2026-07-09
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaFeminismoan trebatzen jarraitzeko hitzarmena berritu dugu Emagin-ekin

Feminismoan trebatzen jarraitzeko hitzarmena berritu dugu Emagin-ekin

Bi urteren ondoren, Eskola Feministaren eskaintza gizonezko delegatuei ere zabaltzea dugu helburu eta etorkizunean herrialdez herrialde antolatzea nahiko genuke.

LAB sindikatuak eta Emagin Formakuntza, Dokumentazio, Ekoizpen eta Ikerkuntza Zentroak orain dela bi urte sinatutako hitzarmena berritu dugu, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Emagineko idazkari Idoia Arraizaren eskutik.

Hitzarmenaren berritze horren bidez, sindikatuaren bazter guztiak feminismoaz bustitzen jarraituz, sindikatuak egiten dituen ekintza, borroka eta irakurketa guztietan metodologia eta praktika feminista txertatu nahi dugu; horregatik eta horretarako sortu genuen Eskola Feminista. Sindikalismoan irekitzen ari garen garai berriari begira hartutako erabakia izan zen; sindikalismoa berritzeko egin nahi dugun ibilbidea egiteko funtsezko tresna.

Gurea Eskola Feminista duen sindikatu bakarra izanik, apustua egiten dugu, behar duen aitortza estrategikoa eta politikoa emanez, gainezka dauden agendetan lekua egin behar zaiola feminismoan trebatzeari, prest egon behar garelako ukitu ezinak ziren edo estrukturalak diren eta barneratuta ditugun ikuspegiak apurtzera, apurtze horretatik ikastera eta jarrera politiko eta pertsonal berriak eraikitzeko bidea egitera. Gure komunitatean formakuntzaren bidez eragin eta praktika eraldatu nahi dugu. Horrela, klase subjektuaren berrosatzean sakondu dezakegu, lana enpleguaz harago ulertu, zaintza lanei buruz hausnartu eta hauen berrantolaketa sozialaz jardun, soldata arrakala zer den ulertu, gure iruditegia sexista izan ez dadin landu, zein sindikalismoan praktika feminista txertatu.

Bi ikasturteetan orotara 314 ikasle izan ditugu. 2017/2018 ikasturtean 153 pertsona (83 emakume eta 70 gizon, denak liberatuak) pasa dira Eskola Feministatik eta 2018/2019 ikasturtean 161 pertsona, horietatik 121 liberatuak dira (83 emakume eta 38 gizon) eta 40 ordezkari sindikalak (denak emakumeak).

Feminismoak duen lekua eta feminismotik eman nahi dugun urratsa modu sistematizatu, antolatu eta estrukturalean ematen ari gara. Baldintzak sortzen eta sendotzen ari gara sindikalismo feminista eraginkor eta emankorra egiteko. Gure burua prestatzen ari gara politika feministen alde borrokatzeko sindikalismotik. Horregatik, aurrera begira Eskola ordezkari sindikalen eremuan eskaintzea nahiko genuke. Azken ikasturtean emakume delegatuekin egin ditugun saioak oso arrakastatsuak izan dira. Beraz, eskaintza hori gizonezkoei ere zabaldu nahiko genieke eta etorkizunean iraunkorki herrialdez herrialde antolatu nahiko genuke.

Eman diezaiogun feminismoari behar duen lekua gure agendetan!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.

1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko borroka enpresa eta sektore hitzarmen guztietara eramango dugu

LABek ez du hitzarmenetan 1.500 eurotik beherako soldatarik onartuko, eta mobilizazioak eta grebak sustatuko ditugu helburu hori lortzeko. Gaur egun LABek gehiengoa duen hitzarmenetan ia ez dago 1.500 eurotik beherako soldatarik; aurrerantzean gehiengorik gabeko eremuetara ere eramango dugu borroka.

CIE Norma enpresako langileek enpresaren hazkundearekin bat datorren hitzarmena eskatu dute

Jarduerak erritmo altuari eusten dion bitartean eta eskaeren zorroak datozen urteetarako lan-karga bermatzen duen bitartean, hitzarmen kolektiboak eragindako gatazkak irekita jarraitzen du CIE Norma enpresan (Itziarren kokatua). Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, langileen ordezkariek adierazi dute enpresak azken urteetan izandako hazkundeak emaitza horiek posible egiten dituztenen lan-baldintzak hobetzea ekarri behar duela berekin.