2026-06-18
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakGizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamalaugarren greba egunak ere jarraipen zabala izan du

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamalaugarren greba egunak ere jarraipen zabala izan du

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Patronalei eta Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diegu, gure negoziaziorako borondatea berresten diegu eta taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu.

Urtarrilak 16tik 25era bitarte deitutako greben bostgarren egunean gaude; azken bi ikasturtetan sektorean gauzatutako hamalaugarren greba eguna, eta gaurkoan ere babes zabala izan du langileen aldetik (aurrekoen antzekoa %60-65 bitarte). Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. Gaurkoan ere Gasteizen gauzatutako manifestazioan milaka langile bildu dira, aldarrikapenek eta mobilizazio zein greba dinamikak langileen aldetik duen babesaren erakusle.

Erkoreka jaunak gaur bertan esan duenaren kontra, Eusko Jaurlaritzak ardura zuzena du hezkuntza osoan orohar eta ikastetxe hauetan bereziki bizi den egoerarekiko. Eusko Jaurlaritza izan da urte guzti hauetan hezkuntzara gero eta inbertsio gutxiago bideratzeko erabakia hartu duena, erabaki honek zuzeneko eragina izanik Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan baldintzen okertzean ere. Beraz, arduragabekeria hutsa da Eusko Jaurlaritzak ardura guztia bere gainetik kendu nahi izatea.

Bestalde, sindikatuok argi utzi nahi dugu, 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu bakarra, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, gure lan baldintzetan eta ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere. Greba dinamika honetara iritsi aurretik gure esku egon diren bide guztiak agortu ditugu, urte luze hauetan hamaika bilera, elkarretaratze, manifestazio eta ekintza desberdin gauzatu ditugun arren, greba dinamika indartu dugunean soilik hasi dira mugitzen bai patronal bai Eusko Jaurlaritza ere.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu berriro ere eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak zoriontzen ditugu eta hurrengo egunotarako antolatu ditugun mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera animatzen ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.