2024-03-29
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaErabakitzeko lehenengo territorioa gure gorputza da!

Erabakitzeko lehenengo territorioa gure gorputza da!

Irailaren 28 honetan, “Abortuaren despenalizazioaren aldeko borrokarako eguna” den honetan, LABetik gure elkartasuna eta babes osoa helarazi nahi diegu munduan zehar gure gorputzetan erabakitzeko eskubideen alde borrokan dauden gure ahizpa guztioi.

Puerto Ricon, oraintxe bertan eskubide hau murriztu nahi duten neurrien kontra ari dira borrokan, non eta Puerto Ricon! 50. hamarkadan baimenik eman ez zuten emakumeen gorputzetan pilula antikontzeptiboaren entseguak egin zituzten herrialdean, min sendaezinak eraginez eta esterilizazio masiboak eginez ere…

Argentinan, gure gorputzetan erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio erraldoiak egin ostean, kongresuaren onarpena lortu bazen ere, gerora senatuak atzera bota du neurria.

Guatemalan, nahigabeko abortuak espetxe zigorrarekin ordaintzea ekarriko lukeen legea eztabaidatzen ari dira, honez gain abortatzeagatik zigorra handitzea eta sexu-aniztasunerako hezkuntza debekatu ere nahi duena.

El Salvadorren, abortatzeagatik 30 urteko espetxe zigorra ezarri da, nahigabekoa izan ala ez, emakumearen bizitza arriskuan egon ala ez, haurdunaldia jazo den inolako baldintzarik kontuan hartu gabe. Ez dago espetxeratuen artean pobrea ez den emakumerik eta, egun, hogei emakumetik gora dira arrazoi horregatik preso daudenak.

Nikaragua, Honduras, Andorra, Malta… Amerika Latinatik (Kuba bezalako salbuespen gutxirekin), Afrikan zehar, Asia zeharkatuz, Europara eta Euskal Herrira iritsi arte… zerrenda amaiezina den neurrian dira nekaezinak emakumeen borrokak. Oso urriak dira arrazoia edozein izanda abortua onartzen duten herrialdeak, eta are eskasagoak guk aldarrikatzen ditugun baldintza guzti horiek betetzen dituztenak: libre, segurua eta emakume guztiontzat eskuragarri.

Abortua zigortzeak ez du abortua saihesten, baizik eta gure bizitzak arriskuan jarri, klandestinitatean egitera behartzen gaituelako, segurtasun zein bermerik gabe.
Gure gorputzek gudu zelaia eta txanpon truke izaten jarraitzen dute. Gure haurdunaldia boluntarioki etetea debekatuz, zein antisorgailuak eskuratzeko trabak jarriz, jaiotza tasa sustatuz, seme alaba gehiago izateko asmoa burutik kenduz edota ugalkortasun tratamenduak erabiltzera animatuz… Izan bata ala bestea, botereak beti erabili izan du gure gorputzen gaineko kontrola euren politika atzerakoiak inposatzeko, botoak lortze aldera edo eliza katolikoa bezalako sektore tradizionalak erakartzeko, gure eskubideen kontrakoak diren sektore horiek, hain zuzen.

Guk argi diogu ez dela demokraziarik egongo gure gorputzen gaineko erabakiak libre hartzeko eskubidea bermatzen ez den arte. Eta eskubide horren alde borrokan ari diren emakume guztiok txalotzen ditugu.

Egun honetan Puerto Ricoko gure ahizpek “Campaña Nacional para el Aborto Libre, seguro y accesible en Puerto Rico” egitasmoan aipatzen dituzten hitzak gureak egin nahi ditugu: “Mitoek, desinformazioek eta sinesmen moral fundamentalistek diotenaren kontra arbuiatuz, baldintza egokietan eta eskuratzeko murrizketarik gabe egiten diren abortuek bizitzak salbatzen dituzte. Abortatzeko eskubidea debekatzea edo murriztea atzerapauso bat da, abortu klandestinoa sustatzea dakarrelako, emakumeon bizitzak arriskuan jartzen dituen beste hainbat praktiken artean. Gure proposamenak, beti izan den moduan, honakoak dira, ikastetxetan sexu-hezkuntza integrala sustatzea, abortua prebenitzeko sorgailuak eskuratu ahal izateko askatasuna eta abortua legala izatea, heriotzak ekiditeko. Emakumeok, beste edozeinek bezala, gure gorputzen gaineko eskubidea babesten eta defendatzen dugu, genero ekitatea dagoen edozein jendarte demokratikoan izan behar lukeen oinarrizko eskubidea baita”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.