LABek ez dio inolako zilegitasunik ematen Madrilen gaur arratsaldean bilduko den Espainiako Estatuko Mahai Orokorrari, eta Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langileen soldata eta enpleguari loturikoak hemen erabakitzeko erabaki politikoak eskatzen ditu.
Espainiako Gobernuak eta UGT eta CSIFek aurreko ostiralean Madrilen sinatu zuten akordioa ez da euskal langileok behar duguna, eta, hortaz, LABek Hego Euskal Herriko instituzioak gobernatzen dituzten alderdiei exijitzen die hemen erabaki ahal izateko lege aldaketak bultzatzeko.
Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langileek azken urteetan greba eta mobilizazio andana egin dute 2010ean Europak zerbitzu publikoetan ezarri zituen murrizketak eta Espainiako Gobernuak inposatu zituenak gainditzeko, eta euskal langileen negoziazio esparrua Euskal Herrira ekartzeko. Enpleguari zein soldatari dagokion edozer hemen erabaki behar dela aldarrikatu dute etengabe, bertako esparru negoziatzaileak errespetatzeko eta negoziazio kolektiboa ez blokeatzeko.
LABek argi dauka soldata igoeraren negoziazioa borondate politiko kontua dela, Madrilen beste batzuk erabakitzen dena ezin zaiela euskal langileei inposatu. 2010ean soldata murriztu zutenetik, gai honetan Madrilen erabaki dutena besterik ez dute inposatu Hego Euskal Herriko instituzioetako agintariek. Zer esanik ez Nafarroan, Administrazio Publikoko Langileen Estatutuan jasota dagoen mailen arteko proportzionaltasuna ere errespetatzen ez denean.
LABek, ordea, borrokaren bitartez erakutsi du, bestelako formulak baliatuta, aukera dagoela EAEko eta Nafarroako mahai orokorretan zein bestelako mahai sektorialetan soldatari eta enpleguari loturiko neurriak negoziatu eta adosteko. Horren adibiderik garbienak izan dira aurreko ikasturtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko kolektiboetan lortutako soldata igoerak, ekiparazio bitartez lortuak edo osagarrien bitartez, lapurtutako erosahalmena berreskuratzeko norabidean irakasleetan egongo den %7ko igoera.
Ezinezkoa zena posible egitea lortu zuen LABek. Hortaz, LABek badaki, sakonean, borondate politiko kontua dagoela. Izan ere, bestelako erabaki politikoak hartuz gero, inposaketa horiek baztertu eta euskal langileekin negoziatzea posible da, eta hori da LABek PNV eta PSEri exijitzen diena: inposaketak egiteari uztea.
Estatuari begira egon ordez, Euskal Herriko errealitatea aintzat hartu eta bertan negoziatzea beharrezkoa da, besteak beste, hurrengoa lortzeko:
- LABek aldarrikatzen duen Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik beherako, 14 pagatako 1600€ soldatatik beherako, langile publikorik ez egoteko.
- Bertan adosturiko soldata igoerak egiteko. Horrela, erosahalmena bermatzeko eta kolektiboen arteko soldata arrakalak murrizteko soldata igoerak bertan adostu ahal izango genuke.
- Behin-behinekotasuna murrizteko neurriak hartzeko.
- Lanaldia murrizteko neurriak ezartzeko. Soldata murrizketarik gabeko lanaldi murrizketak, enplegua eta zaintza banatzeko neurri gisa.
- Gazteberritze neurriak ezartzeko.
- Administrazioa euskalduntzeko, euskara zerbitzu eta lan hizkuntza gisa bermatzeko.
- Klausula feministak eta berdintasun plan eraginkorrei dagozkionak ezartzeko.
- Lan osasuna bermatzeko, arrisku psikosozialetan arreta berezia jarriz.
- Trantsizio ekosozialerako bidean klausula konkretuak negoziatzeko.

