2026-03-19
HomeEkintza SozialaEuskal Herria harrera herria dela adierazi eta irmoki salatu nahi ditugu jarrera...

Euskal Herria harrera herria dela adierazi eta irmoki salatu nahi ditugu jarrera esplotatzaileak

Atzoko berriaren harira, zeinaren arabera gizon bat atxilotua izan baitzen 49 migratzaile baldintza osasungaitzetan edukitzeagatik eta miseriazko lan baldintzetan izateagatik, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu sistema arrazista eta kapitalista basatiak beste behin ere bere aurpegi gordin eta krudelena erakutsi digula. Sistema hau da lehenengo eta bigarren mailako herritarrak bereizten dituena, eta hau posible izateko Atzerritartasun Legea bezalako tresnak ditu martxan, atzerritarrak egoera irregularrean bizitzea indartzen duen legea, hain zuzen ere.

LABetik irmoki salatu nahi ditugu honelako jarrera esplotatzaileak, eta erabat gaitzetsi nahi ditugu honelako jokabide makur eta ankerrak. Honekin batera, gertakari hau ez dela kasu isolatua esan nahi dugu, gertakari hauek era sistematikoan ematen dira eta sistema kapitalista eta arrazista batek sorturiko egoera bezala ulertu behar ditugu. Izan ere, sistemari langileak muturreko pobrezian egotea interesatzen zaio, zaurgarritasun egoeran dauden langileak esplotatzea oso errentagarria baita esplotatzaileentzat.

Ezin dugu ahaztu patronalak zein Gasteizko gobernuak migrazio politikak beraien beharren arabera moldatzeko adierazpenak egin dituztela, lan sektore zehatzetarako migrazioa beharrezkoa dela uste dutelako, horretarako behar diren baimenak eskatuz (patronalak ostalaritzan eta publikoan medikuak). Honen ondorioz, migrazioa eskubide unibertsal baino, kapitalaren logikaren eta gutxi batzuen etekinei mesede egingo dien erabaki politikoen arabera antolatu nahi dute.

Azkenik, muturreko adierazpen hauek gure herrian ez ezik Europa osoan hedatzen ari den tendentzia baten parte direla aipatu nahiko genuke, alegia, faxismoa eta arrazakeriaren zabalpena. Honen aurrean, LABek sindikalgintza antirrazista eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, eskubide guztiak pertsona guztientzat izatea abiapuntutzat hartuta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.