2026-11-04
HomeEkintza SindikalaEpaitegira joko dugu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba amaierako akordioan jasotzen den soldata...

Epaitegira joko dugu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera patronalek ordain dezaten

Greba amaierako akordioan indarrean dauden neurriak eta hurrengo ikasturtean martxan jarri behar direnak dagokien epeetan ez badituzte aplikatzen, bide juridiko eta ekintza sindikala bultzatuko dugu.

Greben osteko mahai negoziatzaileak ez dira oso eraginkorrak izaten ari, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek duten jarrerengatik. Behin eta berriro edozein aitzakia baliatuta, ez dute adostatutakoa betetzen eta gainera, akordioa betetzeko epeak luzatzen saiatzen ari dira. Negoziazioetan jokabide hori ez da onargarria.

Maiatzaren bukaerako negoziazio mahaian, sindikatuekin adostasunera heldu gabe, patronalek aldebakarrez erabaki zuten adostutako lanaldi murrizketak ezartzea eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa aplikatzea ikasturte honetan. Alta, ez zuten adostu nahi izan zein balditzetan aplikatu beharko ziren aipatutako murrizketak horiek. LAB sindikatutik eskatu genuen adostutako lanaldi murrizketak egunka disfrutatzea, ikasturtea bukatzearekin edo berau hastearekin batera.

Ordainsariei dagokienez, berriz, mahai negoziatzaileetan behin eta berriz  nominak eguneratzeko data bat izatea eskatu dugu LABetik. Aldiz,  Patronalek ez dute zehaztu nominak noiz eguneratuko dituzten, Jaurlaritzaren finantzazioaren zain daudela argudiatuz. Jakitun gara gobernu berriaren osaerak baldintzatzen duela Jaurlaritzaren finantzazioa; alta, gobernu berria osatzearekin batera data finkatuta egon behar da eta otsailaren 5ean lortutako greba bukaerako akordioa bete behar da. 

Argi geratu da greba amaierako soldata igoera finantzazio publikoari guztiz lotua dagoela eta ekiparazioa langileen borrokaren ondorioz lortu zitekeen neurria zela, beste sindikatuek hori ezkutatu eta baztertu zuten arren.

Aurreko guztia esanda, otsailaren 5eko akordioa betetzeko Patronalek duten ardura ezin da alde batera utzi. Hori dela eta, epaitegira joko dugu greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera ordain dezaten eta gatazka kolektibo bat aurkeztuko du EAEko Auzitegi Nagusian.

Hurrengo mahai negoziatzailea ekainaren 19an izango da. Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk hitzarmen osoaren idatzizko proposamena aurkeztu beharko dute, artikuluz-artikulu. Bilera horretarako, espero dugu adostutako eduki guztiak jasota egotea, horren konpromisoa hartu baitzuten aurreko negoziazio batzarrean.

Hau gertatuko ez balitz, LABen gure ordezkari eta afiliatuekin egoeraren azterketa egingo dugu eta akordioa puntuz puntu betearazteko neurriak hartuko ditugu, hala nola juridikoak eta ekintza sindikalekoak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.