2024-10-10
HomeIndustriaMetalgintzaEragin mugatuko hitzarmenak, opari berri bat patronalarentzako

Eragin mugatuko hitzarmenak, opari berri bat patronalarentzako


LABek SEA patronalak eta CCOO eta UGTk gutxiengoan Arabako Metalgintzako hitzarmena sinatu izana salatu du gaur Gasteizen. Arabako langilegoaren lan baldintza duinen aldeko apustuan berretsiz, sindikatuak enpresetan eragin mugatuko hitzarmenak jasotzen dituen lan baldintzak hobetzeko formulak aurkeztu ditu. 

LABek Arabako Metalgintzako enpresetan akordio duinak bilatuko ditu

Tamalez, egun ez dago Arabako metalgintzan eragin orokorreko hitzarmenik SEA patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek horrela nahi izan dutelako. LABen proposamenak langileen enplegua nahiz eros ahalmena bermatzen zituen akordio justu bat bilatzen zuen eta SEA-k ez zuen nahi.

Izan ere, SEAk hasieratik, justu kontrakoa bilatu du. Negoziazio kolektiboaren erreformarekin eskutan, behin eta berriro aurkeztutako proposamen guztiak baztertu ditu. Ia 5 urtez blokeatu du negoziazioa, ez behin baizik eta bitan eskatu du epaitegietan hitzarmena bertan behera geratzeko. Azkenik eta, Epaitegi Gorenak indarrean dagoela ebatzi duenez, eragin mugatuko hitzarmenaren aldeko bidea aukeratu du. UGTk eta CCOOk azaldu behar dute zergatik sinatzen duten orain hitzarmen bat gutxiengoan urte hauetan guztietan baztertzen bazuten. Zergatik Auzitegi Gorenak aurreko hitzarmena berretsi duenean, mobilizazioen bidez hobetzea bilatu beharrean, berehala oparitu diote patronalari beraien sinadura.

SEA-rentzat eragin mugatuko hitzarmena langileria zatitzeko zein lan baldintzak erasotzeko tresna ezinhobea da. Benetako negoziazioari ez ekiteko behar duen tresna. Eta CCOO eta UGT sindikatuek, zoritxarrez, horixe bera bermatu diote. Patronalaren morroi, patronalaren tresna bilakatu dira dagoeneko, sektoreko %33a baino ez ordezkatzen dutenean. Ez dugu bat egiten sinatu dutenarekin eta ez dugu ulertzen zergatik ez duten mobilizaziorik egin akordio hobeagoa lortzeko, baldintzak egon bazeudenean. Horren ordez, langileak zatitzea hautatu dute, ez dute hitzarmena berreskuratu, patronalari oparitu egin diote. Patronalak hasieratik amesten zuen eszenatokia eman diote: bake soziala bermatu akordio atzerakoi baten truke.

Ez da lehen aldia, sindikatu hauen eskutik gutxiengoan sinaturiko hitzarmen bat dugunik. Aurreko Arabako metaleko hitzarmena ere horrela zen. Hala ere, orain ondorioztatu dezakeguna da, badagoela bide hoentan sakontzen jarraitzeko asmo argia. Hori ondorioztatu dezakegu hainbat adierazpenetatik: oporren aurretik Tomas Arrietak negoziazio kolektiboaren blokeoaren aurrean bide bat izan daitekeela esan zuenean eta atzo bertan Unai Sordok gauza bera egin zuen.

Onartezina da hitzarmenen blokeoaren zama patronalean kokatu ordez, patronalari joku zikina egiteko prest ez gauden sindikatuotan jartzea.

Badirudi negoziazio kolektiboaren fase berri batean sartzen garela, gutxiengoan sinaturiko akordioak gehiago izan daitezkeela. Hori bai pagotxa patronalarentzat. Hazkunde ekomonikoaren diskurtsoa egiten zaigu, bai patronaletik eta baita gobernutik ere, desoreka sozialak inoiz baina gehiago handitzen diren bitartean. Noski testuinguru honetan patronalak ba “omen” du borondatea negoziatzeko eta LAB eta ELA berriro ere oztopo. Langileak zukutzea beste helbururik ez duten patronalaren aldetik logikoa izan daiteke baina benetan da penagarria CCOO – UGT, beraien burua klase sindikatu moduan dutenak, joku zikin horren parte direla ikustea, benetan da penagarria bi sindikatu hauek langileei eskaintzeko duten alternatiba bakarra patronalaren morrroi izatea besterik ez izatea.

