2024-04-20
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEuskal Herriak bizi behar du: Demokrazia eta burujabetza politiko eta ekonomikoa

Euskal Herriak bizi behar du: Demokrazia eta burujabetza politiko eta ekonomikoa

2013ko Aberri Eguna. LAB sindikatuaren adierazpena.


1. Euskal Herria aintzat hartzen dugunontzat Aberri Egunak mugarri politiko sinbolikoa ezartzen du, eguneroko zurrunbiloak sortzen dizkigun zereginen gainetik, gogoeta lasaiagoa eta sakonagoa egiteko parada ematen digularik. Esan gabe doa, testuinguru politikoaren eta ekonomikoaren berezitasunak azken urteotan gogoeta horren beharra eskatzen duela, epe luzeko ikuspegia lortuko baldin badugu eta gure helburuak lortzeko bide egoki eta zuzena hautatuko badugu. Baina, halaber, gogoeta hau eragile bakoitzak bere aldetik egin beharrean, Euskal Herria aintzat hartzen dugun eragileon arteko gogoeta komuna egiteko zailtasun eta ezintasun bera azpimarratu behar dugu.

2. Beraz, LABek agiri honen bidez, bere gogoeta plazaratu nahi du, beste eragile sindikal, politiko eta sozialekin eta euskal langileekin partekatzeko xedez eta Euskal Herrian eman behar dugun alde anitzeko elkarrizketan geure ekarpena egiteko asmoz.

3. Gure oraina eta etorkizuna marraztu behar ditugun uneotan, eztabaida guztiz bahituta dago elite politiko eta ekonomikoen esku, langileria eta herri sektoreei bizkar emanda. Joera honek kontraesanak baztertu eta alternatibak ezkutatzea dauka helburu eta guztiz onartezina da. Izan ere, Euskal Herria langileen eta herritarren lanaren eta ahaleginaren bidez eraikitzen da egunero egunero. Langileriaren eta sindikalismoaren parte hartzea eta ekarpena ezinbestekoa da Euskal Herriak erdietsitakoa ulertuko bada, eta derrigorra denon artean eta denontzako etorkizuna eraiki nahi baldin bada.

Euskal Herria bidegurutzean dago: larrialdi ekonomikoa, politikoa eta soziala maila gorenean

4. Langileria eta sindikalismoa eztabaidatik kanpo nahi dute, krisi ekonomikoaren irtenbidea langileen bizkarretan zamatu nahi dutelako. Honek krisi eta larrialdi soziala ekarri du, gehiengo soziala, langileria, garelako ondorioak pairatzen ari garenak. Herritarroi etorkizunik eza marraztu digute, edozein etorkizun onar dezagun. Langabezi tasa jasangaitzaren bidez, txirotze orokorra justifikatzen ari dira, herri honek duen aberastasunaren metatzea eta ezkutatzea sustatzen duten bitartean. Txirotze zuzen eta zeharkakoa, langabeziaren, pentsio publikoen eta soldaten murrizketen bidez batetik, eta eskubide eta zerbitzu publiko ororen ezabaketaren edo murrizketaren bidez bestetik. Osasun zerbitzuen murrizketa orokorra, hezkuntza sistemaren ahultzea, lan erreforma eta negoziaketa kolektiboaren erreforma, babes sozialaren deuseztapen graduala, etxegabetzeak… langileen eta, oro har, herritarren kontra doazen neurriak dira.

5. Krisi sozialaren ondorioak ez dira multzo jakin batzuetan nabaritzen soilik. Herri osoak nozitzen du krisi sozial hau, bere sektore herritar guztiek. Krisi soziala Euskal Herria desegituratzen ari da. Euskal Herria egituratzen duten instituzioen (hezkuntza, herri administrazioa, osasungintza, lan harremanak…) lehertze kontrolatuaren aurrean gaude.

