2024-07-27
HomeEtxe kaleratzeakEtxegabetzeen sarraskia salatu dugu Barakaldon

Etxegabetzeen sarraskia salatu dugu Barakaldon

Barakaldoko Alondegi aurrean elkarretaratzea egin dugu Barakaldoko hainbat gizarte kolektibo eta sindikatuk, gobernu-taldearen murrizketa eta etxegabetze politika salatzeko. Horren adibide bat, joan den udan inguru horretako bi etxebizitzetan bizi ziren 3 familia etxegabetu izana. Gaur egin bezala, datorren egunetan ere langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerak salatzean gain etxegabetzeen eta murrizketen sarraski hau agerian utziko dugu.

Eragile sozial eta sindikalen oharra:

Barakaldoko Alondegi aurrean elkarretaratzeko deia, gobernu-taldearen murrizketa eta etxegabetze politika salatzeko. Horren adibide bat, joan den udan eraikin honetako bi etxebizitzatan bizi ziren 3 familia. Zehatzago esateko, horietako familia batek lan prekarioa dauka, Metro eta Euskotrenen kontrata batean, eta 3 adingabeko bere ardurapean, 12 urtetik beherakoak.

Etxebizitza hauek hilabeteetan hesiz itxita egon ondoren, behin behingoz erabiliko dira herrian etxerik ez duten pertsonentzako toki gisa, arik eta Lasesarre Kiroldegiaren beheko solairuan aterpetxe iraunkor bat ireki bitartean. Baina 4 hilabeteren ondoren, udal etxebizitza horiek berriro egongo dira hutsik eta berriz horma-leihoak itxi egingo dituzte, izan ere ez baitago etxe horiek erabiltzeko edo bertan bizitzeko aukera izateko inolako proiekturik.

Protestaldi hau urteurren baten harira dator, izan ere duela 4 urte bere buruaz beste egin zuen herriko bizilagun zen Amaia Egañak, Barakaldoko Urban auzoko bere etxebizitzatik kanporatua izatekoa zenean. Gertaera horrek udalerrian izan den manifestaziorik jendetsuenetakoa eragin zuen. Ordu gutxiren buruan 20.000 pertsona atera ziren kalera. Milaka eta milaka lagunek exijitu zuten orduan murrizketen eta etxegabetzeen aurkako berehalako neurriak hartzeko.

Egun horretatik hona 900 etxegabetze gertatu dira Barakaldon. Etxegabetze horiek ez dira kasualitatez gertatzen. Erakunde batzuek eta besteek ezartzen dituzten murrizketen ondorio zuzena dira. Murrizketa horiek langabezia, prekarietatea eta gizarte bazterketa eragiten dute herritar askorengan.

4 urte igarota, denak berdin jarraitzen du, edo okerrago lehenago industria-herri izandako honetan: goraka doa inolako laguntza edo prestaziorik ez duen langabe kopurua (%69); pobrezia larriaren indizea biztanleriaren %10 da dagoeneko; eta gero eta familia gehiago dira Gurutze Gorrira, Cáritasera edo Elikagaien Bankura jo beharra dutenak, biziraun ahal izateko: urtean orain arte 6.500 pertsona.

Hori dela eta, Amaia Egañak bere buruaz beste egin zueneko laugarren urteurren honetan, elkarretaratze bat egingo da Barakaldoko Justizia-Jauregiaren aurrean –hortik ateratzen baitira herrian eta Ezkerraldean egingo dituzten etxegabetze-agindu guztiak -. Elkarretaratzearen leloa honako hau: “Barakaldon gero eta gehiago… Langabezia, prekarietatea, murrizketak eta etxegabetzeak. Murrizketarik EZ!”

Datuek erakusten digutenez, etxegabetze gehien burutzen duen banketxea Kutxabank da; horren atzetik oso hurbil La Caixa/Caixabank (Amaia Egañaren etxegabetzea abian jarri zuen banketxea). Kasuen erdia burutu dute Popular eta Santander banketxeek. Eta atzerago daude Caja Laboral, BBVA eta Bankia.

Erakundeak ez dira atzean gelditzen egoerarik larrienetan dauden familiak etxegabetzean. Hain zuzen ere EAEn Alokabidek 57 familien etxegabetzeak sustatu ditu, gizarte-alokairuan bizi ziren familiak kaleratuz. Berdin esan daiteke Barakaldoko Udalari dagokionez, 3 familia etxegabetu ditu 2 udal etxebizitzatatik.

Datozen egunetan langabezia, prekarietatea eta pobreziaren aurka burutuko diren zenbait jardueraren bidez salatu egin nahi da etxegabetzeen eta murrizketen sarraski hau, murrizketak gainera udalerrian eragiten duten administrazioek aplikatzen dituztelarik: udala, Alokabide, Lanbide… Eta horrez gainera honako hauek exijituko ditugu:

• Pertsona guztien eskubidea etxebizitza duina izateko. Etxegabetze guztiak geraraztea berehala eta behin betikoz.

• Udalak, eta bertan ordezkaritza duten talde politikoek, ez dute onartu behar –eta ekidin behar dituzte- etxegabetze guztiak ordezkatuta dauden organo guztietan, adibidez Kutxabanken, herrian burutzen diren hipoteka-betearazpen guztien %40aren erantzule baita.

• Gizarte-alokairuko etxebizitzen aldeko apustua, eta udalaren jabetzako etxebizitza kopuru bat izatea, etxegabetutako familiak berehala horietara bideratu ahal izateko.

• “Udalaren laguntza ekonomikoetara" bideratutako aurrekontu-saila handitzea, eta horrekin batera laguntza horiek eskuratzeko aukera izateko eta laguntzen kopuruen murrizketak ezabatzea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.