Euskara administrazio publikoetan pairatzen ari den erasoei aurre egiteko eta euskaraz lan egin zein euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko berme juridikoak aldarrikatzeko dinamikaren barruan beste mobilizazio aldi bat egiten ari gara Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ELA eta Steilas sindikatuekin batera. Gaur Iruñako Gobernuaren aurrean mobilizatu gara, atzo Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean egin genuen bezala.
Administrazio publikoak interpelatzeko mobilizatu gara, Nafarroako Gobernua, udalak, ikastetxe publiko, ospitale publiko eta entitate publikoak interpelatzeko. Izan ere, erakunde publiko hauetan euskaraz lan egitea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideak arrisku larrian daude eta ez daude bermaturik.
Zer esanik ez Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuetan. Izan ere, 39 urteko Vascuencearen Legearen inposizio eta zatiketak lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen ditu Nafarroan, lurralde osoan euskara ofizialtasunik gabekoa izateak ondorio larriak sortuz. Horrela bizitokiaren arabera euskaraz artatua izateko eskubidea eman edo kentzea arautzen du legeak.
Hego Euskal Herriko epaitegietan duela lau urtetik ona bultzatu den oldarraldi euskarafoboak, euskararen normalizazioa oztopatu eta atzera urratsak eragin ditu. Horrela, CCOOk eta UGTk, euskararen normalizazioan aurrera egiteko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan enplegu publikoko hizkuntza gaitasunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz. Bi sindikatu hauek bazka ematen diete epaile euskarafoboei eta PSN-UPN-PP alderdiekin batera euskara bere garairik ilunenetara itzultzea bilatzen dute, euskara frankismo garaietara eraman nahi dute, eremu publikotik ateraz, urratsez urrats.
Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua elikatzen ari dira. Bidea, ordea, euskara gehiago bultzatzea da, Nafarroa osoan euskara ofizial izateko lege berria sortuz; euskarak kohesio sozialerako zubia izan behar du; euskara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkie langile guztiei, azpikontratatuak barne, eta ez alderantziz.
Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Nafarroa Garaian hori lortzeko bidean, errepikatzen dugu LABek proposatzen duena:
- Euskara ofiziala egingo duen lege berri bat.
- Euskararen kontrako epaiak salatzea.
- Administrazio publikoan euskararen eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
- Erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz, lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
- Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza gisa izateko duten eskubidea bermatzea.
- Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
- Lege berria egon bitartean, euskara ofiziala den eremuetan, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea.
- Lanpostu berri guztiak perfilatuta egotearen bidean, urtero adostea portzentaia bat administrazioan euskara profila duten plaza kopurua handituz.
Horretaz gain, aste hauetan Nafar Gobernuak langile publikoen estatutu berri baten zirriborroa aurkeztu digu eta bertan ez dira aintzat hartzen aurrez adierazitako aldarrikapenak. Beraz, Estatutuan hurrengoa zuzentzea eskatzen dugu: euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea bermatzeko klausulak jasotzea.
Abenduan aurreratu bezala, langileak eta lan zentroak aktibatzen ari da LAB dagoeneko. Atzo eta gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu gara, eta ez gara honetan geldituko. Borroka areagotzera doa LAB!

