2026-03-15
HomeEkintza SindikalaEtxeko eta zaintza langileak ere grebara!

Etxeko eta zaintza langileak ere grebara!

Etxeko langileen hainbat elkartek, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta martxoaren 17ko greba orokorraren deitzaileek (LAB, ELA, Steilas,Etxalde eta Hiru) agerraldia egingo dute Bilbon, greba orokorraren harira. Izan ere, martxoaren 17ko greba orokorrak erdigunean jarriko ditu pobretzeak eta prekarizazioak gehien kaltetutako sektoreak, eta hor kokatzen da etxeko langileen gehiengoa. Horregatik, etxeko eta zaintzako langileak grebarako deia egin dute, eta, horrez gain, greban presente egon ahal izan daitezen eta haien errealitateek eta aldarrikapenak oihartzuna eta ikusgarritasuna izan dezaten aldarrikatu dute. Era berean, etxeko eta zaintzako langileek greba eskubidea dutela gogorarazi dute, eta eskubide hori errespetatzeko exijituko die enplegatzaileei.

Agerraldian egindako irakurketa

Etxeko eta zaintza lanetako langile garen aldetik, greba feminista orokorra erronka handia izan da guretzat. Asko izan da ikasi duguna, baina baita gure gorputzen eta gure ahotsen presentziarekin mugimendu feministarekin batera eraiki duguna ere.

Era berean, ez dugu ahaztu nahi gure eskubideen aurrerapenerako funtsezkoa dela eta izaten ari dela etxeko langileen elkarteen lana; egunero emakume* migratzaileen erakundeekin elkarlanean aritzen garenez, haien eguneroko borroka ere aitortu nahi dugu.

Greba eredu klasikoek erdigunean nor jarri izan duten eta nor ikusezin bilakatu ikasi izan dugu azken lanuzte eta Greba Feminista orokorretan. Baita badirela gelditu ezin diren lanak eta bizitzak sostengatzen dituztenak, historikoki emakumeon* bizkarrean jarri direnak eta baita pertsona migratu eta arrazializatuek betetzen dituztenak ere.

Langileriaren artean dauden desoreka, arrakalak eta egoera desberdinak aintzat hartu behar ditugu. Langile guztiok ez ditugu grebara ateratzeko edo prestatzeko baldintza berdinak. Eta greba eraginkor eta arrakastatsu bat izateko langile guztiak kontuan hartzen saiatu beharko gara. Arretaz antolatu eta begiratu beharko dugu lehen lerroa zeinek hartzen duen, nork okupatzen duen espazioa, eta nork ez.

  • Martxoaren 17an, Euskal Herrian Greba Orokorra egingo da, hemen 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea erabakitzeko langile guztientzat (kontratua izan ala ez), eta aberastasunaren banaketa justu baten alde.

Greba honek erdigunean jartzen ditu pobretzeak eta prekarizazioak gehien kaltetu dituen sektoreak: emakumeak*, migratzaileak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak. Historikoki, “subjektu ikusgarri” gisa aitortu ez diren sektoreak.

Etxeko langileen gehiengoak 1500 eurotik beherako soldatak izateaz gain (%68k) 60 ordu baino gehiago egin ditugu lan. Egoera administratibo erregularrean edo irregularrean daudenen arteko aldeak nabariak dira datu horretan, gainerakoetan gertatuko den bezala: paperak dituztenen ehunekoa 65 da eta paperik ez daukatenena, berriz, 73.

Greba feministak gauza asko irakatsi zizkigun. Orain greba beste begi batzuekin ikusten dugu. Badira utzi ezin diren lanak. Eta langile guztiek ez dituzte baldintza berak greba egiteko.

Desberdintasunak eta egoera ezberdinak daude, eta izendatu beharra daude desagerrarazi nahi baditugu. Greba tresna boteretsua da egoera horiek ikusarazteko, eta langile GUZTIAK kontuan hartzeko ere bai.

Horregatik, deialdia egin duten sindikatuek, mugimendu feministak eta Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintzako langileen hainbat kolektibok egindako lanetik sortutako proposamena azaltzera gatoz. Helburu batekin: etxeko eta zaintzako langileek greban presente egon ahal izatea, eta haien errealitateek eta aldarrikapenek oihartzuna eta ikusgarritasuna izatea.

Alde batetik, greba egiteko zailtasun gehien dituztenek grebaren aldeko atxikimendua adierazteko modu ezberdinak bilatu ditugu (bereziki etxeko eta zaintza langileentzako):

Besoko laranja: Parkean zaintzen ari bazara, erosketak egiten, lanera bidean edo etxe barruan bertan lanean ari bazara ere, besoko laranja bat eraman dezakezu sinbolo gisa. Egoera berean dauden guztiek ikur komun hau izango dute, grebaren aldeko babesa adierazteko eta greba egiteko eskubidearen ezintasun edo urraketa agerian uzteko. Kolore laranja borroka antirrazistarekin lotzen da; beraz, kide migratu eta/edo arrazializatuentzako aitortza ere bada. Aukera duten kideek ere etxean ere lantokiak direla adierazteko amantala edo bestelako objetuak eskegi ahalko dituzte baloietatik.

– Greba egunean bertan mosaiko (digital) kolektiboa egingo dugu: Langileen irudi askorekin osatutako kartel digital bat egingo da, eta egun berean argitaratuko da lelo honekin: #EtxekolangileokEreGrebaOrokorra! #TrabajadorasDeHogarALaHuelgaGeneral. Horretarako, langile bakoitzak bere argazkia bidali ahal izango du (ez da beharrezkoa aurpegia ikustea) martxoaren 17a baino lehen, 14:00ak arte.

– Azkenik, interpelazio bat egin nahi dugu modu zuzenean etxeko eta zaintza langileen enplegatzaileak eta beraz patronala diren horiei guztiei: etxeko eta zaintza langileek (ere) greba eskubidea dute eta hori errespetatu behar da. Kasu askotan langile klaseko pertsonak dira ere etxeko langileen patronala direnak, beraz kasu horietan etxeko langileek greba egin dezaten ahalbidetzeko exijitzen dugu edota eta/edo gutxieneko zerbitzuak ezartzea, etxea ere lan-zentro bat dela kontuan hartuta.

Mobilizazioetan ere zaintza eta etxeko langileon aldarrikapenek tarte bat izateko eta ausentziak ere ikusarazteko formula ezberdinak bilatu(ko) ditugu, baina argi diogu: etxeko langileok ere greban egongo gara!

Martxoak 17 Greba Orokorra!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan ELA, LAB,...