2023-11-30
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaEuskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ikasturtea hasi du Eibarren

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ikasturtea hasi du Eibarren

Pasa den kurtsoan zehar Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren osaketan parte hartu zuten eragile sozial eta sindikatuak Eibarren elkartu dira gaur goizean eta aurtengo kurtsorako plangintza eta antolaketa eredua zehaztu dituzte. Honekin batera, Merkataritza Askeko Itun Trasatlantikoaren kontrako adierazpen bateratu bat onartu zuten.

Asanbladan elkartutako hamarnaka eragileen sentsibilizazio, atxikimendu eta mobilizazio faseari ekitea erabaki dute, Kartan jasotako eskubide eta edukiak ardatz hartuta. Ekimen zehatzak datozen asteotan aurkeztuko dizkiete herritarrei.

Eskubide Sozialen Kartaren antolaketa eredua ere onartu du asanbladak, urteroko asanblada nazionalarekin, koordinadora nazionalarekin eta lekuan lekuko taldeekin. 

Honetaz aparte, Merkataritza Askeko Itun Trasatlantikoaren kontrako adierazpena ere onartu dute asanbladan (TTIP ingelesez), bere eragin txikitzailea nabarmenduz (ik. atxikitako kopia). TTIPek lan-esplotazioa dakarrela nabarmendu dute, merkatua zerbitzu publikoez jabetzen da, elikadura burujabetza heriotzara darama, ingurumenarekiko mehatxua indartzen da, botere guztia ematen zaie multinazionalei eta pertsona eta herrien arteko harremanak pozoitzen ditu. Gaiaren inguruan leku ezberdinetan egiten diren mobilizazioekin bat egiten dutela adierazi dute, eta herritarrei euretan parte hartzeko deia egin.

Eibarren burutu zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzeko lehenengo asanblada, 2013ko maiatzaren 25ean. Lehen asanblada honetan, azken urteotan eredu sozial eta ekonomiko berriaren alde lanean ari ziren sindikatu eta mugimendu sozialek argi utzi nahi izan zuten prozesu berritzaile honen garrantzia.

“Ordua da gure borroka guztiak eta jendarte osoaren indarrak bildu eta denon artean, batera, bideari ekiteko. Borrokarako baliozko tresna izatez gain, ziur gaude alternatibaren sorrerarako lagungarri izango dela, honek eredu ekonomiko eta sozial propioaren garapena ekarriko du, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egina eta ez elite ekonomikoen esku dagoena”. 

Prozesu horizontal eta parte-hartzaileak, azken urtean ibilitakoak, Karta zerbait ezberdina dela adierazten du. Egindako bideak, emaitzetatik harago, izaera berritzailea ematen dio esperientzia politiko honi. Datuak oso adierazgarriak dira: 1.200 pertsonak hartu du parte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburu, herri eta auzoetan egindako 113 prozesuetan. Eskubide sozialen inguruan milaka ekarpen egin dituzten herritarrak. Bide honek bultzada berria jaso du gaur. 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zaintzaren iraultza martxan da

“Zorionak Euskal Herria!” hitz horiexekin hasi dute mugimendu feministako ordezkariek hainbat eta hainbat hiri eta herritan arratsaldean egin diren mobilizazioen osteko manifestua. Goizean goizetik jo eta sua aritu dira milaka grebalari lurralde osoan barrena, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarri eta kaleak astintzen. Oraindik amaitu ez den prozesu baten mugarri historikoa izan da gaurkoa.

Greba Feminista Orokorra: Jarraipenari buruzko datu eguneratuak

Goizean goizetik nabaritu ahal izan den eraginaz gain, jarraipen datu eguneratuek erakusten dute eremu guztietara iritsi dela Greba Feminista Orokorra:

Zaintzaren eraldaketa aldarri, euskal langileok planto egin dugu eta goiz osoan zehar kaleak bete ditugu

Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintza langileen elkarteetatik koordinatutako ekimenak egin dira hiriburuetan: etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Eguerdan herri herri zaintza langileen egoera prekarioak salatu dira.