2024-05-04
HomeEkintza SindikalaEuskal Herriko lantokien etorkizuna bermatzeko exijitu diogu Siemens Gamesari

Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatzeko exijitu diogu Siemens Gamesari

LABek irmoki salatu nahi du Euskal Herriko diru publikoarekin sortutako Gamesak eta orokorrean, Siemens Gamesak izandako bilakera. Izan ere, Gamesaren salmenta prozesuan, LABek salatu moduan, Eusko Jaurlaritzak arduragabeki jokatu zuen, erabaki ahalmena Euskal Herrian geratzen zela ziurtatuz. Hitza hauek haizeak eraman zituen, eta egun hauetan argitaratu den Siemens Energy-k egingo duen eskaintza publikoaren ondorioz, Siemens Gamesaren erabakigunea Alemanian kokatuko da.

Adierazgarria da energia iturrien krisi bete betean energia berriztagarrien aldeko mezuak eta trantsizio energetikoaren beharra zabaltzen duten bitartean, Gamesa bezalako enpresa batekin egin zutena bertako instituzioek: zuzendaritzako kideen pelotazoa txalotu, eta estrategikoa beharko lukeen industria atzerriko kapitalaren esku utzi. Hemen egiten den industria politika negargarriaren adibide garbia da Gamesarekin egindako kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuei, fiskalitatean izan dezakeen eragina aztertzeaz gain, lanpostuen eta proiektu industrialaren defentsa egitea exijitzen diegu. Zer egingo du publikoki egindako adierazpenak (erabakitze gunea bertan geratuko da) bete daitezen? Orain enplegua defendatuko dutela diote. Adierazpenok haizeak eramango al ditu berriz ere?

LABetik salatu nahi dugu era berean Siemens Gamesaren partetik informaziorik ez dugula. Inolako gardentasunik gabe ari da jokatzen multinazionala, eta gainera publikoki zabaltzen diren mezuak mehatxuz beteta daude. Horregatik, eta gogoratzen dugulako Aoizko lantokiaren itxiera bidegabea, LABek jakinarazi nahi du etor litezkeen balizko erasoei langileak antolatuz eta borrokatuz erantzungo diela. LABek eskura dituen tresna guztiak martxan jarriko ditu Euskal Herriko lantokien geroa eta enpleguaren alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.