2024-04-19
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaEraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak egingarriak direla erakutsi dugu Iruñean

Eraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak egingarriak direla erakutsi dugu Iruñean

Alternatiben Herrian izan gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan dauden gainontzeko eragileekin batera. Erabakitzeko eskubiderik gabe eraldaketa sozialik ez dagoela berretsi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, burujabetzari buruz egindako mahai inguruan. Aurretik, Kapitalari “13 zaska” eman dizkiogu, konpromisoen bilduma sinatu eta Iruñean ahalbidetutako hautestontzietan gure atxikimendua utzi eta gero.

Eraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak daudela eta martxan ditugula erakutsi dugu gaur Iruñean, Alternatiben Herria dinamikaren bitartez. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesean, hainbat eragilek hartu dugu parte egunean zehar antolatutako tailer, erakusketa, hitzaldi, ekitaldi eta jardueretan. Gune desberdinak egokitu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean, eta gune bakoitzak ezaugarritze propioa izan du.

Errekoletak plazan, esaterako, zenbait mahai inguru izan dira. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk horietako batean hartu du parte, “Zergatik eta zertarako behar dugu burujabetza” galderari erantzuteko asmoz. Egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez, prekarietatea bizitzaren esparru guztietara hedatu dela nabarmendu du sindikatuko ordezkariak, eta desberdintasun sozialak areagotu direla ohartarazi du.

LABentzat, lehentasuna du langilegoari bizitza duina bermatuko dion eredu ekonomiko eta sozial berri baten aldeko urratsak emateak. Horretarako, eraldaketa soziala behar beharrezkoa da. Hortaz, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ez dagoela eraldaketa sozialik erabakitzeko eskubiderik gabe: “Edozein jendarte eredu eraikitzeko bizkar hezurra diren lan harremanak eta babes sozial sistema hemen, Euskal Herrian, erabaki ahal izatea oinarrizko kontua da”, erantsi du.

Hala, Alternatiben Herriak garatutako egitarauaren bitartez, Iruñera hurbildu direnek egungo sistemaren aurrean dauden alternatibak ezagutu dituzte, baita egingarriak direla jabetu ere.

Hain justu, bizitza eta natura arriskuan daudela ohartarazi dugu Iruñean bildutako eragileok; desberdintasunak gero eta handiagoak direla, kapitalak aberastasuna bereganatzen duela, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa dela, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…

Honen guztiaren aurrean, urte hauetan zehar zabaldu eta sendotu diren alternatibak kalera atera ditugu; hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude abian eta milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+… Hauen guztien erakusle izan da Iruñeko Alde Zaharra, guztiontzat bizitza duina izatea posible dela erakusteko, kapitalismo heteropatriarkaletik at.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.