2026-11-05
HomeEkintza SindikalaGizarte Ekimeneko ikastetxeetako LABeko ordezkariok Greba amaierako akordioa betetzea eskatu diegu Kristau...

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako LABeko ordezkariok Greba amaierako akordioa betetzea eskatu diegu Kristau Eskola eta Aice-Izea Patronalei

Elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, Kristau Eskolaren aurrean.

14 greba egun egin ondoren, aurreko otsailaren 5ean greba amaierako akordioa sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta ordezkaritza duten sindikatu guztiek. Akordioa sinatu zen momentutik indarrean sartu zen eta langileek zintzo-zintzo hurrengo egunetik bete zuten, beraien lanpostuetara bueltatuz.

Hiru hilabete pasa ondoren, Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalak ez dira ari akordioa betetzen, eta hori gutxi balitz, erresistentziak jartzen ari dira hitzarmen berrian aurrerapausuak emateko. Adostutako zazpi mahai negoziatzailetatik, patronalek bi mahai bertan behera utzi dituzte azken momentuan, honek gaiak lantzerako garaian dakarren atzerapena nabarmena delarik. Hurrengo mahaia maiatzaren 29an izango dela espero da.

Hori dela eta, LAB sindikatuko ordezkariek hurrengoa eskatzen diete patronalei:

  • Adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak behin betiko gisa onar ditzatela eta greba amaierako akordioa adostutako baldintzetan aplikatzea

.

  • 2024. urterako adostutako ordainsarien igoerak langile guztien nominetan aplikatzen hasteko data bat finkatzea.
  • Kategoria ezberdinetarako adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzen hastea.
  • Birkokapen prozesua Lan Hitzarmenean txertatzea eta ahalik eta arinen martxan jartzea greba amaierako akordioan jasota dagoen bezala, hau da, kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria bermatuz.
  • Maiatzak 29ko mahaian Lan Hitzarmen berriaren artikulatu osoa aurkeztea, akordioan jasotako edukiak txertatuta.

LAB sindikatuak, egondako negoziazio guztietan, Gizarte Ekimeneko langile guztien soldatak langile publikoenekin ekiparatzearen alde egin du, eta helburu horrekin jarraituko du. Izan ere, argi geratu da greba amaierako soldata igoera finantzazio publikoari guztiz lotua dagoela eta ekiparazioa langileen borrokaren ondorioz lortu zezaketen neurria izan zela. Halaber, LAB jakitun da gobernu berria osatu gabe dagoela eta egoera horrek greba amaierako akordioak behar duen finantziazio publikoa lortzea zailtzen duela.

Hurrengo maiatzaren 29an egingo den mahai negoziatzailera eskatutako edukiak ekarri ezean, mobilizazioekin jarraitu eta bide juridikoari bide emango zaio. Amaitzeko, hurrengo maiatzaren 22an, LABeko afiliatu eta ordezkariek, beste sindikatuekin batera, ikastetxe guztietan mobilizazioak egiteko deia luzatu dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba orokorraren egunean Baionan mobilizatu gara politika neoliberalak gaitzetsi eta ikasle zein langileon boterea aldarrikatzeko

Goizean Baionako karriketan izan da Ipar Euskal Herriko mobilizazio nagusia, eta LABeko kideok bertan izan gara ozen esateko Macron gobernuaren eskutik langileen bizi-baldintzek okerrera...

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.