2026-05-06
HomeEkintza SindikalaErregularizazio prozesurako aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkie LABek langile migratuei

Erregularizazio prozesurako aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkie LABek langile migratuei

Sindikatuaren estrategia antirrazistaren baitan kokatzen da erabakia, kolektibo horren aurkako jazarpenari, diskriminazioari eta lan-esplotazioari aurre egiteko konpromisoa praktikan jartzea baitakar.Hala, LAB entitate kolaboratzailea izango da ezhoiko erregularizazio prozesuan, eta zeregin hori Nafarroa osoan beteko du, arreta berezia jarriz zaintza sektorean, etxeko langileen sektorean eta Nafarroako landa eremuan, batez ere Erriberan.

LABeko Ekintza Sozialeko Nafarroako arduradun Jaime Iribarren eta Imanol Karrera LABeko bozeramailea Nafarroan eman dute ezagutzera ekimena Iruñeko egoitzan, ekimena aurrera eramateaz arduratuko diren hainbat boluntario eta lankide bertan zirela.

Nafarroa Garaiko hainbat txokotan egingo diren asanblada irekien bitartez gauzatuko dute aholkularitza lana, eta Iribarrenek horietan parte hartzeko deia luzatu die interesa izan dezaketen langile guztiei. Era berean, eskariak prestatu eta aurkeztu ahal izateko kontsultak ipiniko dituzte martxan Iruñean zein Tuteran. Eskariak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da, baina erregularizazio prozesua eta laneko arrazakeriaren aurkako borrokak jarraitu egingo du, Iribarrenek azaldu bezala: “Erregularizazioa lortuta ere, adi segiko dugu: auzoetan eta lantokietan borrokatuko gara lan-arrazakeria deusezteko eta gehiegikeriekin eta urraketekin amaitzeko, eta kide migratuak protagonista izango dituzten antolaketa kolektiborako zein ekintza sindikal antirrazista garatzeko espazioak ahalbidetuko ditugu”.

Migratzaileen erregularizaziorako Espainiako Gobernuak irekitako prozesua, “neurri asistentziala izatetik urrun”, migratzaileen mugimendua antolaturiko borroka sozialaren buru izan delaren emaitza da. Hala, ziurtatu du “historikoki bazterrean utziak izan diren kide hauek erdigunera ekartzeko aukera” dela, baita “zor kolonial eta arrazista historikoa kitatzen laguntzekoa” eta “Euskal Herriari ematen dioten guzti hori nahiz gure sindikatuari erakusten dioten dena aitortu eta zati txiki bat itzultzekoa” ere.

Bestalde, Imanol Karrerak LABeko bozeramailea Nafarroan adierazi du Nafarroan migratzaileen erregularizazioan aurrera urratsak ematea administrazio-egoera irregularrera kondenaturiko pertsona hauek pairatzen dituzten urraketen, prekarizazioaren eta gehiegikerien aurka borrokatzeko modua dela sindikatuarentzat: “Ikusita erregularizazio prozesuak zer-nolako gabeziak dituen, zelako informazio falta dagoen eta prozesua egin nahi duten langileentzako zer-nolako zailtasunak dauden, inplikatzea eta LAB sindikatura jotzen dutenei laguntzea erabaki dugu”. Horrez gain, Europan ezarritako migrazio politikak kritikatu ditu Karrerak, eta salatu du patronalak politika horiek aprobetxatzen dituela “soldata, lan eta bizi-arrakala inposatzeko eta etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzeko”.

Horregatik guztiagatik, Karrerak Nafarroako Gobernua interpelatu du enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntzak exijitzeko; kontratu erreal eta egiaztatuak, Gizarte Segurantzan alta zuzenak, lanaldien eta atsedenaldien errespetua, Lan Ikuskaritzaren jarduera eraginkorra, lan hitzarmenen betetzea eta lan osasunerako eskubidearen onarpena, bereziki prekarizatutako sektoreetan, hala nola etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Karrerak uste du Nafarroan bizi diren langile guztien erregularizazioa eta gutxieneko soldata propioa ezartzea (berriki Greba Orokorrean aldarrikatu bezala) beharrezko urratsak direla esplotazio arrazistarekin amaitzeko. “Gainera, Nafarroan ez dugu bizi nahi Espainiako Gobernuaren erabaki partzial eta interesatuen menpe”. Hortaz, migrazio politikei buruz Nafarroan bertan erabakitzeko gaitasuna aldarrikatu du, harrera herri izate aldera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Erregularizazio prozesurako aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkiegu langile migratuei

Sindikatuaren estrategia antirrazistaren baitan kokatzen da erabakia, kolektibo horren aurkako jazarpenari, diskriminazioari eta lan-esplotazioari aurre egiteko LABen hartu genuen konpromisoa praktikan jartzea baitakar.

Arabako Aldundiak Esku-hartze Sozialeko gatazkan ardura duenez, konponbidearen parte izan behar du

Arabako Aldundia, eta zehazki, Gorka Urtaran, esku hartze sozialeko gatazkan inplikatu behar da. ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, sektorearekin batera, greba eta mobilizazioak...

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta erakundeek eraman dute enpresa gatazkaren fase berri honetara. Langileak ez dira erantzule, ondorioak ordaindu dituztenak baizik

Amurrioko enpresa-batzordeko gehiengoak balorazio argia egiten du orain arte gertatutakoaz eta Tubos Reunidosek hartzekodunen borondatezko konkurtsoa eskatzeko hartu duen erabakiaren ondoren irekitzen den egoera...