2026-10-15
HomeEkintza SindikalaEzkutuko-sukalde lanak negoziazio kolektibotik gehiengo sindikala zokoratzeko: analisia

Ezkutuko-sukalde lanak negoziazio kolektibotik gehiengo sindikala zokoratzeko: analisia


Aste honetan Toña Sailburuaren dimisioa eskatu dugu, Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egin duen proposamen bat ezagutu bezain pronto. Proposamena oso argia da: gehiengoak lortu ezean, sektore hitzarmenak gutxiengoan egitea Jaurlaritzaren babes politiko eta “juridikoarekin”.

Lehen erreakzioaren ondotik analisi pausatuago baterako tartea hartuta, hauxe diogu:

Toñaren dimisioa eskatu dugu, benetan larria delako botere politikoak langileek demokratikoki hautatu duten ordezkaritza sindikala ez errespetatzea. Auzi guztiz politikoa da hau: hemen gehiengo sindikal bat dago, patronalaren asmoak oztopatzen dituena, edozer egiteko prest daude gu paretik kentzeko, eta Jaurlaritzak bat egiten du helburu horretan.

Duela urtebete LAB eta ELAri sindikatu izaera kentzeko bidea irekitzeko eskatu zuen Confebaskek. Lan mundutik kanporatu nahi gintuen. Orduan ez zuen lortu, baina azken proposamen honekin asmo berari eusten dio, lan mundutik kanporatu ezin eta Negoziazio Kolektibotik zokoratu nahi gaituzte. Patronalak gurekiko asmo horiek izatea larria da, eta larria bezain onartezina, Gobernuak horretan laguntzea.

Patronalak bere interes partikularrak defendatzen ditu; patronal guztiz basatia dugu aurrean. Patronalarena ez bezala, Gobernuaren funtsa interes orokorra defendatzea izan beharko luke. Botere publikoari dagokio oinarrizko eskubideak defendatzea eta babestea, baina guztiz kontrakoa egiten ari da.

Ezkutuko sukalde-lanetan ari dira. Esku artean ezer onik ez dutenaren seinale. Zer gertatuko zen bi dokumentuak eskuratu izan ez bagenitu? Uda sasoia egoki zetorkien halako akordio bati bide emateko.

Lehen erantzuna ELArekin batera eman izanaren balioa eta garrantzia azpimarratzen dugu. Ez dugu Negoziazio Kolektiboan akordiorik, eta bide luzea egin beharko dugu eremu honetan ados jartzeko, baina balio politiko nabarmena du oinarrizkoa diren gaietan batera agertzeak, eta zentzu horretan, oinarrizko eskubide sindikalak errespetatzea funtsezko gaia da.

Bukatzeko, eragile politikoek atzo izandako jarrera baloratu nahi dugu. EH Bildu da Jaurlaritzaren egitasmoa salatu duen bakarra, Toñaren agerraldia eskatuz. Besteek ez dute ezer esan. Parlamentutik kanpo Sortu izan da egoera salatu duen bakarra. Ez da inolako erreakziorik eman beste inoren aldetik. Berriro diogu, eskubide demokratikoen errespetuaz ari gara, ez soilik gai laboral batez.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.