbiderik, lantegian ditugun sasi-jangelak prestatzea ere ez dute proposatu. Elikadurarena berebiziko garrantzia duen gaia da, lan egindako orduengatik eta euren elikadura zorrotz zaindu behar duten lankideak ditugulako (diabetesa, bihotzeko aurrekariak…).

OSALANeko horrela gomendatuta, langileon balorazio medikua egin beharko litzateke, 12 ordutako lanaldi berriak eta ataza berriak egiteak izango lituzketen ondorioak aztertzeko. Zuzendaritzak uko egiten dio honi.

Zuzendaritzak, sindikaturen baten lankidetzarekin batera, kazikeen antzera eta despotismoz eman ditu postuak, kategoriak, langileak “poltsatik” atera ditu inolako irizpiderik jarraitu gabe eta obskurantismo lotsagarriz.

Bihar ekoizpenari berrekingo zaio ACBn hasieran enpresak proposatutako planaren arabera. Enpresarentzat eta beste zenbaitentzat, Eusko Jaurlaritza eta Arantza Tapia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailburua barne, albiste ona izango da. Zer aldatu da Eusko Jaurlaritzak duela hilabete gogortasunez kritikatzen zuena orain albiste ona izateko?

Arantza Tapia Sailburua, zer dugu ospatzeko bihar? ACBn egiten zen produkzio pila galdu dugula 55.000 tona egitetik soilik 12.000ra pasatu garenean? Ezkerraldea bezalako eskualde zigortu bat are gehiago desindustrializatzen dela?

Multinazionala da bihar ospatzeko zerbait duen bakarra. Beti bilatu duena eramango du aurrera, inolako konpromiso edo inbertsiorik gabe bere aldetik. Orain, gainera, badakigu diru publiko pila jasoko duela, nahiz eta ACBn enplegua suntsitu eta Zumarraga itxi. Batek daki hau izango den azkena.

Bihar berriro zabaltzeak ez du ezer bermatzen. Gaur inoiz baino gehiago beharrezkoa benetako etorkizuneko plan bat ACBk itxi ez dezan. Erakutsi dugu, datuekin eta Enpresa batzordeak berak proposatutako plan industrial batekin, ACB errentagarria izan daitekeela egungo enplegu bolumenarekin. Baina beharrezkoak dira konpromiso eta inbertsioak, azken finean, multinazionalaren apustu bat. Ez ezelango arriskurik ez hartzea guztion diruaren kontura. Hori ez da albiste ona.

LABek ACBren jarraipenaren alde egingo du borrokan. Bihar, 12 orduz lanera joango garenak, bidegabeki kalean dauden gure lankide guztiez oroituko gara. Bien bitartean, ez dugu zer ospaturik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Urriaren 21ean mobilizatzeko deia egin dugu, palestinarren kontrako genozidioa gelditzeko

Palestinak elkartasuna eta konponbideak behar ditu, eta nazioarteko komunitateari genozidioa nahiz okupazioa amai dadin presio mekanismoak areagotzea dagokio. Ildo horretan, lantegietan eta kalean mobilizatzeko deia egin dugu gaur, Gernika-Palestina herri ekimenarekin batera.

2024ak dagoeneko 45 langile hilik utzi ditu lan istripuz Euskal Herri osoan, horietatik 13 Nafarroan

Atzo, urriaren 6an, Nafarroako Funesen, 29 urteko langile batek istripu larria jasan zuen eta gaur hil da, zauri larriei ezin eutsi. Langileari makina batek besoa harrapatu eta suhiltzaileek askatu behar izan zuten, jarraian erietxera eramateko. Gaur hil da bertan. LAB sindikatutik gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide, lagun eta lankideei.

Osasun sistema publiko eta kalitatezkoaren defentsan berresten gara

Eusko Jaurlaritzak partekatutako hasierako diagnostikoak hutsune nabarmenak dituela, eta, besteak beste, pribatizazioen aurka egiteko, lehen arretaren kalitatea bermatzeko, hizkuntza eskubideak babesteko edota herritarren beharren araberako pertsonal politikak egiteko egiturazko neurrien beharra azpimarratu dugu.