2026-05-03
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaEuskararen III. Planean ez dugu baldintza nahikorik ikusten, EHUk datozen lau urteetan...

Euskararen III. Planean ez dugu baldintza nahikorik ikusten, EHUk datozen lau urteetan euskalduntzean urrats sendoak emateko

Gaur, abenduak 20, onartu da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan Euskararen III. Plan Gidaria, 2018-2022 bitartean indarrean egongo dena. LABek gertutik jarraitu du sortze prozesu osoa eta planaren atal ezberdinetarako ekarpen eta proposamen sorta garatu du, afiliazioaren ekarpenak ere jasoz. Eztabaida gune guztietan LABen proposamenak eta emendakinak presente egon dira bere afiliatu eta ordezkarien bidez, UPV/EHUk behar duen euskara plana lortzeko ahaleginean. Lan eta denbora inbertsioa handia izan da.

Hurrengo lau urteetarako Euskara Plan honen aurrean, LABen EHUko sail sindikalak egiten duen balorazioa honakoa da:

• Plana osatzeko prozesua nahasia izateaz gain, parte-hartze prozesuaren ibilbidean gardentasun falta nabaria izan da, gune eta batzorde ezberdinetan landutako ekarpen eta proposamenak ez baitira partekatu.

• Euskara plana planteamendu estrategikorik gabe jaio dela iruditzen zaigu. Abiapuntua “nora heldu behar dugun” izan beharrean, “zer daukagun eta horrekin zer egin dezakegun” izan da. Hein handi batean, EHUko euskalduntze prozesua inertziaren esku uzten dela ondoriozta daiteke. Era berean, neurri eraginkor eta beharrezkoak ekidin dira, ausardia falta erakutsiz.

• Zehaztasuna falta da helburu eta ekintza askotan, zein helburutara heldu nahi den eta nola egingo den zehaztu gabe geratzen delarik. Bestalde, neurri askok ez dute adierazlerik, beraz, betetze-maila neurtu gabe gera daiteke.

• Euskara planak elementu positiboak baditu ere, hauen inplementazioa eta garapena nola eta zein baliabiderekin egingo den EHUko eremu guztietara heltzeko ez da zehazten, ez EHUko eremu ezberdinetan euskara lan-hizkuntza izan ahal izateko, ezta erabiltzaileei (ikasleei nagusiki) zerbitzua euskaraz bermatzeko ere.

• EHU-ren euskalduntzeak beharrezko baliabideak esleitzea eskatzen du. Euskararen normalizazioan urrats sendoak emateko aurrekontuan diru- eta giza-baliabide gehiago izatea beharrezkoa da, baina horretatik ez dago ezer plan berrian. Euskara errektoreordetzaren baliabide urritasuna euskalduntzeari ematen zaion lehentasunaren seinale.

• Gobernu eta unibertsitate egitura guztien benetako lidergoa eta konpromisoa beharrezkoa da euskararen normalizazioan aurrerapauso esanguratsuak eman ahal izateko. Plan hau hanka-motz geratzen bada ere, Errektoretza taldearen lidergoa eta babesa ezinbestekoa da, planean jasotakoa errealitate bilakatzeko, eta bigarrenarekin gertatu zena ez errepikatzeko, hots, neurri nabari batean bete gabe geratzea.

Goian esandako guztiagatik LABek Euskararen III. Plan honetan ez du baldintza eta berme nahikorik ikusten EHUk datozen lau urteetan zehar unibertsitate publikoaren euskalduntzean urrats sendoak emateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...