2026-10-23
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakEz gatoz bat Lanbideko bulegoetan ezarri nahi duten Arreta Eredu Berriarekin

Ez gatoz bat Lanbideko bulegoetan ezarri nahi duten Arreta Eredu Berriarekin

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur, Lanbideko bulegoetan ezarri nahi duten Arreta Eredu Berriari buruzko balorazioa egiteko. Hain zuzen ere, eredu hau Lanbideko hiru bulegotan martxan jarri dute, lurralde bakoitzeko bana, “ereduzko plan” gisa, bai era partzialean (DBE-aren kudeaketari dagokion zatia soilik, bestelako zerbitzuak kanpoko enpresen esku utziz), edota bulegoetako dimentsioak zein beharrak kontuan hartu gabe, baita emaitzen balorazioa egiterako orduan ere (emaitzen informeak sarritan eskatu arren, eskuratu ezinean jarraitzen dugu).

Orain, beste 16 bulegotan ezarri nahi dute eredu berri hau langileon ordezkaritzarekin negoziaziorik izan ez denean, bulegoetako langileei derrigorrezko prestakuntza ikastaroak antolatuz, eta hau guztia aurrera eramateko beharrezkoak diren tresnak edo azpiegitura prest izan gabe. Are gehiago, aurkitzen ari diren oztopo guztiak gainditzeko, inprobisatzera behartuta daude momentu oro, ezarpen honen zentzugabekeria agerian utziz.

Gainera, Lanbide-eraldaketa (Arreta Eredu berria barne hartzen duena), Legebiltzarrean aurkeztu gabe dago, talde parlamentarioek aztertu eta baloratu dezaten.

Beraz, sindikatuok Arreta Eredu horren ezarpena gelditzea eta benetako negoziazio bati lehenbailehen ekitea eskatzen dugu.

Hurrengo egunetarako honako ekintzak adostu ditugu sindikatuok:

* Legebiltzarreko taldeei bilera bat premiaz egiteko eskatzea, Lanbideko Arreta Eredu Berriari beren sostengua ez emateko eskatzeko.
* Funtzio Publikoarekin eta Enplegu Sailarekin bilera eskatzea, gure azalpenak emateko, eta sortzear dagoen gatazka honetan esku hartzeko eskatzeko.
* Elkarretaratzeak bulegoetan.

Datozen asteetan asanbladak antolatuko ditugu Lanbideko zentroetan egoera aztertzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.