2025-02-08
HomeEkintza SindikalaEntzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa...

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

Apirilean, LAB sindikatutik hainbat ekintza egin ditugu patronalak eta Nafarroako Gobernua interpelatzeko eta negoziazioak desblokea ditzaten eskatzeko. Lehena hilaren 10ean izan zen, non sindikatuko kideek eta zahar etxeetako langileek errepide bat moztu baikenuen Iruñeko arteria nagusietako batean, gizarteak, oro har, langile horien egoera ikus zezan. Bigarrena hilaren 17an izan zen, eta sindikatuak Gobernuari eta patronalei egindako gonbita irudikatu genuen: langileekin mahai baten bueltan eseri, kafea hartu eta benetako negoziazio prozesua hastekoa.

Gaur, apirilak 24, LABek bertze greba egun bat deitu du Nafarroako zahar egoitza pribatuetan. Eta protesta egun horren barnean, ekintza sinboliko bat egin dugu: zezentxoen entzierro bat, Iruñeko karriken ohiko ibilbidean barna. Ekintza deigarri horren helburua zen agerian uztea sektore honek bizi duen babesgabetasuna eta gure nagusiak zaintzen dituzten langileek duten baliabide falta agerian. Beren onura bakarrik bilatzen duten enpresek kudeatzen dituzte zahar etxeak, eta hori lortzen dute langileen ahaleginari esker, eta ez dute batere begiramendurik izaten zaintzaileen eta zaindutako pertsonen ongizatearekin.

Eta Nafarroako Gobernua, antza denez, oso eroso dago kudeaketa hori enpresa pribatuen eta funts putreen eskuetan delegatzen. Gobernua ez da sektoreko langileez arduratzen, eta diru irabazi asmoa baino ez duten enpresen esku uzten ditu, eta horrek langileen lan-baldintzak are gehiago prekarizatzea dakar.

LABek ez dio mobilizatzeari utziko mahai gainea lau urte daramatzan hitzarmen hau errealitate bihurtu arte; abusuzko klausularik, kontziliazio ezinezkorik edo gehiegizko lanaldirik jasotzen ez duen hitzarmena lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gizon batek emakume* bat erail du Irunen

LABetik bat egiten du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egindako irakurketarekin eta azken honek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

LABek bat egiten du Nafarroako industriaren etorkizuna defendatzeko otsailaren 16rako deitu duten manifestazioarekin

Zortzi mila langile inguru ordezkatzen dituzten Industria arloko zazpi enpresa batzordek, beren lantegietan zein Nafarroa Garaiko ehun industrialean enplegua galtzeko dagoen arriskuaren aitzinean, otsailaren 16an Iruñean nafar industriaren geroaren alde manifestatzera deitu zuten atzo. LAB sindikatuak bat egiten du deialdi horrekin eta, bere aldetik, Nafarroako langileak deitzen ditu mobilizazio horretan masiboki parte har dezaten.

LABek adierazi du aniztasun funtzionaleko langileak langile publikoak direla eta sektorearen publifikazioa eskatu du

3.000 langile ari dira lanean Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektorean, Gorabide, Apnabi, Avifes, Gaude edo Fekoor bezalako enpresentzat. Horiek guztiek zerbitzu publikoa eskaintzen diete aniztasun funtzionala duten pertsonei. Zerbitzu horiek EAEko Gizarte Zerbitzuen Legean jasota daude, eta horien arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia da. Gaur egun, zerbitzua erakunde pribatuek kudeatzen dute, Bizkaiko Aldundiarekin egindako hitzarmenen eta diru-laguntzen bidez.