2024-03-28
HomeEkintza SindikalaGreba deitu dugu Osakidetzan maiatzaren 18an eta 19an

Greba deitu dugu Osakidetzan maiatzaren 18an eta 19an

Osakidetzak bizi duen egoera larria eta negoziazioaren blokeoa ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu gaur eta Sagardui Sailburuari eskatu diogu Mahai Sektorialera joateko, eta abenduaren 7an egindako bileran egin genizkion planteamenduei erantzuteko.

Otsailaren 25eko manifestazio jendetsuen ondoren (zalantzarik gabe, langileak eta herritarrak gogaituta daudela erakutsi zuten manifestazio horiek), SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek baieztatu dute Osasun Saila ez dagoela prest bere bidetik apur bat ere aldentzeko. Gutxitan ikusi dugu hainbeste jende kalean osasungintza publikoaren defentsan, baina Osakidetzak gor eta mutu jarraitzea erabaki du kaleko aldarriaren aurrean.

Behin eta berriz salatu dugun bezala, Lehen Arretaren desegitea eta gainerako arreta-mailen prekarizazioa errealitate bat da, eta errealitate horren ondorioz, Osakidetzako langileek gero eta baldintza prekarioagoetan egiten dute beren lana; eta gero eta prekarioagoa da herritarrei eskaintzen zaien arreta ere.

Lehen Arretaren egoera bereziki larria da. Profesionalen faltaren mantra aitzakia ezin hobea bihurtu da Osakidetzak beste egoera batzuetan justifikatzen oso zailak izango liratekeen neurriak abian jartzeko. Gaurkotasun osoa dute Sagardui sailburuak udan esan zituen hitzek, kultura berri bati buruzkoak. Horren atzean murrizketak daude. Izan ere, argi eta garbi esan behar dugu Osakidetzak ez duela, Lehen Arretarako, beste planik murrizketak egiten jarraitzea baino. Horrela, Zumarraga, Deustu edota San Martin bezalako EAGen itxierak eta murrizketak mantentzen dira; Lehen Arretako ordutegien murrizketa urte osora zabaltzea planteatzen da (orain arte oporraldietan aplikatzen zen murrizketa hau); errealitate bat dira medikurik gabe irekitako EAGak; eta abar. Datozen urteetan izango diren erretiroek egoera okertuko dute, eta Osakidetzaren plana da horren aurrean ezer ez egitea.

Bitartean, plantillaren egoera gero eta prekarioagoa da: plantillaren ia erdia behin-behinekoa da, eta horrek esan nahi du, EPE bat bestearen atzetik egiteaz gain, ez dutela gutxieneko egonkortasunik beren kontratuetan; lanpostu asko hutsik uzten dira erretiroen ondoren; ez dira bajak eta bestelako absentziak betetzen; lan-gainkarga sistematikoa dago kategoria guztietan; hautaketa-prozesuak solapatu egiten dira, eta, ondorioz, langileak aldi berean hainbatetan daude murgilduta; egutegian eta lan-karteldegietan aldaketa izaten dituzte etengabe; eta abar luze bat. Osasun Sailak ez du neurri bakar bat ere proposatu plantillaren lan-baldintzak hobetzeko. Ez dago profesionalak Osakidetzan mantentzeko edota erakartzeko planik. Are gehiago, langileen tratu txar sistematikoa dago.

Testuinguru horretan, Mahai Sektorialak erabat blokeatuta jarraitzen du. Osakidetzak aldebakarreko erabakiak hartzeko izapide huts bihurtu du foro hori: bilerak deitzen ditu, gaiak Mahai Sektorialetik pasatzeko lege-izapidea betetzeko helburu bakarrarekin, alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitu ahal izateko. Sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki.

Ildo horretan, gogoratu behar da, sindikatuek eskatuta, abenduaren 7an bilera bat izan zutela Osasun Sailarekin. Harrezkero, Osakidetzako Zuzendaritzak behin baino gehiagotan adierazi du orduan planteatutako hainbat gai Sailburuaren esku daudela oraindik. Hori guztia ikusita, Mahai Sektorialeko sindikatuek mahaira joateko eta egindako planteamenduei erantzuteko eskatzen diote Sailburuari.

Hori guztia ikusita, argi dago Osakidetak mobilizazioetako bidea besterik ez digula uzten. Horregatik, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok erabaki dugu greba deitzea Osakidetza osoan maiatzaren 18an eta 19an. Osasun Sailari eskatzen diogu honako aldarrikapen hauei erantzuteko:

  1. 18-19 EPEa ebaztea, 2020-21-22 EPEko azterketak egin aurretik. Azken horretan, meritu lehiaketa-fasea ebatzi dezala, oposizio-lehiaketaren aurretik.
  • Hautaketa eta esleipen prozesuak arintzeko, giza baliabideen eta baliabide materialen hornidura: kontratazio-zerrendak, eskaintza telematikoa, lekualdatze-lehiaketa, etab.
  • Urtebetetik gorako behin-behineko kontratu guztiei kodea ematea; eta plangintza zehatza egitea, behin-behinekotasuna % 8tik behera jaisteko.
  • 2010etik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta %4ko osagarria ordaintzea hori kobratzen ez duten langileei.
  • Lan-baldintzak eta hauteskunde-esparruak arautzen dituen akordio berri bat berehala negoziatzea.
  • 2022. urteko Garapen Profesionalaren berehalako deialdia; eta Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea, kategoria guztien berezitasunak kontuan hartuko dituen ebaluazio-eredu berri bat negoziatuz.
  • Lehen Arretarako inbertsioa handitzea, ratio duinekin kategoria guztietarako, eta hori guztia kalitatezko arreta presentziala bermatzeko.
  • Ordaintzen diren osagarriak berrikustea eta eguneratzea arreta maila guztietan: sakabanatze geografikoa, produktibitatea, guardiak, etab.
  • Lanaldiari egokitutako karteldegiak, familia-kontziliazioa sustatuz eta bermatuz, alde bakarreko aldaketarik gabe.

Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dira horiek konpontzeko. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.