2026-10-02
HomeMurrizketakGaldakaoko Plataforma sozial eta sindikalak aurrekontu sozialak galdegin ditu

Galdakaoko Plataforma sozial eta sindikalak aurrekontu sozialak galdegin ditu

Eragile sozial eta sozialek osatzen duten Galdakaoko Plataformak joan den apirilaren 16an gobernu taldeak onartutako 2014ko udal aurrekontuak, alkateak esandakoaren oso bestelakoak direla salatzeko eta aurrekontu sozialak eskatzeko prentsaurrekoa eskaini zuten pasadan ostegunean.

Galdakaoko Plataforma sozial eta sindikalaren irakurketa
AURREKONTU SOZIALAK GALDAKAOKO HERRIARENTZAT
«Joan den apirilaren 16an, Galdakaoko gobernu taldeak sozialisten botoen laguntzarekin 2014ko udal aurrekontuak onartu zituen. Alkatearen esanetan aurrekontu hauek "sendotasuna eta iraunkortasuna emango diete zerbitzuei babes politiko zabala lortu dute eta"

Baina egia bestelakoa da. Urte bi aurrekontu barik egon ostean, berauen onarpena Galdakaoko auzotarren eta eragile sozialen parte hartzerik gabe egin dute. 2013an auzokoen %1 hartu zuten kontuan eta hauei aurrekontuaren inguruko inkesta batzuk egin zizkieten. Aurrekontu horiek ez ziren onartu; oraingoan, gainera, ez dakigu auzokide kopuru hori ere kontuan hartu duten.

Gauzak horrela, Galdakaoko Koordinadora Sozial eta Sindikalak kritika gogorra egin behar die aurrekontu hauei. Ez gaude ados edukian ezta erabili diren formetan ere. Udalak aurkeztutako kontuetako arlo gehienetan zehaztasunak ez dira nahikoak eta honek sinesgarritasuna kentzen die aurrekontuoi. Gai hau behin baino gehiagotan kritikatu izan dugu. Hala ere, gobernu taldeak ez ditu gure eskariak erantzuten eta Gizarte Laguntzen partiden kudeaketaren inguruko azalpenak ez dizkigu ematen galdakoztarroi.

Enpleguari dagokionean, 6 hilabetez, Galdakaoko 36 auzokideren kontratazioaren berri eman digute. Baina, aldi berean, Espainiako Gobernuaren murrizketak ezartzen dizkigu gobernu taldeak eta ondorioz, lanpostuak amortizatu egin dituzte. Gainera, udalak ez ditu gaixotasun bajak betetzen eta ez die behin behineko beharrei ere aurre egiten. Lanpostuak beraz, galdu egin dira eta galdu egingo dira Galdakaon.

Gure herriaren errealitate sozialaren aurrean erantzukizunez jokatu beharko lukete ustez herritarron interesak defendatzen dituztenek. Langabeziak gora egiten du etengabe. 2.300 baino gehiago dira langabetuak azken datuen arabera. 400 bat familiak gutxieneko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dute. Gizarte Laguntzetako zerbitzuek onartzen duten moduan gero eta gehiago dira Caritas, Gurutze Gorria eta Elikagaien Bankuaren laguntza eskatzen duten herritarrak.

Industria galtzen ari gara gure eskualdean eta jarduera ekonomikoak behera egin du nabarmen. Honek, gure herriaren pobretzea dakar eta ondorioak argi ikusten dira gure herriko denda txikietan.

Egoera honen aurrean, Galdakaoko udalak onartutako gizarte politika ez da egokia. Aurrekontu sozialak direla esaten digute, baina beharrizan handienak dituztenei laguntzeko zuzendutako diru kopurua ez da gastatzen eta horrela udalaren gerakina handitu egiten da. 2012ko aurrekontuetan (2013korik ez zen egon eta) 250.000 euro onartu ziren Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako. Hauetatik 182.943 erabili ziren. ( Gastu honetatik udaletxeak 594 euro baino ez zituen jarri, gainontzekoa Eusko Jaurlaritzak finantzatu zuen eta).

Udaletxeak finantzatu beharreko Banakako Laguntza Sozialetarako 91.000 euro zeuden aurreikusita, baina hauetatik 8.191 euro baino ez ziren erabili. Egoera honen aurrean, hauxe da gure galdera: Zer egin dute soberako diruarekin? Ez dugu honelako kudeaketa txarrik nahi 2014ko aurrekontuetan. Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako badago 392.000 euroko partida bat. Kopuru honetatik, Eusko Jaurlaritzak 213.594 euro finantzatuko ditu. Ikusiko dugu zenbat jarriko duen udaletxeak?

Honengatik guztiagatik seriotasuna, borondatea eta konpromisoa beharrezkoak direla esan nahi diogu udaletxeari eta honako eskari hauek egin nahi dizkiogu:

• Udal kontratazioetarako klausula sozialak ezar ditzala.
• Enplegu duina eta egonkorra.
• Gizarte Larrialdiko Udal Laguntza nahikoak eman ditzala.
• Eraginkortasun handiagoa lortu nahian Enplegu eta Gizarte-bazterketa Arloko Kontseiluaren bilera-dei egin dezala.

Aurrekontu SENDOAK nahi ditugu, BAI. Benetako enplegua eta politika sozialak bultzatuko dituzten aurrekontuak nahi ditugu. Eta jakina, auzokide, talde, auzo-elkarte eta eragile sozial eta sindikalen parte hartzearekin egindako aurrekontuak nahi ditugu.

Galdakaon, 2014ko ekainaren 25ean»
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.