2025-12-18
HomeEkintza SozialaPrekarietatea eta pobreziaEskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eskatzen diogu EAJ eta...

Eskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eskatzen diogu EAJ eta PSEren gobernuari, eta kontuan har ditzala eragile sozial eta sindikalek egiten dituzten proposamenak

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratzen duen Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta aurkezteko egingo diren jardunaldiak direla eta, LAB sindikatuak Gasteizko Gobernuaren jarrera salatu du.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratzen duen Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta aurkezteko egingo diren jardunaldiak direla eta, LAB sindikatuak hurrengo irakurketa egiten du:

Inkesta hau 2018an gauzatu bazen ere, ez da aurkeztua izan harik eta 2019ko amaieran gauden honetara arte. Gasteizko Gobernuak orain arte argitaratu ez izanaren arrazoia baliteke segidan emango ditugun datuetan egotea.

446.700 lagun ozta-ozta bizi dira. EAEko biztanleriaren %20,7 pobrezia eta bazterkeria sozial arriskuan dago (PGEI, Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestaren zein AROPE adierazlearen arabera).

Pobreziak gora egin du eta biztanleriaren %17,7ri eragiten dio. 2016 eta 2018 urteen bitartean EAEko pobrezia tasak, beherantz baino, gorantz egin du eta pobrezia arriskuan dagoen populazio portzentaia %16,4tik %17,7ra pasatu da (PGEIren arabera).

Urkulluren gobernuak pobrezia gutxitzeko helburuan atzera egin du. Azken bilakaera honek erakusten digu, 2016ko egoerarekin alderatuta, gorakada suertatu dela eta, hortaz, Urkulluk hartutako konpromisoan atzerapausoa egin duela. Izan ere, Urkulluren gobernuak 2016-2020 legegintzaldirako adierazi zuen helburua pobrezia %20 jaistea zela.

Hazkunde ekonomikoa gorabehera, gaur egun 2008an baino 61.600 lagun gehiago daude pobreziak eta bazterketa sozialak jota. Krisialdiaren eztanda abiapuntutzat hartzen badugu, pobrezia eta bazterketa sozialean dauden lagun kopurua %16 hazi da azken hamarkadan. Eta egoera honek okerrera egingo du, aplikatzen ari diren politiken ondorioz. Zehazkiago, guztiz onartezina da EAJ eta PSEren gobernua Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketa berriak prestatzen egotea, 2012tik etengabean murriztua izan den eskubide sozialean, alegia.

Susperraldi ekonomikoak ez du balio izan prekarietateari, desberdinkeriari, pobreziari eta bazterketa sozialari mugak jartzeko. Eta honek Urkulluren gobernuaren politika ekonomikoen porrota argi uzten du, eredu horrek ez baitu inolaz ere laguntzen sortutako aberastasunaren birbanaketa eraginkorrean. Honetaz gain, krisialdiaren aitzakiaz inposatutako prekarizazio-politika berriek eta, zehazkiago, enplegu politikak, lan prekarioa eta soldata baxuak gero eta langile gehiagotara zabaltzeari ekin diote.

Generoak jarraitzen du izaten desberdinkeria ekonomikoaren faktore bat. Pobreziaren pisu handiena emakumeek pairatzen dute EAEn. Hain zuzen ere, pobreziaren mugaren azpitik bizi diren pertsonen %54,7 emakumeak dira. Hau dela eta, emakumeek pobreziarekiko duten zaurgarritasuna handiagoa da gizonezkoekin alderatuta, %18,8ko intzidentzia tasara iritsiz, gizonezkoena %16,5ekoa denean.

Etxebizitza: pobreziaren egiturazko faktorea. Azkenik, ez dugu ahaztu behar etxebizitza eskuratzea pobretze faktore bihurtu zela, espekulazio immobiliarioaren ondorioz. Baina orain, alokairuen prezioa gehieneko historikoetan dagoela, egoerak biziki egin du okerrera.

Honengatik guztiagatik, EAJ eta PSEren gobernuari zera exijitzen diogu: eskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eta kontuan har ditzala eragile sozial eta sindikalek egiten dituzten proposamenak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.