2026-10-26
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaEskubide Sozialen Kartaren dinamizatzaileei zuzendutako metodologiari buruzko mintegiak izan ziren larunbatean

Eskubide Sozialen Kartaren dinamizatzaileei zuzendutako metodologiari buruzko mintegiak izan ziren larunbatean

Bere bidea jarraitzen du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzeko prozesuak. Urriaren 5ean Donostian burututako hirugarren nazio asanbladaren ondoren, zeinetan kartaren eztabaidarako zirriborroa onartu baitzen, herri eta eskualdeetara hedatuko da prozesua datozen hileotan. Zirriborro honek Kartaren printzipio, eskubide eta aldarrikapenen lehen zerrenda jasotzen du.

Prozesuaren jarraitzeko, herri eta eskualdeetako eztabaida saioak dinamizatuko dituzten kideekin metodologiari buruzko mintegiak burutu dira Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean gaur goizean. Hamarnaka izan dira partehartzaileak, eragile ugari eta anitzetakoak, eta trebakuntza espezifikoa jaso dute eztabaidak girotu eta dinamizatzeari begira. Bertaratutakoek oso positiboki baloratu dituzte landutako dinamikak eta ezagututako teknikak.

Eskubide Sozialen Kartak gehiengo sozial baten mesedetan egongo den eredu berri bat definitzeko beharrezkoak diren proposamen eta alternatibak jaso beharko ditu, eta beraz ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea honen eraikuntzan, ahalik eta zabalena. Horretarako, prozesuan inplikatutakoek jendartearen ahalik eta esparru handienera iristea dute helburu, eraikitzen ari den Kartak euskal herritarron borondateari erantzun diezaion.

Hori horrela izanik, eta eztabaida ahalik eta zabalena eta parte-hartzaileena izate aldera, eskualde eta herrietan eztabaidatzeko metodologiak ezaugarri hauek jasotzen ditu. Datozen asteotan zehaztuko dira eskualde bakoitzeko deialdi eta hitzorduak. Argibide guztiak www.eskubidesozialenkarta.com blogean egongo dira eskuragarri.

Herri eta eskualdeetako eztabaiden ondoren, Karta osatzeko prozesuaren hurrengo mugarria abenduaren 14ean burutuko den IV. Asanblada izango da. Bertan, Kartaren lehen bi atalak itxiko lirateke, hitzaurrea eta printzipioak. Hiru eta laugarren atalen eztabaidaren itxiera (eskubideak-aldarrikapenak eta tresnak), herri eta eskualdeetako eztabaidaren bilakaeraren araberakoa izango da.
  

LAB sarean
{module[111]}

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.

Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren egoera prekarioaz ohartarazten dugu

LAB sindikatutik berriz ere salatzen dugu Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren narriadura. Lan publikoaren eskaintza batzuetako hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, berriz agertzen hasi dira premiak, zailtasunak eta aspalditik datozen arazoak. Egoera ez da berria, eta errepikakorra izateaz gain, eskualdeko beste eremu eta ospitale batzuei ere eragiten die, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleari, adibidez. Osasun arreta Iruñean zentralizatzeak, pizgarririk ezak eta plantillaren atxikimenduaren aldeko apusturik ez egiteak eragin kezkagarria dute eskualdeko ospitaleetan eta landa-inguruneko zerbitzuan.

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.