2024-04-26
Kasu! Miseria arriskua

Urtebete iragan da Covid-19ak eragindako krisi sanitarioa Euskal Herria jotzen hasi zenetik. Beraz, estatuek eta haien sukurtsalek urtebete daramate salbuespen neurriak ezartzen, osasun egoerari buelta eman nahian-edo. Baina eredu sozioekonomikoari ez diote batere salbuespenik ezarri eta, beraz, kapitalak urtebete darama betiko dinamika irensleak aurrera eramaten.

Kapitalak bere hartan segitzen du, bere betiko printzipioei leial: “irabaziak jendearen gainetik, kodizia premiaren gainetik eta aberastasuna osasunaren gainetik”. Azkenaldian asko izan dira bizi izan ditugun printzipio horien jarraipenaren adibideak; ikustea baino ez dago nola ari diren enpresa farmazeutiko handiak beren txertoekin espekulatzen, edo nola eskrupulu gutxiko eta irabazi handiko multinazionalek lantokiak ixten dituzten han eta hemen.

Kapitalismoaren tresna bat baizik ez den krisi ekonomikoak indar handiagoz jo ditu lan mundura ailegatu diren azkenengoak; gazte langileak, alegia. Koronabirusaren aitzakiapean, kapitalismoak langabeziara kondenatu ditu gazteak, edo lan baldintza kaskarreko lanetara, eta miseriaren atarian jarri ditu haietako asko.

• Pandemia hasi zenetik, Nafarroa Garaian, %47 igo da langabezia 25 urtetik beheitiko gazteen artean. Orain 4.685 dira nafar gazte langabeak. Edo, bertze modu batean erranda, orain, hamar nafar gaztetatik hiruk bakarrik dute lana.

• Nafarroako langabeen erdiak 35 urte baino gutxiago ditu. Baina lana dutenen artean ere, behin-behinekotasuna izutzeko modukoa da, %56koa hain zuzen.

• Gazteen diru sarrerak gero eta prekarioagoak diren arren, diru irteerak etengabe ari dira handitzen. Adibidez, etxebizitzen batezbertzeko alokairua 690 eurotan dago Nafarroan, eta hori ordaintzeko gazteek beren soldataren bi heren erabili behar dituzte. Horregatik hain zuzen, 30 urte baino gutxiagoko gazteen artean bakarrik %16k lortzen du emantzipatzea.

Datuek argi erakusten dute gazte langileak jo puntuan jarri dituela prekarizazio prozesu orokorrak. Eta, zoritxarrez, Nafarroan, jende gazteaz eta haien etorkizunaz batere arduratzen ez den Gobernu bat egokitu zaie. Nafarroako Gobernua -batez ere Manu Aierdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari neoliberala, enpresei diru laguntzak digitalki emateagatik kargua galdu duen hori- CEN patronalaren esanetara dago eta egoera larri hauen aurrean inolako lotsarik gabe enpresaburuen bozeramaile bihurtu da.

“Gauzen logika” hau logika kapitalista da, eta ez dugu onartzen, noski. Nafarroako Gobernuak enpresak salbatzeari utzi behar dio gazteak babesteko. Hobeki uler dadin, Gobernuak Ostalaritzako langileak -gazteak horietako gehienak- salbatu beharko ditu, Ostalaritzako enpresak salbatu baino lehen.

Bizitza kapitalaren aurretik lehenesteko bide iraultzaile horretan, pandemia garai hauetan. lehentasun izan beharko litzateke zerbitzu publikoak indartzea, langile guztien enplegua eta osasuna bermatzea, zaintza baliabideak sendotzea, tokiko ekonomia babestea, eta oinarrizko behar sozialak ahalbidetzea. Eta gazte langileak miseria arriskutik urrutiratzeko bidean, gobernuek erabaki ausartak hartu beharko dituzte gazteei lan eta bizitza duina bermatzeko: gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezarriz, 35 orduko lan astea finkatuz, enplegu suntsiketari atea itxiz, Nafarroako hitzarmen sektorialak lehenetsiz... Finean, gazte langileon interesak kapitalaren interesen aurrean defendatzea dagokio Gobernuari, eta horretarako bidean borrokan jarraitzeko hautu irmoa egiten dugu.
[td_block_22 category_id=”_related_tag” tag_slug=”gazteak” limit=”1″ m17f_ex_font_family=”522″ m17f_title_font_family=”792″]

KAPITALA vs. BIZITZA