6. Krisi sozialak bat egiten du egiturazko krisi ekonomikoarekin. Euskal Herrian azken hamarkadetan funtzionatu duen eredu ekonomiko kapitalistaren salbamendurako, edozer egiteko prest daude. Are gehiago, beste krisialdi batzuetan egin bezala, sistema horretan sakonduz bilatzen ari dira irteera. Hala ere, jakin badakigu, ordea, eredu kapitalistaren iraunkortasuna ezinezkoa dela klabe sozial, ekonomiko, ekologiko, energetiko eta demokratikoetan. Eta, agerian gelditzen ari den moduan, errezeta horiek ez dira emaitza onik izaten ari ezta kapitalarentzat ere, hobeto esanda, kapital produktiboarentzat guztiz kaltegarriak suertatzen ari dira. Hondamendirantz zuzentzen den lasterketa batean sartu nahi gaituzte, langile klaseak bereziki jasango duen hondamendia.

7. Krisi ekonomiko honetatik ateratzeko eztabaida, maila tekniko hutsean mugatuta eta zedarrituta eduki nahi dute. Baina, eztabaida, politikoa da. Funtsean, zer eta nola ekoiztu nahi duen, nola bizi nahi duen, nola antolatu nahi den erabaki behar duen herri bat dago. Eta eredu ekonomikoaren eztabaida eta, bereziki, erabakiak herriari bizkar emanez eta herriak eman beharreko eztabaida politikotik kanpo hartzen badira, eredu ekonomiko kapitalistaren birmoldatzearekin egiten ari diren bezala, herri honi bere borondatearen kontrako erabakiak inposatzen arituko dira.

8. Krisi ekonomikoak, esan gabe doa, krisi politikoa ageriagoa bilakatu du. Euskal Herrian ETAren erabakiek eta Ezker Abertzalearen ekimenek gatazka politikoaren konponbiderako aukera erreala sortu dute. Euskal Herriaren lurralde eta egituratze instituzionalaren eztabaida parez pare zabaldu da. Zatiketa administratiboak ezin du jadanik ezkutatu gure herriak eskatzen duen eztabaida politikoa. Eta krisi ekonomikoaren aurrean estatuek bultzatu duten ildo zentralista, autonomien estatua hustuz estatu espainiarrean eta Euskal Herriaren aitortza minimoa eta lurralde elkargoa ukatuz estatu frantsesean, eztabaida bizkortu eta edukiz bete besterik ez dute egin.

9. Eztabaida ekonomikoaren dimentsio politikoa ukatzea eta Europar Batasunak eta Estatuek ezartzen dituzten politika ekonomiko murriztaile estuak aplikatzea, eredu ekonomiko jakin bat inposatzeaz gain, eredu politiko antidemokratikoa ezartzen ari dira Euskal Herriarentzat. Kapital finantzieroaren, bankaren eta enpresari handien interesen araberako politikak dira, haien mozkinak babestuko dituen eredua. Eta, halaber, interes horiek kudeatzen dituen elite politikoa ere aberasten da horren kontura. Herritarren borondateari errespeturik gabe bakarrik eraiki daitekeen eredua da hori. Salbatu beharreko eta babestu beharreko zerrenda labur horretatik kanpo gaude langileok, ikasleak, pentsionistak, enpresari txikiak, langile autonomoak, kooperatibistak, nekazari eta arrantzaleak… eta zer esanik ez, pobreziara kondenatu nahi dituzten sektore guztiak; ahantzi gabe sektore hauetan guztietan emakumeak bereziki kaltetuak gertatzen ari direla. Hau da, eredu kapitalistaren piramidearen goiko puntan kokatzen ez diren guztiak.

10. Gutxi batzuen interesetan bultzatzen ari den eredu ekonomiko horrek ondorio larriak ekarri dizkio gure herriari eta are larriagoak ekarriko dizkio eten ezean. Enplegu suntsiketa eta enpresen desagerpena heldu den mailak eta hartu duen abiadura izugarriak arrisku bizian jarri dute gure herriaren ehundura ekonomikoa bera. Deuseztatzen den enplegua berreskuratuko ez den bezala, bereziki kolpatuak izaten ari diren hainbat sektoreri ere berriro eustea ezinezko bihurtu liteke. Biek ala biek gure ehundura ekonomiko espezializatu eta bereiztua urtu eta desagertze bidean jar dezakete. Hortaz, koiuntura honetan, gure eredu ekonomikoa birplanteatzea premiazkoa da eta eztabaida hau oinarri demokratikoetan eta herri estrategia baten baitan egitea saihestezina.