Eta instituzioek, eragile politikoek ere esan beharko lukete zerbait. Ontzat eman behar al dute lan harreman eredu erabat antidemokratiko hau?. Larritzat jo genuen elkarrizketa sozialeko mahaia gutxiengoarekin sinatu izana eta hori negoziazio kolektibora eramatea are eta larriagoa da. Jaurlaritza – PNVk ontzat emango luke Legebiltzarrean esate baterako, gutxiengoaren erabakiak aurrera ateratzea gehiengoaren gainetik? Ba hori da negoziazio kolektiboan gertatzen ari dena, langileen kontrako eraso larria da, gehiengoen errespetua negoziazi kolektiboan oinarrizko printzipioa izan behar da. Bestela langileek hauteskunde sindikaletan emandako zilegitasuna urratzen ari dira.

Araban sinaturiko akordioaren ondorioak
Araban sinaturiko akordioak lan baldintzen prekarizazio handiagoa ekarriko du. Hauek dira, besteak beste, horren ondorioak:

– 4 urteetako soldata igoerak "desagertu" dira. Ondorioz, langileek eros-ahalmen izugarria galdu dute.
– Soldata igoera eskasak eta KPIrik gabekoak. Patronalaren aldarrikapen historiko bati men egin diote.
– Malgutasuna areagotu dute. Arabako langileek EAE-ko metaleko lanaldirik handiena izateaz gain, akordio honi esker malgutasunik handiena ere jasango dute. Neurri hau enpleguaren sorrera eta lan banaketaren aurkako bidean badoa.

LABek negoziazio kolektiboaren aldeko apustu argia egiten du eta negoziazio kolektiboak prekarietateari mugak jartzeko balio behar du. Horregatik ez dugu ontzat ematen akordio hau eta zailduko dugu eragin mugatuko akordio honen inplementazioa. Ez gara egoera salatzera mugatuko, hitzarmen honek sortuko duen prekarietatea borrokatuko dugu enpresetan.

Eragin mugatuko hitzarmenak ez du ezer konpontzen, sinatzaileek ondo dakiten bezala. Negoziaketa faltsuan ixten du, konponbideak baino arazo gehiago sortzen dituelako. Beraz, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek jakin behar dute gutxiengoan sinaturiko hitzarmenak ez direla alternatiba herri honetan. Are gehiago, arazo gehiago eta liskarrak sortuko ditu lantokietan. Espero dugu CONFEBASKek bide beretik ez jarraitzea beste herrialdeetan. Bide hori aukeratuz gero, aurrean aurkituko gaitu eta.

LABen proposamena
LABek berresten du Arabako langileentzako lan baldintza duinen aldeko apustua. Hortaz, SEAk, UGTk eta CCOOk erabaki dutenez gutxiengoan sinatutako hitzarmena eskasa gauzatzea, LABek enpresetan formulak planteatuko ditu lan baldintza horiek hobetzeko. Hain zuzen ere,

– Eros ahalmena berreskuratzen lagunduko duten eta KPIaren erreferentzia mantenduko duten, soldata igoerak proposatuko ditugu,
– Enplegua suntsituko duen malgutasunari ez!
– Lan baldintzetan atzerapausorik ez.
– Adosturikoa beteko dela bermatzea.

  

LABek Arabako Metaleko eragin mugatuko hitzarmenak jasotzen dituen lan baldintzak hobetzeko formulak planteatuko ditu enpresetan 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak

Gaurko Osasun Itunaren mahaira gobernuak jatorrizko Diagnosia dokumentuari eragile desberdinek egin dizkiogun ekarpenen inguruko “sintesi dokumentu” bat ekarri du. LABek ezin du dokumentu hori sintesi dokumentu moduan baloratu, ez baititugu beste eragileak aurkeztu dituzten ekarpenak ezagutzen, Osasun Sailak horiek mahaikideei ez banatzea erabaki duelako.

[IRITZIA]: Osasun Mentala Osakidetzan

Urriaren 10ean da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Bezperan, Ainhoa Gutierrez San Torkuatoren iritzi-artikulua dakargu hona. LABeko delegatua da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarean.

Nafarroako Gobernuaren utzikeria ikusita, greba egingo dugu urriaren 29an irakaskuntza publikoan

LABek, hezkuntza arloko gainerako sindikatuekin batera, beste greba deialdi bat erregistratu du urriaren 29rako, ikusirik Nafarroako Gobernua bere irakasleekin erakusten ari den erantzukizun falta. Horrez gainera, Gobernuarekin bilera bat egitea ere eskatu dugu.