2026-10-24
HomeEkintza SindikalaGaur Eusko Jaurlaritzak ahoa beteta baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du...

Gaur Eusko Jaurlaritzak ahoa beteta baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publikoen eskaintza berezi bat

Hogei egun igaro dira EAEko Mahai Orokorraren bilera egin zela, non sindikatuok beste behin ere enplegu publikoa negoziatzearen beharra errepikatu genuen, eta betiko begirune faltarekin, inoiz iristen ez den “hurrengo baterako” gelditu zen.

Langileoi digun begirune faltari beste koska bat igoz, gaur jakin dugu medioetatik lanpostuen deialdi publiko bat egingo duela. Ez du mahai negoziatzaileetan negoziatu, eta funtzio publikoaren Mahai Orokorrera ez du gaia eraman, zer esanik ez gaia sindikatuokin adostu nahi izateaz. Aldebakarrez erabaki eta inposatuko du neurria oraingoan ere.

Gobernu bileraren erabakiaren edukiari begira eta xehetasunetan sartu gabe, bi kontu azpimarratuko genituzke: alde batetik, inplizituki Europak 2024rako behin-behinekotasuna %8tik jaisteko agindua ez dela beteko onartzen du, helburu hori datozen hiru urteetarako atzeratu duelako; beste aldetik, 3.949 plaza horiek 2024-2027 bitartean beteko direla esaten badu ere, “plaza gehiago gehituko zaizkiola datozen urteetan“ aipatzen du, inolako zehaztasunik eta seriotasunik gabe. Ohi bezala, negoziatzen eta betetzen ez diren konpromisoak.

LABentzat erabaki onartezina da. Deialdiak eznahikotzat jotzen ditugu, eta Jaurlaritzak ez du negoziatzeko aukerarik eman nahi izan. Gure iritziz Urkulluren eta Pradalesen gobernuen artean ez dago alderik, eta langileekiko betiko begirune faltarekin harrotu egiten direla dirudi. Kontran, patronalarekin eta botere finantzarioekin baldintzagabeko morrontza adierazten dute.

Negoziazio mahaietan langileoi zor zaigun begirunea exijituko dugu, eta hau bermatzeko neurriak planteatuko ditugu. Ez dugu onartuko beste lau urtez gurpil zoroaren bilera dinamika hutsalean manten gaitzaten, langile publikooi eragiten diguten neurriak alde bakarrez inposatzen dizkiguten bitartean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.