2025-12-05
HomeIndustriaMetalgintzaEredu demokratikoa eta gardena galdegiten dugu Mercedes-Benzeko kontratazio eta lan harremanetan

Eredu demokratikoa eta gardena galdegiten dugu Mercedes-Benzeko kontratazio eta lan harremanetan

Mercedes-Benzen lehenengo kontratu mugagabeak egiten hasi diren honetan, LABen ustez, gurpil-zoro maltzurra osatzeko arriskua dago: hitzarmena sinatu prekarietatea handituz (sindikatu sinatzaileei prebendak eman), hauteskundeetan “bozka gatibuak” (hitzarmen berria prekarietate gehiagorekin)… Gure iritziz, Mercedes bezalako enpresa batean, erakunde publikoetatik diru laguntza handiak jasotzen dituena, ezin da faboritismorako, entxufismorako edota diskriminaziorako susmo txikiena egon.

Duela 20 urtetik hona, Mercedes-Benzeko lan eskubideak eta lan baldintzak murrizten ari dira eta, aldi berean, susmo iraunkor bat egon da: enpresaren nahiak beti onartzen dituztenek aldeko tratua jasotzen dutela. Susmo horrekin behingoz bukatu behar delakoan gaude.

Honekin batera, argi esan behar dugu lan harremanetan diskriminazioa nagusitu dela: ez dute uzten sindikatu ez-sinatzaileek parte hartzea sortzen diren batzordeetan, Segurtasunekoan eta Berdintasunekoan kenduta, derrigorrezkoa baita. Informaziorako sarbidea ere ukatu digute, Langileen Batzordean ordezkaritza izategatik dagokigun informazioa ez baitigute ematen, ez enpresak ezta sindikatu sinatzaileek ere. Hortaz, adibidez, Lan Ikuskaritzak berriki ebatzi du Enpresak Diziplina espedienteak Langileen Batzordeari helarazi behar dizkiola, ez orain arte egin duen bezala.

Gure proposamena:

-LAB adi egongo da, eta antzemanez gero, dagozkion arloan salatuko ditu irregulartasunak, diskriminazioak eta faboritismoa. Ahal dugun arloetan gehiegizko ebentualitatea ere salatuko dugu eta iruzurrezko kontratatuak mugagabe bihurtzea exijitzen dugu.

– Kontratazioetarako eta Lan Harremanetarako eredu erabat demokratikoa eta gardena proposatzen dugu, diskriminaziorako eta faboritismorako aukerak erabat desagerraraziz. Hortaz, 2000/78 Europako Zuzentaraua (tratu berdintasuna ez diskriminaziorik eza lan arloan) oinarria izatea proposatzen dugu.

-Zehazki, LABek proposatzen du kontratazioak egiteko eta kontratu ebentualak mugagabe bihurtzeko irizpideak izatea publikoak, objetiboak, gardenak, komitearentzat egiaztagarriak eta plantilak ezagutzea.

-Aldi berean, lan harremanak demokratizatzeari begira, hitzarmena sinatutakoan sortuko diren batzorde guztietan sail sindikal guztiek parte hartu ahal izatea eta informazio guztia Langileen Batzorde guztiari helaraztea proposatzen dugu.

-Langileen Batzordearen hurrengo bilerara eramango dugu proposamena, gai honetan akordioetara heltzeko asmoz, guztiok filosofia hau konpartitzen dugulakoan, Volkswagenen gertatu den bezala.

-Balizko akordioa enpresari luzatuko diogu eta prozesu bat abiatuko dugu irizpide horien lanketa amankomuna egiteko eta batzorde guztietan sail sindikal guztien parte hartzea bermatzeko.

LABek uste du posiblea, beharrezkoa eta oso positiboa dela, bai plantilarentzat bai enpresarentzat ere, Zuzendaritza eta sindikatuen arteko akordio bat, Mercedes-Benzen kontratazioetan eta lan harremanetan gardentasuna bermatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...