Demokrazia eta burujabetza politiko eta ekonomikoa. Badago bide alternatiboa

11. Aipatu interesei jarraituz egin daiteke politika, sindikalismoa edota ekonomia. Baina badago Euskal Herriaren eta euskal herritarren beharren araberako estrategiak formulatzeko aukerarik eta horien araberako jokamoldeak eraikitzerik. Euskal Herriaren biziraupen eta bideragarritasuna proiektu politiko eta ekonomiko gisa, batetik, eta euskal herritarren bizi baldintzen duintasunaren muga eta eskubide sozial eta ekonomikoak, bestetik.

12. Interes eta ikuspegi horren jabe diren sektore zabalak daude Euskal Herrian. Kontzientzia nazional sendoa duen langile klasea, erro nazional eta abertzaleak dituen gehiengo sindikalarekin. Lan baldintzen eta eskubideen aldeko borroka Euskal Herriaren garapenaren gakoei lotu dizkion sindikalismoa. Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile ekonomikoen existentzia, Herri gisa etorkizuna artikulatu eta gauzatzeko ezinbesteko osagaia da.

13. Euskal eragileon artean eraiki behar dugu bidea. LABek horretan bere ekarpena egingo du eta bide horretan engaiatuko da. Langileen interesaren defentsaren ikuspegitik, baina Euskal Herrian sektore ekonomiko eta politiko ezberdinen artean eraiki behar ditugun akordioetara irekia. Bide hori, benetan inposatzen ari zaigun hondamendiari alternatiba izango bada, ezaugarri ezberdinak izan behar ditu oinarri: demokrazia, burujabetza politikoa eta burujabetza ekonomikoa.

14. Demokrazia, herritarrek boterea berreskuratzea bezala ulertuta. Hau da, aukera eta eskubide berdintasunetik, erabaki nagusi eta funtsezkoak hartzeko ahalmena herriarengan egotea, egungo fasean ikuste ari garen botere faktikoen eta eliteen espektakulu autoritarioa atzean utziaz.

15. Burujabetza politikoa, Euskal Herria estatuak inposatzen ari zaizkigun galbidetik atera behar dugulako. Eztabaida politikoa erabat irekia dugu gure herrian. Eta euskal eragile eta herritarrei dagokigu soilik askatasunez eztabaidatzea eta erabakitzea nola egituratu eta antolatu nahi dugu gure herria. Soilik eztabaida sozial eta politiko zabal, nazional eta demokratiko batetik egin dezakegu bide hori.

16. Burujabetza ekonomikoa, ezin delako herri baten ekonomia suntsituko duen, gehiengoaren kalterako izango den eta oso gutxi batzuen interesak zaintzea besterik bilatzen ez duen eredu ekonomikoa inposatu. Honen aurrean berebiziko premia dauka Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeak, horixe baita inposaketa horiei aurre egiteko modu bakarra, geure herrian eta langileriaren parte hartzearekin politika sozial eta laboral propioak egin ahal izatea bideratuko digun tresna funtsezkoa. Momentua da aldarrikapenetik eraikuntzara benetan jauzi egiteko.

