2025-12-14
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaEz gara joan Osakidetzaren sektore-mahaiko gaurko bilerara

Ez gara joan Osakidetzaren sektore-mahaiko gaurko bilerara

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok salatu bezala, Osakidetzak aztergai-zerrendan sartu dituen proposamenak bazeuzkan adostuta, itxita eta sinatuta 2017ko Enplegu Akordioaren sindikatu sinatzaileekin, Sektore Mahaian aurkeztu baino lehenagotik.

Negoziatzeko borondaterik eta gardentasunik eza ikusita, Osakidetzako gehiengo sindikala ez da joan Mahai Sektorialaren gaurko bilerara. Gogoratu behar da, joan den urriaren 8an, arrazoi berberengatik, Mahaiko bileratik ere alde egin genuela.
Osakidetzak edukiz hustu du Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen- batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua); eta horrela negoziazio-mahai paralelo bat sortu du. Osakidetzak, bere jarrera horrekin, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe; daukagun ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi eta garbi esan behar da Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparrua.

Gaurko egunean, urriaren 8an egindako aurreko bileran gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeuden, eta gero Mahaira eraman dira betebehar formal bat betetzearren, baina ez fede onez negoziatuak izateko. Eta sinatutako puntuak direla esaten dugunean, hitzez hitz erabiltzen dugu esamoldea, beste sindikatu batzuen sinadura jarrita daukaten bi dokumentu helarazi zaizkigulako. Dokumentu horiek Mahai Sektorialera eraman aurretik, SATSEk jendaurrean adierazi zuen ez zetorrela bat haiekin, eta horregatik ez zituela sinatu nahi. Egoera hain da larria, ezen Mahai Sektorialean zilegizko ordezkaritza dugun sindikatuok SATSEren adierazpen publikoen bidez jakin baitugu akordio horiek sinaturik zeudela. Ez gara Mahai Sektorialera itzuliko proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzeko eskatzen dugu. Premiazkoa da lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen) edo garapen profesionaleko eredu berri bat, besteak beste, jorratzea eta negoziatzea. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...

Pasaiako Udalak azpikontratatuta duen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko akordioa lortu dugu

ELA eta LAB sindikatuek hitzarmen kolektibo berri bat sinatu dute Pasaiako udalak Matia Goxara enpresaren bidez azpikontratatzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko.