2026-10-01
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaGizarte zerbitzuetako erakunde arteko akordioa guztiz eznahikoa da

Gizarte zerbitzuetako erakunde arteko akordioa guztiz eznahikoa da

Gizarte zerbitzuen garapenaren harira, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Eudelek lotu duten erakunde arteko akordioari dagokionez, LAB sindikatuak gizarte zerbitzu publikoak, unibertsalak eta kalitatekoak osatzeko eznahikoak direla salatzen du.

Gizarte zerbitzuen garapenaren harira, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Eudelek lotu duten erakunde arteko akordioari dagokionez, LAB sindikatuak honakoa deritza:

1. Akordioaren edukia, honi eman nahi izan dioten izaera historikotik oso urrun dago. Berez, oinarrian, dagoena gordetzeko ahalegin bat baino ez da. Asmo eta gaitasun gutxi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizarte zerbitzu publikoen sistema batez horni gaitezen, zeina unibertsaltasun, berdintasun eta kalitate handiagoa izatean oinarritzen den. Hortaz, egungo gutxiengoei eusten dion, baina gizarte zerbitzuak beste zerbitzu publikoekin (osasungintzarekin edo hezkuntzarekin adibidez) parekatzeko guztiz eznahikoa den akordio batez ari gara.

2. Gizarte zerbitzuen egungo egoerak ondorengo ezaugarriak ditu: aurrekontuak benetako premien eta Europako batez bestearen azpitik daude; lehen zaintza eta lan komunitarioa ez daude behar beste garatuak; zaintzaren kalitateari eragiten diote pribatizatu diren zerbitzuek eta hauetako askotan dagoen langile-ratio txikiek; fiskalitate zuzena eta progresiboa ordezkatzen du berrordainketak (kopagoa); jendea bizi den lurralde eta eskualdeen arabera ezberdintasuna ematen da.

3. Diagnosi hau eginez, eta gai batzuen balioa aintzat hartuz, adibidez, legean biltzen diren zerbitzuen onura jasotzeko garaian norberari dagozkion eskubideen onarpena, akordioak hainbat gabezia ditu:

• 2017. urterako ezarri den aurrekontuaren hazkundea bizi ditugun beharren hedapenaren oso azpitik dago. Ez du balio izango zerbitzuen eskariak gora egin izanari erantzuteko, ezta langile gehiago hornituz eta komunitateko programak garatuz kalitatea areagotzeko ere, are gutxiago kostu txikiko gizarte zerbitzuak bakarrik sustatzen dituzten prozesu pribatizatzaileak lehengoratzeko ere.
• Akordioak oinarri ahula du, erakunde bakoitzak berrinterpreta ditzakeelako, azpitik, proposatu diren helburuak:
 
– Aburtok, akordioa sinatu zen egun berean, egin zituen adierazpenak guztiz kezkagarriak dira, araudien bidez, norberari dagozkion eskubideak modulatzeko (eta hortaz, murrizteko) aukera adierazi baitzuen.

– Ez du hiru lurraldetan bizi direnen berdintasuna bermatzen, prestazio edo laguntza bakoitzeko ematen den derrigorrezko gutxieneko estaldura %80koa izatea ezartzen duelako Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Estaldurak %80ren gainetik dauden lekuetan, haiek murrizteko aukera zabalik uzten da.

– Udalentzat adostu den funtsa lotsagarria da, batez ere, izaera komunitarioa duten zerbitzuak eta programak garatu ahal izateko. Ildo honetan, akordioak ez du etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ahultze eta etengabeko desagertze-prozesua konpontzen utziko.
 

• Azkenik, erakunde arteko akordioak ez ditu ahalbidetuko gizarte zerbitzuen hobekuntza eta haiek sortu ahal izatea, beraiek izanik zaintza kalitatearen funtsa. Hitzartu diren aurrekontu-partidek ez dute horretarako tarterik uzten.
 

Beraz, ez gaude gizarte zerbitzuen eredu berri baten osaketan egindako jauzi kualitatibo baten aurrean. Egungo egoerari eusten dio bakarrik. Deitoratzen dugu zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatekoen alde egiten ez dutenen gogo eta konpromiso ezak nagusitu izana.

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...