17. Bistan da, egoera sozioekonomikoaren kudeaketan inposaketak bata bestearen atzetik datozkigula estatuetatik eta horiek bata bestearen atzetik irensten ari dira Euskal Herriko elite politiko eta enpresariala. Euskal Herrian behar duguna ahantzi eta inposatzen zaiguna betetzea izaten ari da jokamoldea, nahiz eta neurri horiek euskal jendartea eta ekonomia itotzen ari diren eta bere errealitaterako kaltegarriak diren. Ezinbestean eta derrigorrez egin beharrekotzat aurkezten dute euren politika, baina euren proiektu politiko eta ekonomikoa indartzeko eta gauzatzeko aukera ematen dielako egiten ari dira, burujabetzak langileen eskakizunak eta interesak nagusitzeko tesna gisa ikusten dutelarik. Ezinbestekoa da, bestelako jokabide bat egituratzea, bertako eragileen erabakietan oinarrituta eta hemengo errealitatea eta interesak ardatz gisa izango dituena. Jokamolde horrek, ezinbestean, alde bakarrekoa izan beharko du sarri, alde biko akordiorik ezin baita eraiki une honetan estatuekin. Aldebakartasunetik jotzeak, bestelako bide emankorrago baten alternatiba ikusaraziko du eta gatazka ekonomikoaren dimentsio politikoa agerian utziko du.

Aberri Egunaren testuinguruan, LABen deialdia

18. LABek euskal langileriari bereziki, eta herritarrei oro har, gure eskubide sozial, politiko eta ekonomiko guztien defentsan engaiatzeko deialdi luzatu nahi die. Egin behar dugun borrokak, eraginkorra izango bada, alternatiba eraikitzeko izan beharko du. Langileriaren borrokak beste sektore ekonomikoei eta botere politikoei egin behar dien interpelazioa Euskal Herriak bide propioa eta demokratikoa egin dezan izan behar du. Soilik borrokaren eta gure dinamikaren bidez lortzen dugun indarrarekin izango da posible eskubide horien aitortza eta egikaritzea, izan instituzioen politiken bidez edo eragileen arteko negoziaketen bidez

19. LABek Euskal Herriko ezker politikoan kokatutako eragileei (alderdi politiko, sindikatu, gazte mugimendu, ikasle mugimendu, mugimendu feminista, eragile sozial, kooperatibismoa, euskalgintza…) Euskal Estatua eraikitzeko Herri Estrategia bat adosteko eta bultzatzeko deialdia luzatu nahi die. Bestelako eredu sozioekonomikoaren alde gaudenon artean Euskal Herria berriaren zutoin nagusiena, ekonomikoa, gorpuzteko eta finkatzeko adostasuna ezinbestekoa da, posizio hau euskal jendartean nagusituko bada.

20. LABek Euskal Herria aintzat hartzen duten beste sektore ekonomiko eta politikoei eta bere ordezkariei elkarrizketarako eta akordiorako deialdia luzatu nahi die. Gure herriaren biziraupena eta bideragarritasuna bermatzeko erronka kolektiboari denon erantzukizunetik aurre egingo badiogu, ezinbestekoa da ardura hori interes propioen zaintzatik baina konpromiso nazionaletik eraikitzea. Elkarrizketa eta akordio prozesu hau, baldintza demokratikoetan eta burujabetza ariketa gisa planteatzen dugu. Salbuespen egoera honetatik ateratzeko, beharrezkoa den ibilbide sozioekonomikoaren eta ibilbide hori egituratzeko konpromiso eta arauen gaineko akordioak erdietsi nahi ditugu.

21. Ibilbide sozioekonomiko propio bat burutzeko prozesua Euskal Herriak Estatuekin duen gatazkaren muin politikoari irtenbidea eman behar dion prozesu politikoari lotua ikusten dugu. Prozesu politiko honek Euskal Herriak bere erabaki politiko eta ekonomikoak hartzeko duen eskubidea nola aitortzen eta egituratzen den erabaki beharko duelako ere. Norabide honetan, LABek euskal eragileen arteko elkarrizketa bultzatzeko duen konpromisoa berresten du eta gatazkaren konponbidea ekarriko duen prozesu politikoa egituratzeko deia luzatzen du.

22. Larrialdi egoerak herria itotzen du. Soluzioak denontzat izan behar dira. Soluzioak denon artean topatu behar ditugu. Borondatea agertzea, borondatea egituratzea eta ibilibide sozioekonomiko berriaren elkarrizketarako eta negoziaketarako metodologia eraikitzea denon ardura da ere.


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.